Zarauzko Triatloi Elkartea: "Eskerrik asko Bittor!"

Erabiltzailearen aurpegia

Zarauzko Triatloi Elkartearen gutuna.

Santo Tomas egunez joan zitzaigun Bittor Uyarra. Zarauzko Triatloi Elkartearentzat pertsonarik inportanteena izan dena bere sorreratik: Triatleten aita, elkartekideon laguna eta Zarauzko Triatloi Elkatearen babeslea izan dena 20 urte baino gehiagotan.
Herriko eragile garrantzitsua genuen Bittor eta Zarauzko Triatloi Elkarteari babesa eman behar ziola garbi zuen. Herriko jendea triatloi munduan babestu nahian, CODEAM enpresari esker, diru-laguntzekin lagundu izan zion elkarteari. Gaur egun, bere semeen gidaritzapean, babesletza honek jarraipena izaten jarraitzen du. Diru-laguntzez aparte, Elkarteko ekimen ugaritan parte-hartze zuen Bittor-ek, babesle izatetik haratago joanez eta izugarrizko gertutasuna erakutsiz. Hala nola, Zarauzko Triatloi Elkarteak urtero egiten duen kontzentrazio asteburua Ezkaraien, bere beste herrietako batean, kokatu zuen, taldearekin parte hartzen zuen Codeam-eko furgoneta eramaten, goizeko gosaria eta hamaiketakoa prestatzen ...
 
GABONETAKO IRTEERA
 
Abenduak 23an Zarauzko Triatloi Elkartekoak eta familiaren lagunek irteera berezia burutu zuten. Familiari omenaldi gisa, Zarauztik abiatu eta Bittor-en emaztearen jaioterrirano (Azpeitiako Etxebeltz baserria) joan ziren. Bertan ziren familiarren esker ona jaso, argazkia atera eta Zarautz-era itzuliz. Behin, Zarautzen taldekide gehiago bildu ziren, eta berriz ere Munoan atera zuten argazkia.
 
ZARAUZKO TRIATLOIA
 
Ekainean burutuko den 33. Zarauzko Triatloian omenaldi txiki bat egingo zaio Bittor-i: 1 zenbakia duen dortsalik ez da  izango lasterketan, Bittorrena izango baita txapeldunaren zenbakia eta aurreneko zarauztarraren sariak ‘Bittor Uyarra saria’ izena izatea erabaki du Zarauzko Triatloi Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak .
 
EMAN DIGUZUN GUZTIA EZIN IZANGO DUGULAKO SEKULA ITZULI. ESKERRIK ASKO GUZTIARENGATIK BITTOR!!!
 
Igeritik atera eta zure besoak begi aurrean,
 
bizikletan pasa eta zure oihuak airean,
 
eta korrika zigordia kaletik pasatzean zure aupada bizkarrean.