Emakumeek herriko kaleak hartuko dituzte martxoaren 8an

Urola Kostako Hitza 2016ko mar. 4a, 12:22

Martxoaren 8aren, Emakumeen Nazioarteko Egunaren, bueltan hainbat ekitaldi antolatu dituzte eragileek zein udalek herriz herri. Azken aste eta egunotan deialdien berri emateko hainbat aurkezpen ere egin dituzte zenbait herritan: Azpeitia, Zarautz eta Zumaia kasu.

«Aldarrikapenerako eta festarako» eguna da martxoaren 8a, Gloria Vazquez Zarauzko Parekidetasun zinegotziaren arabera. Gizartean oraindik ere diskriminazioa eta indarkeria matxista gertatzen direla nabarmendu du, eta horri aurre egiteko berdintasun politiketan aurrerapausoak ematea «beharrezkoa» dela.

Zarautzen kaleak ere girotuko dituzte astearterako, banderatxo moreak jarriko dituzte, herriko ikasleek apainduak, marrazkiekin zein leloekin. Horrez gain, udaletxean ere jarriko dute bandera handi bat, eta herritarrei ere eskainiko dizkiete, etxeetako balkoietan zintzilikatzeko. Ehun bandera jarriko dituzte Etxezabalan eskuragarri, bihartik aurrera.

Giza kateak bi herritan

Horrekin batera, ekitaldi berezi bat ere izango da martxoaren 8an, Zarauzko Udalak, Berritzeguneak eta herriko ikastetxeek antolatuta. Ikastetxe guztietako ikasleak —La Salle, Lizardi, Orokieta, Salbatore Mitxelena, Aiala, Oteitza, Antoniano eta Monte Albertia— batuko dituen giza kate erraldoia egingo dute 4.000 ikasle inguruk, udaletxe atariraino. Bertan, ikastetxe bakoitzeko bina ikaslek manifestua irakurriko dute. 12:00etan izango da hori. Herritarrei ekintza horrekin bat egiteko eskatu die Vazquezek.

Arratsaldean, berriz, argazki more erraldoia aterako dute Zarauzko Merkatu Plazan. Soinean zerbait morea eramateko eskatu dute, aldarrikatzeko herria morez jantzi nahi dela.

Ildo horretan, Zarautz ez da giza katea egingo duen herri bakarra, Zumaian Maria eta Jose Ikastetxeko eta Herri Eskolako ikasleak kalera aterako dira eta emakumeei beren babesa eta elkartasuna adierazteko giza kate erraldoia osatuko dute.

Horrez gain, egitarau zabala prestatu du Zumaiako Udalak  Zumaia, indarkeria matxistarik gabeko herria lelo hartuta, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Gaur zortzi esaterako, Gaueko Martxa egingo dute; trikitilariek girotuta, indarkeriarik gabeko herria aldarrikatuz. Oier Korta Zumaiako alkateak esan du, «emakumeek beldurrik gabe bizitzeko eskubidea dute, eta denon ardura da hori lortu eta eraso matxistak ekiditeko pausoak ematea».

12an, indarrak saretuz

Astearteko ekitaldiez gain,Zarautzen hilaren 12an, potentzialitate feminista guztiak batzeko emakumeen bazkaria egingo dute Zinema pilotalekuan. Bazkarirako txartelak Eguzki, Lakari eta Garoan daude martxoaren 8ra arte eskuragarri, 15 euroan.

Aurrez, ordea, kalejira herritarra egingo dute Zarauzko udaletxe ataritik hasita. «Helburua kalea aldarrikapenez betetzea da. Horretarako, kaleei, estatuei… izendapen berria jarriko diegu. Gizonezkoen izenen ordez emakumezkoenak jarriz», jakinarazi du Edurne Epelde Sare Feministako kideak. «Ekintza sinbolikoa» izango da, emakumeek historian zehar egin duten ekarpena islatu eta aitortzeko.

Getarian ere eremu publikoei herriko emakumeen izena emateko ekitaldi parte-hartzaile bat antolatu du udalak, eta asteartean 18:30etik kalejira egingo dute, herritarrek proposatutako emakume izenak kaleetan ipiniz.

Duitasuna Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen elkartekoek salatu dute milaka emakume bizi direla «prekarietate egoera gogorrean». Askok 500 eta 600 euro arteko pentsioak dituztela.

Zestoako Txoko Feminista «beharrari erantzunez»

Zestoako Txoko Feminista irailean hasi zen lanean. Euskal Herriko hainbat txokotan udan izandako eraso sexistak tarteko, biltzen hasi zen Zestoan emakume talde bat. «Zestoako festak ere gertu genituen, eta kezka horretatik abiatuta, protokolo bat sortu genuen», azaldu du Itxaso Zubiria taldeko kideak. Festen ostean ikusi zuten, ordea, herrian bazela talde feminista bat abian jartzeko «beharra». Hori dela-eta, lanean jarraitzen dute, eta astero biltzen dira zortzi emakume inguru.

Azaroan 25eko egitaraua ere Txoko feministak prestatu zuen, baita joan den hilean Gaztetxean egin zuten jaialdia ere. Hurrengo geltokia dute martxoaren 8a: ekitaldia egingo dute iluntzean, eta zenbait emakumek hartuko dute hitza bertan. Ondoren, afaria egingo dute, emakume desberdinak elkar ezagutu dezaten: «Garrantzitsua iruditzen zaigu denok elkartzea eta iritziak zein esperientziak partekatzea». Horrenbestez, dei egin diete herriko emakume guztiei Jubilatuetan egingo duten afarian parte har dezaten.

Behin martxoaren 8a pasatuta, «herriari eta formakuntza feministari begira» hasiko dira lanean. Data jakinei eta egitarauei lotuta egon beharrean, beste dinamika bati ekingo diote.

Egitaraua

AIZARNAZABAL

Martxoak 8, asteartea. Elkarretaratzea egingo dute udaletxearen aurrean, 20:00etan hasita. Aizarnazabalgo Udalak deitu du.

AZKOITIA

Martxoak 4, ostirala. Gazteei zuzendutako sentsibilizazio ekintza Adierazpen guneak, Elkargunean. Udaleko Gazteria zerbitzuak antolatuta.

Martxoak 5, larunbata. 16:00etan, gazteei zuzendutako bideo emanaldia, Topalekuan. Udaleko Gazteria zerbitzuak antolatu

du.

Martxoak 7, astelehena.

- 18:30. Zine foruma, Requisitos para ser una persona normal filma, Elkargunean.

- 19:00. Azkoitiko Udalbatza bilduko da Europar Udalen adierazpen instituzionala onartzeko.

Martxoak 8, asteartea.

- 19:00. Guk balaikeu! lelo hartuta elkarretaratzea egingo dute, herriko plazan. Sostenipe talde feministak deitu du.

- 19:30. Poteo feminista herrian zehar. Sostenipe talde feministak deituta.

- Ondoren, afari-luntxa egingo dute Zakelan. 8 euro da afaria, eta aurrez izena eman behar da Zakelan bertan edo Etxe Aitz tabernan. Sostenipe talde feministak antolatuta.

AZPEITIA

Martxoak 8, asteartea.

- 18:00- 19:30. Kafe tertulia Emakume anitz, errealitate anitz lelo hartuta egingo dute, Sanagustin kulturgunean. Lau oinarriren edo gairen gainean eztabaidatuko dute: indarkeria matxista, prekarietatea eta pobrezia, zaintza eta parte-hartzea. Kafea eta tea izango da solasaldian parte hartu nahi duten guztientzako. Herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatu dute: Baigera erretiratuen elkartea, Duintasuna, El Amal, Elkar-ekin, Ernai eta Gaztetxea. Azpeitiko Udalak lagunduta.

- 19:30. Elkarretaratzea, herriko plazan. Herriko hainbat eragilek deituta.

Martxoak 12, larunbata.

- 10:30- 13:30. Erotismoa eta tratu onak tailerra egingo dute Emakumeen Txokoan. Tailerra doan da, baina bertan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, Emakumeen Txokoan edo Udaleko Parekidetasun Sailean.

ERREZIL

Martxoak 5, larunbata.

- 16:30. Kafe tertulia, Borondegin. Hiru belaunaldi 11 kontu lelo hartuta egingo dute solasaldia.

- 18:00. Triki poteoa eta ondoren Uxue Alberdiren ‘Konplize ditut eta...’ abestuko dute.

- 20:00. ABildutako emakumeek argazkia aterako dute.

- 20:30. Afaria, Letea jatetxean. Aurrez izena eman behar da jatetxean bertan, 943- 812887 telefono zenbakian.

GETARIA

Martxoak 8, asteartea. Getariako gune publikoei emakume getariarren izena emateko ekitaldi parte-hartzailea egingo dute. 18:30ean, plazan elkartu eta kalejiran herritarrek proposatutako izenak kaleetan zehar zintzilikatuko dituzte. Ondoren, plazan, elkarretaratzea egingo dute.

orio

Martxoak 7, astelehena. Herriko saregileekin tertulia egingo dute, Kultur Etxean, 19:00etan. Orioko Xaltxerek antolatu dute solasaldia.

Martxoak 8, asteartea.

- 19:00. Kontzentrazioa egingo dute herriko plazan, Orioko Xaltxerek deituta.

- 20:00. Balea Elkartean emakumeen afaria, Xaltxerek antolatuta.

Martxoak 10, osteguna. 19:00etan, Kultur Etxean, zine foruma. Angeles de hierro filma emango dute. Xaltxerek antolatuta.

Martxoak 11, ostirala. 19:00etan, pintxo-pote feminista bertsolari eta trikitilariekin, Kolon Txikitik hasita. Xaltxerek antolatuta.

ZARAUTZ

Martxoak 4, ostirala.

- 19:30. Emakumearena erakusketaren inaugurazioa, Ispilu Arte galerian.

- 22:30. Sorgin gaua, Putzuzulo gaztetxean.

Martxoak 8, asteartea.

- 12:00. Giza katea herriko ikastetxeetako ikasleekin herrian zehar.

- 18:30. Emakumeen argazki herritarra, Merkatu Plazan.

- 19:30. Codigo Atenea antzerkia, Modelo aretoan. Sarrera 3 euro da.

Martxoak 9, asteazkena. Irakurketa txokoa, Miriam Mendozak dinamizatuta, 17:30en, Sanz Enean.

Martxoak 10, osteguna. Martxoaren 8ko mahai ingurua, 21:00etan, Atalka irratsaioan.

Martxoak 12, larunbata.

- 12:00. Kalejira batukadarekin udaletxetik abiatuta kaleetan emakumeen izenak jartzeko.

- 14:30. Emakumeen bazkaria Zinema pilotalekuan. Txartelak: Eguzki, Lakari eta Garoan eskuratu daitezke, 15 euroan.

- 17:00. La Pulga taldearen kontzertua, Zinema pilotalekuan.

Martxoak 20, igandea. Antonia’s line filmaren emanaldia Paradixu Zinemaren eskutik, 19:00etan, Putzuzulo gaztetxean.

ZESTOA

Martxoak 8, asteartea.

- 19:30. Ekitaldia, herriko plazan, Zestoako Txoko Feministak antolatuta.

- 20:30. Zestoako emakumeen afaria, Jubilatuetan. Afarirako txartelak salgai daude Koiote tabernan, igandera bitartean. Ikasle eta langabetuek 8 euro ordaindu beharko dute eta langileek 12 euro. Zestoako Txoko Feministak antolatuta.

ZUMAIA

Martxoak 1-10. Erakusketak: Pintzelkada askeak, Itziar Plaza eta Nire munduko emakumeak, Irene Irureta.

Gaur, martxoak 4. 22:00etan, Aita Mari aretoan, Eskutitzak antzezlana.

Martxoak 8, asteartea.

-12:00. Zumaiako ikastetxeetako ikasleek giza katea egingo dute.

-19:00. Konzentrazioa, Alondegiaren aurrean.

Martxoak 10, osteguna. 22:00etan, Aita Marin, zine forum saioa, Grandma filma.

Martxoak 11, ostirala.

- 19:00. Gaueko martxa, indarkeria matxistarik gabeko herria aldarrikatzeko. Alondegiaren parean hasi eta bukatuko da. Herriko trikitilariek girotuko dute eta bukaeran ekitaldi berezia egingo da.

- 22:00. Malmö antzerkia, Aita Marin.

Martxoak 15, asteartea. 18:30ean, Alondegian. Badakizu zein den emakume zumaiarren egoera kirol arloan? hitzaldi-solasaldia. Hizlaria, Maider Alberdi Zumaiako emakumeen egoera ezagutzeko diagnostikoaren egilea.