"Herriko ezker alternatibo, ekologiko eta feministaren indarrak batzeko garaia" da Zarauzko Ezker Anitza alderdiaren eta Equo erakundearen ustez. "Siglak gainditzeko eta ekimen ireki baten alde egiteko garaia". Hori dela eta, Irabazi Zarautz ekimen soziopolitikoa martxan jartzeko asmoa dute, maiatzeko udal hauteskundeei begira. Ostiralean aurkeztuko dute hori, 19:00etan kiroldegiko areto nagusian.
Herritarren eskubide sozial eta lan eskubideen aurkako erasoei erantzuteko sortu nahi dute Irabazi Zarautz. Izan ere, Ezker Anitzaren eta Equoren arabera, egoerak gizartearen "erantzun bateratua eta bizkorra" eskatzen du, "maila guztietan", "gizartean eta istituzioetan aldaketa sakona eragiteko".
Estatuko beste toki batzuetan dagoeneko martxan jarri dute ekimena, eta Zarautzera zabaldu behar dela nabarmendu dute. Honakoak dira Irabazi Zarautzen oinarriak: demokrazia, gardentasuna, parte hartzea, feminismoa eta aniztasuna. "Demokratikoki" funtzionatuko duela diote, "gardentasunez", eta irekia izango dela. Hauteskunde programa modu parte-hartzailean eta adostasunean oinarrituta prestatu nahi dute, eta hori izango da ekimeneko lehenbiziko lana. Hori dela eta, ostiraleko hitzordura gerturatzeko eskatu diete herritarrei.