Zarauzko Udal Gobernuak eta Foruen kaleko bizilagunek konpromisoa hartu dute aurrera begira ere gune horretako bizi kalitatea elkarlanean hobetzen jarraitzeko. Auzotarrek pasa den urtean kaleratu zuten gune horretan hainbat arazo zutela, eta hori salatzeko pankartak zintzilikatu zituzten leihoetatik. Besteak beste, etengabeko zarataz, zamalanetarako guneen erabilera okerraz eta kale horretan sortzen zen zikinkeriaz kexu ziren. Hainbat neurri hartu zuten arazo horiek konpontze aldera, eta horiei jarraipena ematera konprometitu zen Udal Gobernuan.
Astelehenean bildu ziren berriz ere udal ordezkariak eta Foruen kaleko bizilagunak. Bi aldeak "gustura" agertu ziren eta egindako lanaren balorazio "positiboa" egin zuten. Era berean, hobetzeko hainbat puntu daudela esan zuten bi aldeek. Hori dela eta, aurrerantzean ere elkarlanerako konpromisoa hartu dute horiek konpontzen joateko, besteak beste, zamalanekin lotura duten arazoak eta zaborrarekin lotuta dauden arazoak.