Ostegunean bilduko da Zarauzko EAJ herritarrekin, Kortazarri buruzko ekarpenak jasotzeko

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 27a, 12:43

Kortazarri buruz ariko dira Zarauzko EAJ eta herritarrak ostegunean. Amaia Ventas

Zarauzko EAJ ostegunean bilduko da herritarrekin. Oraingoan Kortazarren izango da hitzordua, 17:00etatik 20:00etara. Entzuteko prest prozesuaren barruan antolatu dute hori. Horren bidez Xabier Txurruka alkategaia zarauztarren ideiak eta iradokizunak jasotzen ari da. Etzi Iñurritza eta Mitxelenako bizilagunena jasoko du. Besteak beste, Kortazarreko partzelaren etorkizunari buruz hitz egingo dute, horren erabilera adoste aldera. Erabilera horrek honako baldintzak bete beharko lituzkeela nabarmendu du Txurrukak: “Epaitegien sententziak eta bizilagunen borondatea eta erabakia errespetatuz, zarauztarron ongizatean eta bizi-kalitatean eragina izango duen erabilgarritasun publiko bat edukitzea”.

“Dinamika honen atzean dagoen asmoa ez da gure programa aurkeztea", zehaztu du: "Baizik eta jendeari inporta zaizkion gaiei buruzko iritzia modu pertsonalean jasotzea. Eta hau da, zalantzarik gabe, gai horietako bat. Zarautzen etorkizuna, etorkizun horren benetako protagonistekin elkarlanean marraztu nahi dugu, alegia, herritarrekin eta elkarteekin”.

Gogorarazi du bertaratzeko aukerarik ez dutenek zarautzprest@gmail.com helbidera bidali ditzaketela gai horri zein beste edozeini buruzko ekarpenak.