HITZA-k webgune eta egunkari berritua estreinatu ditu

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 27a, 14:41

 

Diseinu berriarekin esnatu da gaur UROLA KOSTAKO HITZA egunkaria. 11. urteurrenaren atarian, irakurleengana modu freskoagoan eta erakargarriagoan iristea da aldaketaren helburua, informazioa emateak bezainbeste garrantzia baitu emateko moduak. Gaur egungo tendentziei jarraituz, zurruntasunak alde batera utzi eta joko gehiago ematen duen diseinuaren aldeko apustua egin du eskualdeko komunikabideak. Logoa ere gaztetuta ageriko da hemendik aurrera.

Aldaketa handiena, ordea, egunkariaren atal digitalak izan du. Gaurtik aurrera itxuraz ez ezik atalei dagokionez ere berrituta dator urolakosta.hitza eus ataria. Komunikabide honek .eus domeinuarekin bat egin zuen hasieratik, eta hemendik aurrera hala agertuko da munduaren aurrean.

Atal berriak

Edukiari dagokionez, Interneteko irakurleei ahalik produktu osatuena eskaintzen saiatu da HITZA, eta hala, betiko atalez gain, Multimedia eta Agenda bezalako atal interesgarriak ditu atari berrituak. HITZAk lantzen dituen bideoez gain, ikus-entzunezkoen atalean eskualdeko hainbat lan interesgarri ere aurki daiteke: dokumentalak, musika taldeen bideoklipak eta film laburrak, besteak beste.

Agenda atalean, berriz, irakurleak bere herriko eta inguruetako ekitaldien berri izango du klik batean. Iritzia atala ere berria izango da: astero paperean beren sinadura uzten duten Bostekoa-ko lagunek euren txokoa izango dute webgune berrituan, eta egunkarian argitaratzen diren gutunak ere irakurri ahalko dira. Harpidedunen Txokoan beren fideltasuna eskertuko zaie egunkariko harpidedunei hainbat zozketaren bidez, eta bitxikerien atal bat ere izango du hemendik aurrera urolakosta.hitza.eus atariak: Hara! Gainera, azken urteetan bezala, sare sozialetan egoten jarraituko du egunero-egunero euskarazko eskualdeko komunikabideak.