Foruen kaleko auzotarren bizi kalitatea hobetzen jarraituko dute

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 29a, 00:00

Udal Gobernuak eta Foruen kaleko bizilagunek konpromisoa hartu dute aurrera begira ere bertako bizi kalitatea elkarlanean hobetzen jarraitzeko. Auzotarrek pasa den urtean kaleratu zuten gune horretan hainbat arazo zutela, eta hori salatzeko pankartak zintzilikatu zituzten. Horren aurrean, hainbat neurri hartu zuen Udal Gobernuak eta horiei jarraipena emango dio.

Astelehenean bildu ziren berriz ere, eta bi aldeak egindako lanaren balorazio «positiboa» egin zuten. Hobetzeko hainbat puntu daudela zehaztu zuten, besteak beste, zamalanekin zein zaborrarekin lotuta dauden arazoak.

Izeta plazako ur emaria

Azken Portu Goiko bizilagunekin ere bildu da Udal Gobernua. Bizilagun batzuk antolatu dira bertako arazoak eta beharrak bideratzeko, eta udal ordezkariak haiekin harremanetan egon dira «lehenbiziko momentutik».

Hainbat proposamen jaso dute haien partetik, besteak beste, Izeta plazako lau komunitatek iturriko uraren emariarekin eta presioarekin arazoak dituztela. Gai hori eta gehiago lantzeko auzotarrekin biltzen jarraituko dute udal ordezkariek.