Itxasmendin panel akustikoak jartzeko eskatu du PSE-EEk

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 29a, 00:00

Legegintzaldi hasieran eskatu zuen PSE-EEk A-8 autobideak eragiten duen kutsadura akustikoaren kontrako neurriak hartzeko. Batez ere, Itxasmendi eta Azken Portu Goia babesteko galdegin zuen, mozio bidez Zarauzko Udalean zein Batzar Nagusietan. «Aldundiak egindako azterketa batean oinarrituta egin genuen eskaera». Horrek Itxasmendi parean panelak jartzea gomendatzen zuen eta Azken Portu Goian ez zirela eraginkorrak izango zehaztu. «Ulertezina da aldundiak egindakoa: Azken Portu Goian jarri ditu panelak eta Itxasmendin ez du ezer egin», salatu du PSE-EEk. «Hobeto legoke Azken Portu Goian panel horiek jartzen gastatu den dirua Itxasmendin erabili izana. Izan ere, etxebizitzez gain, hiru eskola ere badaude bertan. Gainera,panel akustikoen eraginkortasuna bermatuta egongo litzake gune horretan».

Azken Portu Goiko arazoa konpontzeko autobidea estali edo gisa horretako neurriren bat hartu beharko litzakeela dio azterketak, sozialisten arabera.

«Neurri horiek hartzeak kostu handia duela? Eta non daude saihesbiderako gorde ziren 28 milioi euro horiek?», galdetu dute alderdi sozialistako ordezkariek : «Alkateak esan zuen diru kopuru hori Zarautzerako baliatuko zutela». Hori dela eta, esan dute Udal Gobernuak «hobe lukeela» horren zati bat auzo horietan kutsadura akustikoa murrizteko baliatu balu.