Euskaraz haritik harira ere

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 29a, 00:00

Erabilgarri dago Zarauzko KZ gunean Mintzanet proiektua bat. Horren helburua euskara praktikatzeko aukera eskaintzea da, edonon eta noiznahi, eta erabat doan

Bi ezezagun, Inaxio Uria zarauztarra eta Maialen Mariscal errenteriarra. Bata euskaldun zaharra eta bestea, berria. Biak euskaraz ari dira hitz egiten, Mintzalagun programan bezala. Baina kasu honetan, bidelagunak zein bidelariak aurikularrak dituzte soinean, eta besteak bozgoragailuak konektatuta. Biek mikrofonoa dute piztuta. Ordenagailuko pantailari begira daude biak, pantailari hitz egiten.

Hori da Mintzanet proiektua. Hori eta gehiago. Maramara taldeak garatu du proiektua, eta horren helburua erabiltzaileari euskaraz hitz egiteko aukera ematea da, edonon eta noiznahi dagoela, eta erabat doan. Aurrez aurre euskara hobetzen, praktikatzen zein freskatzen jarraitzeko aukera ez dutenei—izan kanpoan bizi direlako, izan inguruan ez duelako horretako aukerarik— bidea eta baliabideak ematea.

Eta baita internet ez dutenei ere. Izan ere, etxetik ez ezik, KZ guneez baliatu ahalko dute parte-hartzaileek Mintzanet erabiltzeko. Dagoeneko martxan dago programa Zarauzko KZ gunean, eta izena ematen dutenek «etxean baleude bezala» euskaraz praktikatu ahalko dute. Horretarako erraztasunak eta laguntza emango dizkiete, gainera, herriko KZ gunean, Berex Ortiz gune horretako koordinatzaileak esan duenez.

Maramarako arduradun Ritxi Lizartzak jakinarazi du horrek nola funtzionatzen duen. Proiektuaren webgunean (http://www.mintzanet.net) sartu behar du erabiltzaileak, eta bertan izen-abizenak, adina, helbide elektronikoa, Skype-ko erabiltzailea, zaletasunak eta gainontzeko datu pertsonalak eman. Baina, garrantzitsuena dena, ordutegia zehaztu beharko du, hitzorduak finkatu eta mintzakideak euren artean antolatzeko. «Bidelaguna eta bidelariak nahi duten bezala antolatuko dira, nahi dutenean eta nahi duten maiztasunarekin hitz egingo dute», azaldu du Lizartzak.

Hasieran euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenari eta hari laguntzeko prest dagoenari elkarrizketa errazteko materiala emango diete. Ordu erdiko saioak izango dira hasieran. Gerora, konfiantza irabazten doazen heinean, luzatuko dituzte elkarrizketa. Beti ere, bidelarien eta bidelagunen nahien arabera.

Zarauzko Udalak lagundu du proiektua. Gari Berasaluze Euskara zinegotziak esan du «orain arte bezala, euskarari haria luzatzen jarraituko» duela erakundeak, batez ere euskararen normalizazioa bultzatu eta «are puntu gehiago» batzen dituen proiektua bezalakoak lagunduko dituela. Mintzanetek biltzen dituen alfabetatze digitala eta «diruan oinarritzen ez» diren baloreak aipatu ditu zentzu horretan.