Sorlekutik ekimenerako proposamenak aurkeztu daitezke

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 29a, 00:00

«Zarautz herri oparoa da musikaren sormenean, behin eta berriro aurkezten dituzte zarauztarrek lan berriak, eta hedabideek horien berri ematen dute». Horren jakitun, Zarauzko Udaleko Kultura sailak herriko musika sortzaileei euren lan berriak Zarautzen bertan aurkezteko aukera emango die berriz ere Sorlekutik ekimenaren barruan.

Aurrekoetan bezala, asteazken iluntzetan solasaldia izango da eta bertan musikari zein taldeak diskoari buruz jardungo du aurkezle batekin. Aurten, berrikuntza gisa, kontzertua ere eskainiko dute, ostiraletan edo larunbatetan. Modelon izango dira emanaldiak.

Aurten zortzi musikari edo talderen lanen aurkezpena egiteko asmoa du udalak. 2015ean zehar lanak kaleratuko dituztenek euren proposamena kultura@zarautz.org helbidera bidal ditzakete dagoeneko. Urtarrilaren 30era arte izango dute horretarako aukera. Jasotzen diren proposamenen artean zortzi aukeratuko ditu udalak, eta lanak kaleratzen doazen heinean egingo dituzte aurkezpen eta kontzertuak. Ez badira zortziak betetzen bigarren deialdi bat egingo dute ekainean. Udalak ordainduko ditu aurkezpeneko eta kontzertuko gastuak, hala nola, argi eta soinu ekipoa, aurkezlea, etabar. Era berean, ekitaldien iragarkien kostua hartuko du bere gain.