Irudietan: Urola Kostan Korrika 19

Urola Kostako Hitza 2015ko mar. 23a, 21:59

Martxoaren 22an igaro zen Korrika 19 Urola Kosta eskualdetik. Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azpeitia, Azkoitia eta Errezildik pasatu zen. Parte hartze handia izan zuen, talderik talde, eragilez eragile eta norbanakotik norbanakora ibili zen lekukoa. Herriz herriko irudiak bilduz Korrika 19ren ARGAZKI GALERIA bat osatu du Urola Kostako HITZAk. Argazkiak erosteko aukera ere badago.  Horretarako nahikoa da argazkiaren zenbakia bidaltzea uh@hitza.eus korreo elektronikora.

Miren Odriozola. 1. Korrikatik huts egin gabeko ondarrutarra Orion Korrika

Miren Odriozola Korrikarako prest, igandean, Orion (Onintza Lete Arrieta/Hitza).

Igandean 14:40ak baino lehen petoa soinean eta Korrikaren zain bere tokian zen Miren Odriozola, euskararen alde lasterka egiteko prest. Ondarrutarra da, han bizi da, baina Orion egin zuen korrika. «Alaba hona ezkonduta daukat, eta horregatik», azaldu zuen. «Alabari eta bilobari, biei ekarri diet peto bana». Baina atzo ere bazen egitekoa korrika: bere jaioterrian. Ondarrun «sekulako giroa» egoten dela esan zuen, jaioterriaz harro. «Ondarru pil-pil dago, bete-bete, Korrikarako».

Berak beti egin izan du bat Korrikarekin. Inoiz ez du huts egin, HITZAri azaldu zionez: «Aurreneko Korrikan parte hartu nuen, eta gainerako guztietan ere bai». Batzuk besteak baino bereziagoak izango ziren, eta berak baditu horietako batzuk gogoan. Aurreneko aldian, esaterako, semea alboan zuela egin zuen: «Lehendabiziko Korrika antolatu zutenean, hiru urteko seme bat neukan, eta neurekin eraman nuen. Elkarrekin egin genuen korrika; ni baino gutxiago nekatu zen bera. Orduan bizpahiru kilometro egin nituen».

Ordutik metro gutxiago egiten ditu, «1.000 metro edo gutxi gorabehera», baina azpimarratu du ez duela urte bat bera ere huts egin.

Gogoan badu beste urte bateko eguna ere. Gurpildun aulkian suertatu zen orduko hartan, istripu bat izan zuelako, baina ez zen etxean gelditu. Halaxe hartu zuen parte Korrikan. «Emakumeen Batzordean nenbilen, eta geure lekukoa eraman genuen. Nire lagunak han egon ziren, eta haien laguntzarekin, halaxe hartu genuen lekukoa».

Rocio Korta azpeitiarra, aurreneko aldiz Korrikan. «Urtebetetzeko opari bat izan da niretzat»

Rocio Korta azpeitiarra Korrikan igandean (Nerea Uranga/Hitza)

834. kilometroa egin zuten Azpeitian San Martin Egoitzakoek, eta hiru egoiliarrek hartu zuten lekukoa Artzubiako biribilgunetik zezen-plazara bitartean: Rocio Kortak, Matea Alistek eta Begoña Arruabarrenak. Kortak, gainera, 74 urte bete zituen igandean bertan: «Oso gustura nago lekukoa hartuko dudalako, nire urtebetzeko opari bat da hau», esan zuen ilusioz, Artzubian Korrika noiz iritsiko zain zegoen bitartean. «Egun polita da gaurkoa, senitartekoekin egon naiz lehen eta orain Korrikan irtengo dut. Eguna modu ederrean bukatuko dut», nabarmendu zuen. Gainera, aurreneko aldiz hartu du parte Korrikan: «Aurretik inoiz ez dut irten, baina orain ilusioz beteta nago».

20:30ak inguruan iritsi zen Azkoititik bueltan Korrika, eta San Martin Egoitzakoek Lagun Onak futbol taldekoen eskutik jaso zuten lekukoa. Kortak hartu eta lekukoa goian eta besoak altxatuta egin zuen euren kilometroaren zatia. Segidan, Alistek hartu zuen, eta haren atzetik Arruabarrenak. Denek gustura egin zuten euren zatia. Gainera, egoitza aurretik pasatzean beste egoiliar batzuk eta langileak zain zituzten pankarta eta guzti.