Jolasa berebizikoa delako

Urola Kostako Hitza 2015ko ots. 19a, 00:00

Amarauna jaialdia ospatuko dute larunbatean Zarautzen, Gaztelekuan eta Gaztetxean. Helburua da aisialdi taldeak saretzea, jolasa eta euskara oinarri hartuta

«Inoiz ez da ulertzen aisialdia eta jolasa hezkuntzaren parte bezala. Jolasa askotan denbora galtzetzat jotzen da. Gizarte honen arabera garrantzitsuak diren gauzak amaitutakoan daukazu jolasteko tartea. Orduan dago jolasa ongi ikusita, ez beste momentuetan». Amarauna sarearentzat, ordea, jolasak «berebiziko garrantzia» du gizakion garapenean. Eta horregatik, Amaraunaren helburua da hezkuntza ez formalaren erdigunean jartzea jolasa. Hain zuzen, horregatik jarri diote Jolasaz hezi kalea bizi leloa larunbateko jaialdiari. «Uste dugu jolasa kalera aterata herriak irabazi egingo duela, kalea bizitzen dela», nabarmendu du Amarauna sareko kide Irati Seikok.

Egun osoa iraungo du jaialdi horrek, eta bi gune izango ditu. Goizetik arratsaldera Gaztelekuan bilduko dira jarduera guztiak: Irrien Lagunak, herri bazkaria, erromeria eta beste hainbat. 19:00etan kalejiran Gaztelekutik Gaztetxera joango dira parte-hartzaileak. Eta, 21:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira bertan Uluka, Lau Katu, Bidelapurrak eta Atxurreren eskutik. Adin guztietako herritarrei dago zuzenduta festa. «Jolasa umeen zerbait dela ulertzen dugu, eta horregatik, guk erdigunean jarri nahi dugu. Gauza bera egin dugu Amarauna jaialdiarekin. Adin guztietako jendea nahi dugu bildu: gurasoak, haurrak, gazteak... Horregatik finkatu ditugu bi gune, bata Gaztelekuan eta bestea Putzuzulon».

Norabide berean lanean

Amaraunak antolatzen duen lehenbiziko jaialdia da larunbatekoa. Bizkaian sortu zen sarea duela bost bat urte. Urtxintxa eskolan du oinarria, aisialdiko begiraleak hezteko eskolan. «Urtxintxa konturatu zen jende asko pasatzen zela eskolatik, baina gero formazio hori ez zela praktikan jartzen», azaldu du Seijok: «Gehienak enpresa pribatuetara-eta joaten zirela ikusi zen. Orduan erabaki zuen aisialdi elkarteak saretzea, bertako ordezkariak harremanetan zuzenean jartzeko».

Hain zuzen, Amarauna da Euskal Herrian aisialdian eta hezkuntza ez formalean balio askatzaileen hezkuntza sustatzeko lan egiten duen bilgunea, euskal kultura eta euskara oinarri hartuta. Aisialdi taldeak batzen diren sarea da, harremanak sustatzeko, baliabideak partekatzeko eta, oro har, taldeek elkar laguntzeko eta gauzak errazteko bilgunea da.

Duela hiru bat urte bere bidea hartu zuen Amaraunak; independizatu egin zen. Egun 18 bat taldek osatzen dute sarea. Eta tartean dago Txipristin. Duela lau urtetik da Zarauzko aisialdi talde hori Amaraunaren parte. Bertako ordezkari Ander Iruretagoienak azaldu du hainbat erraztasun eman diela horrek, formakuntza aldetik, baliabideei dagokienez eta baita esperientziak partekatzeko ere. Etziko jaialdia gainontzeko aisialdi taldeak ezagutzeko baliagarria izango da Txipristinekoentzat, eta harremanak sendotzeko, dagoeneko ezagutzen dituztenekin. Finean, guztiek «norabide berean lan egiteko».

Berez, zazpi lurraldetako taldeak batzea da helburua; egun, batez ere Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako taldeak daude sartuta. Iparraldean talde bakarra dute, Udaleku deitzen dena, eta oraingoz Nafarroa dute saretzeko. Larunbateko jaialdiak talde gehiago erakartzeko ere balioko duela esan dute.

>