Euskaraz bizitzeko oztopoei aurre egitera deitu dute, etzi, Donostian

Urola Kostako Hitza 2015ko ots. 26a, 10:27

Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelo hartuta, etzi manifestazio nazionalera deitu du Kontseiluak, Donostiara. Gipuzkoa Plazatik hasiko da, 17:30ean. Azken hilabeteetan hizkuntza politikaren esparruan Espainiako eta Frantziako gobernuetako ordezkariek eta Nafarroako Gobernuak egindako esku hartzeak gaitzesteko antolatu dute. Uemak (Udalerri Euskadunen Mankomunitatea), Azpeitiko Natul euskara taldeak eta Zarauzko EHEk deialdiarekin bat egin dute, herritarrak manifestaziora deituz. Azpeitiko udal gobernuak ere bat egin du manifestazioarekin. Zarauzko Udalak ere Kontseiluaren deialdiarekin bat egitea erabaki zuen atzoko udalbatzarrean.

«Gaur-gaurkoz, euskaldunok ez daukagu aitortuta guk nahi dugun hizkuntza politika egiteko daukagun eskubidea. Hori ukatu egiten zaigu. Erabaki hauekin, ikusten ari gara euskarari balioa kendu nahi diotela, beti frantsesaren edo gaztelaniaren ondoan agertzera behartuz», esan du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Miren Segurola Uemako koordinatzailea (Eneritz Albizu Lizaso/Hitza)

Uemako kide diren udal batzuetako ordezkariekin (tartean Zarauzkoa) egin zuen mobilizaziorako deia Kontseiluak. Uemako kideak dira eskualdean: Aizarnazabal, Azpeitia, Beizama, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako udalak. Eta, euskaraz jarduteagatik horiek denek jaso dituzte Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariarengandik errekerimenduak eta helegiteak. «Udalen jarraipena egiteko udaletako aktak eskatzen hasi zen Urkijo. Udal askotan aktak euskara hutsean egiten dira, eta orduan lehen errekerimenduak iristen hasi ziren udaletara, aktak ele biz eskatuz. Gero, udalen kontratazio irizpideengatik eta ordenantzagatik helegiteak ere jarri ditu», azaldu du Miren Segurola Uemako koordinatzaile azkoitiarrak. Baina, helegiteak jaso arren, udaletako arduradunek esan dute hartutako erabakiak defendatuko dituztela.

«Uemako udalerriak oso herri euskaldunak dira, eta udalak hizkuntza politika aurrerakoiak egiten ari dira, euskararen normalizazioan aitzindariak direlako. Orain dela hiru urte hasi zen Urkijo udalek aktak ele bitan egiteko errekerimenduak egiten, baina azken hilabeteetan erasoa areagotzen ari da helegiteak jarriz. Hori hizkuntzaren beraren ofizialtasuna zalantzan jartzea da. Oso larria da, eta udalentzat kostu handia da», dio Segurolak. Euskarari egiten zaion eraso horri aurre egiteko etziko manifestaziora deitu ditu herritarrak: «Gure bidea egiten uzteko aldarrikatzeko. Gure hizkuntzaren ofizialtasuna zalantzan jartzen ari diren neurrian, herritar guztioi dagokigu  aurre egitea».

Jon Gurrutxaga Azpeitiko Natul euskara taldeko kidea (Eneritz Albizu Lizaso/Hitza).

«Uzten ez digunari kontra»

Azpeitiko Natul euskara taldekoek ere bat egin dute Kontseiluaren mobilizazioarekin. «Behin Lazkao Txikiri galdetu omen zioten: Hi, Joxe Miel, nik duda bat diat hiri galdetzeko. Guk zer egin dezakegu euskararen alde?. Eta hark erantzun omen zuen: Guk zer egingo diagu ba, hitz egin!. Natul taldekook horri erantsi nahi diogu, hitz egiteaz gain, kontra egin behar diogula euskaraz mintzatzen uzten ez digun horri», dio Jon Gurrutxaga taldekideak. «Urkijok nahi izan du Azpeitiko Udalak bere kontratazioetan euskara kontuan ez hartzea, hau da, langileak hartzean ez eskatzea euskaraz jakitea. Horrek esan nahi du, herritarrak behartuta egongo garela udalaren menpe dauden administrazioetan gaztelaniaz hitz egitera». Horregatik, «euskaraz bizi nahi duen herri bat badagoela erakusteko», mobilizaziora deitu dute.

Azpeitiko Udal Gobernukoak manifestaziorako deia egiten.

Azpeitiko Udal Gobernuak ere bat egin du manifestazioarekin:

"Azpeitian euskara erabiltzen dugu egunerokoan, gure herriko eta herritarren hizkuntza dugu. Eremu guztietan ibiltzen da euskara, eta gure esku dago eremu gehiagotan erabiltzea. Udalean ere euskaraz egiten dugu, eguneroko gure lan-tresna dugu gure hizkuntza.

Udalean udalbatzak euskaraz egiten ditugu, bilerak, batzordeak, eztabaidak, lan bilerak… denak euskaraz, eta aktak ere euskaraz egiten ditugu.

Guretzat euskara ez da borroka-tresna bat, ez dugu euskara exijitzen eta hipokriten gisa gure artean espainolez aritzen. Guretzat euskara benetako hizkuntza bizia eta erabilgarria da, lehen mailakoa. Horregatik, guretzat euskara elkarbizitzarako elementu integratzaile eta ezinbestekoa da, gure gizartea kohesionatu eta batzen duen elementua. Azpeitiko anbulatorioan, adibidez, euskara egitea eskatzen dugunean Azpeitiko elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko eskatzen ari gara.

Herritarrei errespetua zor diegu eta espainolez, inglesez, frantsezez, errumaniarrez, txinoz edo arabiarrez eskaerak egiten badizkigute beraien hizkuntza eskubideak errespetatzen ditugu udalean. Gure hizkuntza errespetatzea eskatzen dugun maila berdinean.

Udalak ez du eskumen propiorik euskararen inguruan. Eta hori arazo sakona da. Euskara babesteko legedia zaharkitua dago gure erkidegoan, 1982. urteko Euskararen Legea eta gutxienekoak ez dira betetzen, adibidez bertako erakunde guztiok ofiziala den hizkuntza ezagutzea. Euskarak derrigorrez behar du hizkuntza politika sakona eta tinkoa ez baitugu nahiko indar; hizkuntza hegemonikoak ez dute beharrik atzean Estatuak dituztelako.

Gainera, ironikoki, sistematikoki urratzen duten Euskararen Legean oinarriturik batzuek espainolez aritzera behartu nahi gaituzte. Gure idatziak espainolez ere derrigorrez egon behar omen dute (horrela ez dute euskara ezagutu beharrik).

Gobernuaren ordezkari ezagunak udal euskaldunen kontrako beste eraso baten aurrean gaude (Azpeitiko kasuan zerrenda amaiezina da: bandera, ordenantzak, erabakiak …), eta Azpeitiko Udala ere epai bidean izango da gutxira.

Euskara gehiago babestu behar dugu, eta hori egitea, neurri handian, Eusko Legebiltzarrari dagokio. Euskararen aldeko apustua egiten dugunok euskara benetan ofizial egingo duen Euskararen Lege berritua behar dugu.

Horregatik,

1.- Azpeitiko Udal Gobernuak bat egiten dugu Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean Kontseiluak deituta otsailaren 28an, arratsaldeko 17:30ean Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko den manifestazioarekin.

2.- Azpeitiko Udal Gobernuak herritarrak euskararen aldeko manifestazioan parte hartzera deitzea nahi ditu".

Zarauzko Udalak ere manifestaziora deitu du

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria udalen jardunean egiten ari den esku hartzearen kontrako mozioa onartu zuen Zarauzko udalbatzak atzoko udalbatzarrean, gehiengoz —PSE-EEk eta PPk kontra bozkatu zuten—. EH Bilduk aurkeztu zuen mozio hori, argudiatuz  egoera «larria» dela eta esku hartze horrek «euskararen ofizialtasuna bera zalantzan jartzen» duela. Aktak euskaraz bidaltzea eta kontratazioetako, diru laguntzetarako zein udalak euskalduntzeko adostutako hizkuntza irizpideak «susmopean» jarri dituela, eta gainera, bi udal Ueman sartzearen kontra ere egin duela Carlos Urkijok.

Horrek guztiak udalen eguneroko jarduna eta udalek euskara sustatzeko egiten duten lana baldintzatzen du: «Administrazio publikoak hainbat zerbitzu gaztelania hutsean eskaintzen dituen bitartean, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko prestatuta gauden udalak dira susmopean jarri nahi izan dituztenak».

Teorian euskara zein gaztelania, biak Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza ofizialak direla gogoratu zuen EH Bilduk mozio horren bidez, baina praktikan helegite horiek erakusten dutela «euskarak ez duela balio ofizialik, erdara erabili ezean».

Mozioa onartuta, udalak berretsi du konpromisoa euskara sustatzen jarraitzeko eta euskararen bidea beste eragile eta instituzioekin elkarlanean garatzeko. Halaber, euskararen arnasguneak indartzeko politika eraginkorrak abian jartzeko asmoa duela gaineratu zuen, «hizkuntza politika Euskara Sailetik harago eraman eta politika orokorraren erdigunean kokatzen saiatuz».

Eskatu zuen bertan behera uzteko Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren figura eta lana, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zion babesteko euskara sustatzeko ahaleginean ari diren udalerri euskaldunetako udalak. Herritarrei, berriz, galdegin zien euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatzeko joan daitezela larunbateko manifestaziora.