Igandean egingo dute XXXI. Zarautz-Zarautz Reale Klasikoa

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko mai. 13a, 00:00

Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatu du bizikleta martxa ez lehiakorra. 08:00etan abiatuko dute martxa Aritzbatalde kiroldegi aurretik, eta 148 kilometroko bidea osatuko dute.

XXXI. Zarautz-Zarautz Reale Klasikoa egingo dute igandean. Azken urteetako ibilbide bera egingo dute parte-hartzaileek: Zarauztik Zumaiara joango dira, itsasertzeko errepidetik; handik Azpeitira helduko dira, Zestoa pasata, eta Urrakira (682 metro) igoko dira; gero Larraitzerako (412 metro) bidea hartuko dute, ondoren, Beasain aldera jotzeko. Gero, Mandubidako gailurra (582 metro) menderatu ostean, Urolara itzuliko dira; horren ondoren, Etumeta (537 metro) igo eta Aizarnazabaldik Getariara iritsiko dira, Zarautzen bukatzeko.

Guztira, 148 kilometroko ibilbidea egingo dute 400 txirrindulariek.

Proba ez dela lehiakorra nabarmendu du behin eta berriz Zarauzko Zikloturisten Elkarteko kide Jose Ramon Lizasok: «Bizikletaren lagunak elkartzea da helburua». Gehienez, 400 pertsonek hartu ahalko dute parte; izan ere, elkarteko ordezkariek «argi» dute kalitatezko proba izango dela. «Ibilbidea errepidetik egin ahal izatea, segurtasuna bermatzea, anoa guneak atontzea, bukaeran dutxa beroa jaso ahal izatea… Hori guztia eskaini ahal izateko beharrezkoa da parte hartzea mugatzea. Guk ez dugu hazi nahi, kalitatea bermatu baizik». Errepidea ez dute itxiko, ez baita proba lehiakorra; hala ere, Ertzaintza joango da tropelaren aurretik bidea irekitzen, eta elkarteko kideak atzetik, zaintzen. Guztira, 55 bat boluntario ariko dira lanean egun horretan.

Erakusketa Euskaldunan

Zarauzko Zikloturista Elkartearen helburua txirrindulari bakoitza «bere neurrian» bizikletan ibiltzea da, taldean, guztiak elkarrekin. Ekimen ugari antolatzen dituzte urtean zehar; ekainetik uztaila erdialdera, esaterako, giza argazkien erakusketa jarriko dute ikusgai Euskalduna tabernan. Interesa dutenek www.zarauzkozikloturis tak.com webgunean jar daitezke harremanetan elkartearekin.