Ana de Benito: «Irabazi Zarautzek ezustekoa eman dezake»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko mai. 14a, 08:00

Ezker Anitza, Equo, Ahal Dugu eta independenteak elkartu zarete eta Irabazi Zarautz sortu. Nolatan?

Zarautz jendearentzat irabazi nahi dugu, eta horretarako hautagaitza bateratua sortu dugu: Irabazi Zarautz. Aldaketa olatuaren aurrean, zarauztarrok ezin dugu geldirik geratu, EAJ-EA bi alderdiko sistemaz gain, beste aukeraren bat izatea merezi dugulako. Oinarri batzuk adostu ditugu, eta horiek izango dira Irabazi Zarautzen funtzionatzeko arauak: zuzeneko demokrazia; gardentasuna; aniztasunari errespetua eta ordainsariak eta agintaldiak mugatzea. Eta hori guztia kode etiko batean jaso dugu.

Zergatik aurkeztu zara alkategai?

Ez da bilatutako zerbait izan. Irabazi Zarautzen deialdia ikusi nuen, eta pentsatu nuen aukera ona zela gauzak aldatzeko. Gero proposatu egin zidaten, eta baiez esan nuen. Hautagaitza honekin ikusi nuen posible zela programa baten inguruan jende desberdina bildu eta gauzak aldatzea, eta animatu egin nintzen. Uste dut gure hautagaitzaren mezu garrantzitsuena ondokoa  dela: egoera gustatzen ez bazaigu, guztion artean lan egin behar dugu hori aldatzeko. Guztion erantzukizuna izan behar du.

Egoera irauli eta udal politikan eragiteko asmoa daukazue. Zer aldatuko zenukete?

Lehen pausoa da gure programan jasotako proposamenak gauzatzen hastea. Nola? Lehenbizi, herritarrei entzunez, gero entzuten jarraituz eta azkenik, adostasunak bilatuz. Akordioak bilatzeko hitz egiten utzi behar da. Horregatik, oso garrantzitsua da guretzat politikan gardentasuna eta partaidetza bermatzeko ordenantza bat onartzea.

Zeintzuk dira, zuen ustez, zarauztarren premia nagusiak? Eta zeintzuk horiei erantzuten saiatzeko proposamenak?

Zarautzen arazo nagusia,  beste herri batzuetan bezala, langabezia da: 1.336 pertsona daude langabezian. Zarautzek industria gehiago behar du, merkataritza berpiztea, eta turistak ez uxatzea, eta hau guztia, ingurumena  errespetatuz. Enpleguaren Tokiko Plana idaztea proposatzen dugu, modu parte-hartzailean, eta Enplegu zinegotzia izendatzea, hor jasotzen dena bultzatzeko. Gure ustez, ekonomia soziala eta enplegu berdeak sustatu behar dira. Neurri zehatz bezala, Torreoia birgaitzeko eskola tailer edo antzekoa eta argindarra kontsumo udal-kooperatiba bat sortzea proposatzen dugu.

Etxebizitza da zuentzat zarauztarren beste beharra.

Zarautzen etxebizitzen prezioa altuegia da, salmentarako nahiz alokairurako, eta gazteek herritik kanpo joan behar izaten dute. Alokairua sustatu behar da, alokairu sozialeko etxebizitzak eraikiz eta etxebizitza hutsak alokairuan jarriz. Premiazkoa da hori, ezin dugu sei urte itxaron Salberdin garatu arte. Bestalde, etxe hutsen errekarguarekin urtero biltzen den dirua etxebizitza politiketarako erabili behar dela uste dugu, eta ez gastu arruntetarako, orain arte egin den moduan.

Irabazteko aukerarik ikusten al duzue?

Irabazi Zarautzek ezustekoa eman dezakeela uste dugu. Udal gobernu honekin ilusioa galdu duen jendearen botoak jasotzea espero dugu, benetako ezkerreko politikak sustazeko. Gutxienez, jendeak hausnarketa egitea lortzen badugu, gure lanak saria izango du. Irabazi behar dugun lehenenbiziko gauza jendearen kontzientzia da.

Hala ez bada, aurreikusi al duzue aukerarik norbaitekin akordioetara heltzeko?

Gure programa oso garrantzitsua da, eta ikusi beharko genuke nor dagoen neurri horiek kontuan izatera konprometitzeko prest: besteak beste, enplegu berdeak sustatzeari eta ekonomia sozialari lehentasuna emateko; Astiko kantina enpresa pribatu bati 30 urterako uztea bertan behera lagatzeko; autobidearen hirugarren erraia eraikitzeari ezetz esateko; TAO zerbitzua publiko egiteko; eta  Ehuntzen bezalako publizitate instituzionalean dirutza ez gastatzeko.

Oso kritikoak gara Bildurekin eta bereziki bere alkategaiarekin. Bere programaren eta ezkerreko politiken aurkako neurriak hartu ditu, PPrekin adostuta. Bestalde, EAJren proposamenak ez dira gure gustukoak, makroproiektuetara bueltatu nahi du, errauste planta eraiki... Oso zaila ikusten dugu akordioak lortzea EArekin eta EAJrekin