Eskola kirolaren inguruko webgunea eta aplikazioa sortu dituzte Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko mai. 14a, 12:41

Duela bi urte sortu zuten EKAP Eskola Kirolaren Aldeko Plataforma, besteak beste, eskola kirola sustatzeko; haurren garapen motor, sozial eta kognitiboa indartzeko; lehiaz harago,  heziketarako tresna gisa baliatzeko; guztien parte hartzea bermatzeko eta euskaraz bizi, jolastu eta jokatzeko helburuarekin. Ordutik ibilbide oparoa izan du plataforma horrek. Begiraleen formazioa hobetzea jarri zuten lehentasun gisa EKAPeko ordezkariek. Udalak emandako diru-laguntzaren bidez, Arazi enpresarekin eta Debolex ekoiztetxearekin mugikorreko aplikazio (Eskola Kirola APP) eta webgune bana sortu dute, entrenatzaileek kirol ezberdinetako tutorialak eskuragarri izan ditzaten, "modu erabilgarrian".

Horiek 150 ariketa inguru biltzen dituzte hiru kirolen inguruan: saskibaloia, eskubaloia eta futbola. Ariketa bakoitza bideo—Debolexek eginak_, fitxa tekniko zein ilustrazioekin lagundu dituzte. Aplikazioak, gainera, unean edozein ariketa kontsultatzeko aukera eskainiko du. Android market-en zein Apple store-ren bidez deskargatu daiteke. Dagoeneko 1.311 pertsonek bisitatu dute webgunea eta 90 lagunek jaitsi dute aplikazioa. 2014ko abendutik daude biak abian.

Batzarra, hilaren 26an

Aplikazioa eta webgunea martxan jartzeaz gain, eskola kiroleko protagonistekin—haur, guraso eta begiraleekin— sentsibilizazio eta formazio lana egin du EKAPek aurtengo ikasturtean. Hain zuzen, Orokieta, Antoniano, Salbatore Mitxelena eta Orioko Herri Ikastolarekin elkarlanean.

Horrekin batera, 12-16 urte bitarteko gazteentzat federaziotik kanpo kirol eskaintza "hutsala" dela ikusita, eta jakinda oraindik ere eskola kirolean aritzeko adina dutela, EKAP Altxa elkartearekin elkarlanean aritu da gazte horien beharrak asetzeko. Hori dela eta, jarduera fisikorako aukera eskaini diete.

Aurrerantzean eskola kirolaren alde lanean jardungo du EKAPek, "pausu txikiekin lorpen handiak egin daitezkeelako". Hori dela eta, batzarra egingo dute datorren asteartean, hilaren 26an. Irekia izango da eta haiekin batera "arraun egin" nahi dutenei parte hartzera animatu dituzte, ekarpenak eta proposamenak jasotze aldera. 19:00etan izango da, kiroldegiko aretoan.