Xabier Txurruka, Zarauzko EAJko alkategaia: «Gertuko alkatea izan nahi dut eta irtenbideak herritarrekin landu»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko mai. 15a, 11:42

Zer dela eta, aurkeztu zara EAJko alkategai gisa?

Pentsatzen dut ona dela ideia berriak sartzea udalean, eta gogotsu nator. Uste dut unea dela inplikatzeko. eta horregatik eman dut nik pausoa: nire herriarekiko eta nire inguruko jendearekiko konpromisoz. Pentsatzen dut badudala zer eskainia herritarrei, badauzkadala ideia berriak eta gogotsu nator. Ez dut inorrekin borrokatu nahi; ez dut nahi liskarrik ezta ika mikarik ere. Ni nator lanera.

Hala egiten dut nire bizitza profesionalean ere; arkitektu urbanista naiz eta pentsatzen dut horrek baduela alkate batek egin behar duenarekin zerikusia: bezeroen beharrak entzun, erantzun eta ekintzak egi bilakatzen dituzte, hain zuzen.

Proiektu serio eta eraginkorra eraman nahi duzu aurrera. Nola?

Gure alderdia alderdi serioa da, urte pila bat daramatza herriaren alde lan egiten. Programa eraginkorra landu dugu, Zarauzko benetako beharrei erantzuteko modukoa. Nire ustez, zarauztarrek azken urteotan politikariei eskatzen diete gertutasuna, erantzun arinak eta azkarrak, gardentasuna… Azken urteotan, hori ez da horrela izan.

Nik gertuko alkatea izan nahi dut, jendea entzuteko, haien arazoak ulertzeko eta erantzun azkarrak emateko konpromisoa hartzen duen alkate bat. Nire ustez, herri mailako politikari batek gehiago inplikatu behar du eta esandakoak betetzen saiatu.

'Zarautz kolorez bete' leloa jarri diozue kanpainari. Zergatik?

Kolorea ikusteko argitasuna behar da, iluntasunean ez dago kolorerik, iluntasunean beltza da nagusi. Gure ustez, batzuk herri ikusten dute zuri ala beltz; nirekin zaude ala nirekin ez bazaude, nire kontra zaude. Guk ez dugu hala ikusten Zarautz. Guk Zarautz irekia eta anitza ikusten dugu, eta aniztasun horren isla izan behar du Zarauzko udal agintarien jarrerak. Horregatik aukeratu dugu lelo hori. Guztiei erantzuten saiatu behar delako, jarrera irekiarekin, eta ez batzuri soilik lehentasuna emanez.

Hain zuzen, programa ere kolorez bete dugu, Zarautzen irudi batekin, eta margoak banatuko ditugu kanpainan zehar ere, hori koloreztatzeko.

200dik gora proposamen jaso dituzue programan. Horien artean, zeintzuk dira premia nagusiak?

Zalantzarik gabe, bi dira erronka nagusiak. Batetik, ekonomia sustatu eta langabeziari aurre egin behar diogu. Eta bestetik, gizarte babeserako neurriak indartu. Gure ustez, ezinbestekoa da enpresa sarearen, jarduera ekonomikoaren, merkataritzaren eta kalitatezko turismoaren aldeko apustua egitea, baina justizia soziala ere bermatu behar dugu, jende asko dagoelako gaizki pasatzen.

Zentzu horretan, apustu sendoa egin beharra dago giza baliabideak denontzat irits daitezen, inor ez dadin bazterrean gelditu. Zarauztar orok udalaren babesa izan behar du, gizarte justuago eta kohesionatuago batean bizi ahal izateko.

Horretarako, zein da zuen proposamena?

Batetik, udal elkartearen protagonismoa areagotu  nahi dugu. Horrek izan behar du garapen agentzi moduko bat, eta alor publiko-pribatu elkarlana sustatzeko. Eta enpresa eta udalaren arteko bitartekaritza zerbitzua sortu.  Zarautzera aukera berriak ekartzeko, ekintzaileei babesa eta informazio guztia emateko.

Eta bestetik, justizia soziala bermatzeko, behar-beharrezkoa da gaur egun gizarte babeserako sailak ematen dituen laguntzak hobeto kudeatzea, erantzun azkarragoa emateko.

Zeintzuk dira beste lehentasunak?

Inbertsioak areagotzea, batetik, mugikortasunari begira, eta bestetik, kirol eta kultru ekipamenduei dagokionez. Mugikortasunari lotuta, proposatzen dugu Itxasmendiko sarreran biribilgune bat egitea, eta baita zubi bat ere, Araba kaleari jarraipena emateko. Hala, Araba kaleko zatia kendu egingo genuke eta Iñurritza erreka, gune horretan, biziberritu, aldameneko hormak puskatuz eta hango pendizak naturalizatzeko. Horrekin lortuko genuke haurreskolako lorategia errekaraino heltzea.

Horrez gain, parroki pareko bidegurutzean beste biribilgune bat proiektatu nahi dugu. Uste dugu horrek lehentasuna duela, agintaldi honetan eraiki den biribilguneak baino gehiago. Gune hori trafikoz betetzen da eta horregatik, gutxienez, proiektua egin nahi dugu. Pentsatzen dugulako proiektuak aurrez landu behar direla, ondo aztertuta; ezin dugulako inprobisatu eta korrika eta presaka proiektua egin.. Eta finantzazioa lortuz gero, egin. Baina bi horien artean, lehentasuna du Itxasmendikoak.

Halaber, oso garrantzitsutzat jotzen dugu datorren agintaldian behin betiko Santa Klaran trenbidearen azpiko pasagunea egitea. Egungo pasabideak ezin du gehiago hala jarraitu, gertakari oso tristeak eman direlako bertan. Eta era berean, trenbidearen iparraldeko eta hegoaldeko herritarren komunikazio hobetzeko irtenbidea behar duela uste dugu. Aztertuta daukagu gaia, egin dugu geure aurre proiektua eta erakutsi diegu bertako bizilagunei Entzuteko Prest dinamikaren bidez. Harrera ona izan du.

Eta kirol azpiegituren inguruan?

Kirolaren arloan, nahi dugu Lizardi eta kiroldegiaren arteko pista estali. Horrela eskatu digutelako herriko kirol elkarteek; izan ere, jende asko eta asko dago entrenatzen halamoduz.  Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol arduradunarekin bildu ginen, eta esan zigun laguntzeko prest egongo litzakeela. Orain Hezkuntzarekin hitz egin beharko dugu, Lizardi institutuko pista delako, baina ez dut uste arazorik egongo denik.

Eta, horrez gain, Astin plangintza serio  bat proposatzen dugu etorkizunera begira. Ezin baitizkiogu petatxuak jarri, agintaldi honetan ikusi den bezala. Horregatik, bada garaia plangintza serio bat egiteko, kirol elkarteekin eta eragileekin elkartu eta Astiko beharrak zeintzuk diren behingoz finkatzeko. Batzuk futbol zelai berriak eskatu dizkigute, beste batzuk betidaniko ametsa den atletismo pista... Zentzu horretan, lehenbiziko urratsak eman behar dira, lurrak erosi eta urtetako inbertsio plan batekin aurrera eramateko.

Kultura arloan, zein da zuen proposamena?

Modelo aretoa uste dut erosi zuela Zarauzko Udalak; ez dakit egin dituzten ordainketak. Saldu behintzat, saldu dute erosi dutela. Beraz, hor daukagu. Eta oso ondo dago, berrituz gero. Gu Modelo berritzearen alde gaude, baina zalantzak ditugu horrek Zarauzko behar guztiak. Izan ere, 200 eserlekuko areto bat al da Zarautzek behar duena? Ildo horretatik, aztertu behar da Modelo zein egoeretan dagoen, zenbat kostako lukeen hori berritzeak eta zer eskaini nahi den hor. Formatu txikiko ekitaldiak eskaintzeko ongi dago, baina formatu handikoak eskaintzeko txiki geratzen da. Zarautzek beste azpiegitura handiago bat behar duen mahai gainean jarri beharko da.

Bestalde, nik nahiko nuke jakin zein den aurrez planteatzen zen ekipamentu berri baten kostua aulkiko eta  Modelo erosi eta berritzeak duen kosta aulkiko aldea.

Eta Aldapeta, Errotaberri eta Salberdini dagokionez?

Proiektu garrantzitsu horiei ere bultzada eman nahi diegu, ez direlako mugitu azken lau urteotan. Lotsagarria da lau urte pasa eta gero, Aldapeta oraindik egoera horretan egotea. Zarauztarrek agindutakoa betetzea nahi dute, ekintzak, alegia, eta agintzen bada zozketa urtarrilean edo otsailean egingo zela agindu bada, egitea. Lau urtetan etxeak eginda egon behar zuten.

Errotaberrirekin, beste hainbeste. Esan zuten arazoak zeudela urbanizazioarekin, URA agentziarekin… arazoak zeudela. Gu 2014ko martxoan elkartu ginen jaurlaritzarekin, eta galdetu genien zein arazo zegoen gai horrekin, eta konponbide moduko bat bideratu genuen. Azterketa hori uste dut egin zela, eta urbanizazio proiektuak onartuta daudela. Baina aurrerapausoak ez dira eman.

Kezkatzen nau EH Bilduko hautagaiek, ezker abertzalekoek, porlanarekiko duten alergia hori. Aldapetako etxeak zerekin egin nahi dituzte? Eta Errotaberriko industriagunea? Salberdin zerekin nahi dute eraiki? Beste lau urte pasatuko al ditugu Salberdingo proiektuarekin horrela, EH Bilduk irabaziz gero? Urbanizazio jarduketa programaren aldaketa bat onartu du, baina jendeak ez daki horren barruan, lehenbiziko etxeak hemendik sei urtera egitea aurreikusten denik. Guk uste dugu Zarauzko gazteek erantzun azkarragoak eta serioagoak behar dituztela, eta gu konprometitu gara, hauteskundeak irabaziz gero, plan bat martxan jartzera etxebizitzak lehenbailehen eraikitzeko datorren agintaldian.

Nahikoak izango ez direnez, horrez gain, babestutako 100 etxetik gora jarriko ditugu martxan, batzuk alokairuan eta besteak salmentan. Konprometitzen gara proiektu hori hasi eta bukatzera, etxeak zozkatu eta ematera, lau urteko epean.

Era berean, uste dugu alokairua sustatu behar dela. Erabiltzen ez diren etxeak merkatura ateratzearen alde gaude. Baina ez gatoz bat moduekin. Etxe hutsen gaineko errekargua %150ekoa izatea dirua jasotzeko neurri oso azkarra da. Baina, Udal Gobernuak zertan erabiltzen du diru hori? Alokairua sustatzeko, etxejabeei hobariak emateko zein etxe berriak egiteko baliatuko balu, ulertuko nuke. Baina, Udal Gobernuak ez du euro bat bakarra ere jarri Zarautz Lurren azken urtean, erakunde publiko horretatik ez da etxebizitza bat bera ere alokatu. Hitzak bai, baina hitz horiek jarraitzen dituzten helburuak ez dituzte betetzen.

Zein da hondakinen inguruko zuen planteamendua?

Urtetako zabortegia itxi da, bai, baina zenbat inbertitu da azken lau urteotan hori ixteko? Zabortegia ixtea gauza bat da, baina kudeatu egin behar da itxiera hori. Lixibiatuak tratatzeko azpiegiturak egin behar dira, esaterako. Zabortegia berme guztiekin eta era egokionean gunea berreskuratzen joateko. Luze joango da eta inbertsio handiak egin beharko dira, eta horrek eragina izango du udal aurrekontuetan.

Bilketa sistemari dagokionez, Hondakinen Mahaian planteatu genuen gure proposamena; EH Bilduk ez zuen proposamenik aurkeztu. Mahai horretan ondorio batzuk atera genituen, eta ia urtebete pasatu da eta ez da ezer egin.

Guk atez atekorik ez dugu nahi, ez Zarautzen ez inon. Horren aurrean, planteatzen dugu bosgarren edukiontzia txiparekin. Erabiltzaileak hezitu egin behar dira, erabilera egokia egin dezaten. Guk ere nahi dugu, Hondakinen Mahaian erabaki bezala, %70eko biziklapen tasara heldu. Eta horretarako, herritarrak hezitzea eta edukiontzien bidezko sistema da geure apustua.

Nolako taldea aurkeztu duzue?

Honakoak dira gure taldearen ezagurri nagusiak: seriotasuna, gertutasuna, herriaren ezagutza handia eta lanerako gaitasuna. Alderdikideek eta gurekin hainbat ideia partekatzen dituzten independenteek osatzen dugu. Zerrendakideek askotariko ofizioak dituzte. Talde erdia baino gehiago berritu dugu; gazte ugari sartu dugu zerrendan pentsatzen dugulako ideia berriak  dituztela eta lanerako gogotsu daudela. Oso garrantzitsua da fresko sartzea; ideiak, gogoa, indarra, gauzak egiteko txispa…izatea. Urteekin galdu egiten da hori.

Ni  lau urtetan lan egitera nator, ez dut harago ikusten, eta ez dut asmorik ere harago begiratzeko ere. Nik ez dut esperientziarik, baina jarraipena egin diot udal politikari. Kanpotik gatozenok badugu beste ikuspegi bat. Harremanak ere zerotik hasten ditugu, eta hori positiboa da.Hala ere, eskarmentudun jende asko dago, politikatik kanpo bere balioa erakutsi duena eta orain konprometitzea erabaki dutenak proiektu hau aurrera ateratzeko.

Guk nahi dugu eskaini kudeaketa serio bat, zintzotasunez zein gertutasunez, eta inprobizazioaren aurrean planifikazioa egin. Hainbat gaien inguruan ikusi izan dugun inposaketaren aurrean, herritarrekin batera irtenbideak bilatzeko. Ezetzaren aurrean jarrera eraikitzailea izateko, proposamenak eginez. Eta utzikeriaren aurrean detaile txikiei garrantzia emateko.

Zer aurreikuspen duzu hauteskunde gauerako?

Askok esan didate beste modu bateko udala nahi dutela,  beste modu bateko kudeaketa nahi dutela… Horregatik, oso lehiatuta egongo dela usted dut. Zarauztarrek, nagusiki, bi ereduen artean aukeratu beharko dute: bat ezker abertzalearena, azken urtetakoa, eta bestea, EAJk eskaintzen dioguna. Guk herritarrekin eta herritarrentzat landutako programa zabaldu dugu, talde sendoa aurkeztu dugu, eta horrekin, uste dut oso lehiatuta egongo dela.

https://youtu.be/NEO2wofUy7U