Patxi Santamariak antzerki ikastaroak eta udalekuak eskainiko ditu udan, Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko mai. 18a, 09:04

Patxi Santamaria antzezle zarauztarrak eta bere taldeak antzerkiari lotutako bi ekimen eskainiko ditu udan, Zarautzen. Batetik, uztailean, goizez udalekuak izango dira horien gidaritzapean, haurrei zuzenduta. Helburua haurrak antzerkia ezagutu eta lantzea da. Horretarako, egunero antzerkitxoak landuko dituzte, pertsonaiak sortu eta landuz. Hori guztia, gorputza, ahotsa eta mugimendua jorratzeko ariketekin osatuta.

Antonianon LH 5. eta 6. mailakoekin zein DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailako ikasleekin bilduko dira, eta Orokietan LH 3., 4., 5. eta 6. mailakoekin. Lau txandatan izango dira udalekuak Antonianon: ekainaren 19tik uztailaren 3ra; uztailaren 6tik uztailaren 10era; uztailaren 13tik uztailaren 17etara eta uztailaren 20tik uztailaren 24ra. Astelehenetik ostiralera izango dira saioak, 10:00etatik 13:00etara, hain zuzen.

Orokietan, berriz, bi txanda egingo dituzte: LH 5. eta 6. mailakoak ekainaren 29tik uztailaren 10era elkartuko dira, eta LH 3. eta 4. mailakoak uztailaren 13tik 24ra. Saio horiek ere astelehenetik ostiralera izango dira, 10:00etatik 13:00etara.

Arratsaldez, berriz,  antzerki ikastaroa eskainiko diete Santamaria eta Bederen-1 taldekoek, 14 urtetik gorakoei. Saioak Sortaldean izango dira antzerkia modu ludikoan lantzeko. Arratsaldez bilduko dira, 17:00etatik 19:00etara, uztailaren 6tik abuztuaren 5era.