Irabazi Zarautzek alokairu soziala bultzatzea "premiazkoa" dela uste du

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko mai. 15a, 15:20

Irabazi Zarautzen ustez udalerrian "beste lekutan baino askoz altuagoak" dira etxebizitzen prezioak, erosteko zein  alokatzeko. "Zarautzen etxe baten gutxiengo errenta  700 euro ingurukoa da", nabarmendu du Ana de Benito zerrendaburuak: "Kopuru hori  gutxi gorabehera gazte askoren soldata da, beraz, gazteek ezin dute etxebizitza bat eskuratu Zarautzen, eta alde egin behar dute". Horren ondorioz, herria eraldatzen ari dela diote. "Dirua daukan jendea etorri daiteke hona bizitzera, baina bertoko gazte askok eta askok kanpora joan behar izaten dute etxebizitza baten bila. Orio, Getaria, Aizarnazabal... zarauztarrez beteta daude".

Horregatik, Irabazi Zarautzekoen ustez etxebizitza eskubideak lehentasuna izan behar du udalarentzat, "baina zoritxarrez ez da horrela izan azken lau urteotan". Haien arabera, Aldapetako etxeak azken urtean hasi dira kudeatzen; aurreko hiru urtetan "ez da ezer egin" eta "azken momentuan" partzela publiko hori enpresa eraikitzaile bati saltzea erabaki du EH Bilduk, PPren laguntzaz. "Eta gainera azterketa ekonomikoa egin gabe. Berandu eta gaizki ibili dira".

Etxe hutsen gaineko errekargua

"Etxebizitza arloan azken lau urteotan egin den gauza bakarra etxe hutsei errekargua aplikatzea izan da", dio de Benitok. Horrekin ados dago Irabazi Zarautz, "ez da bidezkoa etxeak hutsik egotea gure herrian, eta aldi berean, etxerik gabeko jendea". Baina horrekin lortutako dirua—milioi bat euro urtean—ez dela  etxebizitza politiketara bideratu salatu dute: "Beste edozertarako erabili dute. Guk proposatzen dugu diru hori etxebizitza politiketara bideratzea".

Zentzu horretan, Irabazi Zarautzek lehentasuna eman dio alokairu soziala sustatzeari. "Ezin dugu itxaron Salberdin garatu arte beste sei urte Presazko konponbideak bilatu behar dugu. Adibidez, udal brigadaren biltegiaren partzelan onartuta dago etxe sozialak egitea eta partzela  publikoa da. Guk hor planteatzen dugu alokairu sozialeko kooperatiba bat sortzea, hau da, Europako iparraldean gehien erabiltzen den eredua. Horren arabera, etxebizitza beraren jabea kooperatiba bera da, eta kideek erabiltzeko eskubidea dute".

Gogoratu dute Zarautzen kaleratzeak ere badaudela."STOP kaleratzeak plataformak hauteskundeetara aurkeztu garen taldeei dekalogo bat sinatzeko eskatu zigun gure konpromisoa adierazteko. Irabazi Zarautzek dekalogo hori onartu eta bere egin du". Dekalogo horrek kaleratzeak, pobrezia eta berdintasunik eza ekiditeko hamar oinarrizko neurriak jasotzen ditu, besteak beste, etxebizitza lege bat, alokairu sozialeko parke bat eta pobrezia energetikoaren kontrako neurriak.