Bihar hasiko dute Garazi Mugertza zarauztarraren aurkako epaiketa

Urola Kostako Hitza 2015ko mai. 27a, 08:47

Elkarretaratzea egin zuten ostiralean, Mugertzari babesa agertzeko. Aritz Mutiozabal

2013ko udaberrian Ernai gazte antolakundeak Gazte Danbada jaialdian terrorismoa goratu izana egozten diete Garazi Mugertza zarauztarrari eta beste zortzi laguni. Jaialdi horretan, Xabier Lopez Peña Thierry presoa espetxe politikaren ondorioz hil zela salatu zuten.

Zehazki, sei kideri Ernaiko zuzendaritzako kide izatea ere leporatzen diete, tartean Mugertzari, eta ondorioz, Danbadako ekitaldian egindako salaketa hori haien ardurapean egin zela egotzi diete. Iraitz Salegi Topatu-ko ordezkariari, berriz, kazetari gisa salaketa hori Topatu-n jaso izana egotzi diote, eta Periko Solabarriari, berriz, ekitaldian parte hartu izana eta bertan Lopez Peñaren inguruan hitza hartu izana.

Mugertzarentzat zein beste bost lagunentzat bi urteko kartzela zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa eskatzen ditu fiskalak. Beste hiruentzat, Solabarria, Salegi eta Ernaiko beste kide batentzat, berriz, hemezortzi hilabetekoa eta baita inhabilitazioa ere.

Espainiako Auzitegi Nazionalean izango da epaiketa, Madrilen, bihar eta etzi. Zarauztarrari elkartasuna adierazi asmoz, pasa den ostiral arratsaldean elkarretaratze bat egin zuten hainbat herritarrek Lege Zaharren Enparantzan, eta bukaeran argazki bat atera zuten taldean, Libre mosaikoa osatuz kartel laranjekin.