Ostiralean hasiko dira Rockumentalak Zarautzen

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko mai. 27a, 13:06

Lau saio—film emanaldiak eta kontzertu laburrak osatuko dute bakoitza— eta kontzertu nagusi bat izango dira aurten Rockumentalak zikloaren barruan.  Ostiralean ekingo diote egitarauari, Nick Cave musikariaren fikziozko 24 ordu irudikatzen dituen  20.000 Days On Earth filmarekin eta Cabezafuego y Los Brutales taldearen kontzertuarekin. Ohi bezala,  zinema, musika, kultura zein kazetaritzari lotutako pertsonaia batek aurkeztuko du filma, iritzi kritikoa emanez. Lehenbiziko saio horretako aurkezlea Ignacio Julia izango da, RockDeLux eta Ruta66 aldizkarien «aita», besteak beste.

Mikel Laboari «omenaldi xumea» egite aldera, hari buruzko dokumentala emango dute ekainaren 5ean. Marisol Bastida Laboaren emaztea izan zenak zuzendutako lana da  Mikel Laboa 1934-2008. Lehenbiziko zatia 1974ean Herri Irratian Laboari egindako elkarrizketa batean oinarrituta dago, eta bigarrengoak musikariaren inguruko pertsonaien kontaketak biltzen ditu.

Bastida berak aurkeztuko du dokumentala, eta emanaldiaren ostean, Deusoideak taldea taularatuko da. Saio horretarako propio elkartu den taldea da Deusoideak. Karlos Osinagak (Lisabö), Javier Manterolak (Lisabö), Maite Arroitajauregik (Mursego, Lisabö) eta Martxel Mariscalek (Beti Mugan, Lisabö) Laboaren bizitzaren eta obraren begirada propioa eskainiko dute.

Hurrengo egunean, ekainaran 6an izango da kontzertu nagusia. Luke Winslow-King estatubatuarrak bluegrass, swing eta R&B doinuak eskainiko ditu Modelon. Aurrez, Joseba B.Lenoir  Gang ariko da, Joseba Baleztenak; Willis Drummond taldeko Felix Buffek eta Xan Bidegainek eta Napoka Iriako Miren Narbaizak eta Ander Mugikak osatutako taldea.

The Creation Records eta Mercury

Hanky Panky eta Spring Records diskoetxeen sortzaile Iñaki Orbezuak aurkezpena egin ondoren, Upside Down: The Creation Records Story filma izango da ikusgai ekainaren 12an. Creation Records diskoetxe britainiarraren berrogei urteko ibilbidea azaltzen du Danny O’Connor zuzendariak, eta era berean, musika estilo ezberdinen bilakaera islatu. Ondoren, Perlak talde zarauztarraren kontzertua eskainiko dute.

Eta azkenengo saioan, ekainaren 19an, Freddie Mercury izango da protagonista. Queen taldeko abeslariaren inguruan inoiz argitaratu gabeko irudiak bildu ditu Rhys Thomas zuzendariak Freddie Mercury: The Great Pretender lanean. Irantzu Karrera 18 urtez Gaztea irratsaioko esataria izan denak aurkeztuko du, eta filmaren emanaldiaren ostean, Los Jambos taldeak kontzertua eskainiko du.

Kontzertu eta film guztiak 22:00etan Modelon izango dira, Los Jambos taldearen emanaldia izan ezik. Hori Barley tabernan izango da, Freddie Mercuryren inguruko filma amaitu ostean.

Lau saiotako sarrera—filma eta kontzertua— bost euro kostako da, eta kontzertu nagusikoa 10 euro, aldez aurretik erosiz gero. Egunean bertan lehiatilan 12 euro kostako da Luke Winslow-King eta Joseba L.Benoirren kontzerturako sarrera. Aldez aurretik, ticketea.com, Turismo Bulegoan zein Kultura sailean eros daitezke ekainaren 6rako sarrerak. Saio guztietarako bonoak ere atera dituzte, baina dagoeneko agortu dira.

Musika eta zinema uztartzen dituen zikloa I love Rock elkarteak antolatu ohi du urtero. Aurten zortzigarren urtea dute. Informazio zabalagoa eskuratzeko, klikatu hemen.