"Bizipen berezia da talde feminista batean parte hartzea"

Nerea Uranga 2015ko mai. 28a, 12:38

Edurne Epelde Pagola eta Miren Aranguren Etxarte herenegun Azpeitiko Emakumeen Txokoan (Eneritz Albizu Lizaso/Hitza)

Gure genealogia feministak. Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika bat liburua aurkeztu zuten Edurne Epelde Pagolak (Zarautz, 1981) eta Miren Aranguren Etxartek (Iruña, 1981) herenegun Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Mugimendu feminista «osoa bizia, ilusioz eta freskotasunez betea» izan dela diote. Baina, ez zegoen inon jasota, galtzeko arriskuan zen, eta hori jasotzeko lana hartu zuten.

Gure genealogia feministak nondik nora sortutako lana izan da?

EDURNE EPELDE PAGOLA: Gure genealogia feministak, Euskal Herrian 40 urteetan egon den mugimendu aberats, indartsu, bizi eta original bat jasotzeko, biltzeko, eta eman duen hori guztia kontatzeko nahitik dator. Feminista mordo batek parte hartu dute mugimendu honetan; aldarrikapen pila bat, borroka pila bat izan ditu mugimendu honek. Lan hau emakume guzti hauen eta mugimendu guzti hauen errekonozimendu bat bilatzeko helburuarekin abiatu genuen.

Argitara atera aurretik urte batzuetako ibilbidea izan du.

MIREN ARANGUREN ETXARTE: Bai, orain dela zortzi bat urte abiatu genuen proiektua. Bertan  azken 40 urte hauetako ekarpen feminista edo borroka feminista jaso nahi genuen. Batzuk beharra zeukaten nolabait mugimendua errekonozitzeko, omentzeko eta haiek bizitako hori nonbaiten jasoa uzteko, eta beste batzuk sekulako jakinmina geneukan gertatu zen horrekiko. Hasieran bilketa lan bat egiten hasi ginen, eta gero lana idaztea gehitu zitzaion.

40 urteotako ibilbidea atalka banatu duzue. Hor non kokatzen da Urola Kosta eskualdeko mugimendu feminista?

EDURNE EPELDE PAGOLA: Urola Kostan ere mugimendu feminista izan da, eta gainera oso polemikoa izan den mugimendua izan da. Hori herri gehienetan ikusten da: feminista bat dagoen tokian edo talde feminista bat dagoen tokian oso eztabaidan ipinitako taldeak izan dira. Feminismoak egin dituen aldarrikapenak, nolabait jendartea kolokan jartzen duelako.

Noiz azaldu ziren lehen talde feministak eskualdean?

EDURNE EPELDE PAGOLA: Urola Kostan Frankismoaren amaierarekin batera, asanblada feministak herri askotan sortu ziren 70eko hamarkada bukaeran eta 80eko hamarkadan: Zumaian, Zarautzen, Azkoitian, Azpeitian, Orion... Gero, 80eko hamarkadan aurrera, apaldu edo desagertu egin ziren. Baina, 90eko hamarkadan neska gazte berriek berriz ere talde berriak sortu zituzten. Gazte izaerari oso lotuta zeuden. Orduan, 90eko hamarkadan, bazegoen berdintasunean bizi ginenaren halako uste bat, gaur egun dagoenaren antzekoa. Hori desmuntatu nahian, feminista gazte asko aurretik asanbladetan ibilitako feministekin harremanetan jarri ziren, eta talde feminista berriak sortu ziren: Izarraizpeko Sorginak Azpeitian, Azkoitian Emakume Taldea, Zestoan beste talde bat, eta Zarautzen Sorginak emakume taldea berpiztu zen, izen berarekin baina jende berriarekin. Hori 1996tik aurrera izan zen.

Eskualdeko koordinadora feminista bat ere egon da, ezta?

EDURNE EPELDE PAGOLA:  Bai, eta oso indartsua izan zen; hori oso garrantzitsua izan da. Talde bakoitza, bere horretan, herrian irla isolatu bat zen, baina koordinadora feministak sekulako indarra eman dio eskualdeari. Eskualdea interesgarria izan da feminismoari dagokionez.

MIREN ARANGUREN ETXARTE: Hasierako urteetan planing-aren aldeko mugimendua asko nagusitu zen, haurtzaindegiak lortzeko... Haientzako oinarrizko zerbitzuak zirenen aldeko apustu handi bat egin zuten, eta abortatzeko eskubidea ere aldarrikatu zuten. Donostiako asanbladarekin, Aizan! edo Egizanekin eta Euskal Herrian gertatzen zenarekin oso konektatuta egon den eskualdea izan da. Hasierako garaietan planing-ak, abortuak, sexualitateak... garrantzia handia izan zuten.

Egun nola ikusten duzu eskualdeko mugimendu feminista?

EDURNE EPELDE PAGOLA: Geu bertan bizita eta talde feministako kide izanda, mugimenduan egoera desberdin bat badagoela ikusten dugu. Berriz ere, gazte pilo batek feminismoan militatzeko beharra eta grina badauka. Gainera, azkenaldian mugimendu feministan eztabaida berri pilo bat ere sortu dira.

Gero, instituzioetatik egiten den lana ere kontuan hartu behar da. Hor, instituzioetatik eta talde feministetatik egiten diren lanak fusionatzeko eta zerbait bateragarria egiteko erronka badugu; elkar ez zapaltzeko. Talde feminista batean parte hartzea benetan bizipen berezia da. Feministok horrelako espazioetan parte hartu dugunean indartuta atera gara: autonomian, autoestimuan on handia egin digu. Emakumeon artean elkartzeko, batzeko eta elkartasun hori mantentzeko joera beti egon da. Zentzu horretan, oso itxaropentsua naiz, gaur egun ere benetako bitartekoa baita pixkanaka jendartean aldaketak emateko. Urola Kostan baditugu erronka batzuk, baina aukera askorekin.

Gure genealogia feministak liburuaren aurkezpena Azpeitiko Emakumeen Txokoan (Eneritz Albizu Lizaso/Hitza).

Liburua

Izenburua. Gure genealogia feministak. Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika bat

Egileak. Edurne Epelde Pagola, Miren Aranguren Etxarte eta Iratxe Retolaza Gutierrez.

Argitaratzailea. Emagin Dokumentazio eta Ikerkuntza Zentro Feminista.

Orrialdeak. 600 orrialde.

Tirada. 1.000 ale.

Prezioa. 25 euro.

Salgai:  Zarauzko Garoan eta emagingenealogiak@gmail.com helbidera eskatuta.