Zarauzko EH Bildu: "Ez dugu ezer blindatuta utzi. Udalak ez du alda ezin daitekeen planik"

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko eka. 5a, 17:01

"Aldaketa gauzatzera doan honetan", agerraldia egitea erabaki du Zarauzko EH Bilduk, udal kudeaketaren inguruko azalpenak emateko. Hainbat arlotako aurrekontua zein inbertsioak areagotu, gastu politikoa murriztu eta zorra gutxitzea lortu dutela nabarmendu dute koalizioko ordezkariek. Urte anitzetako inbertsio plan bat gauzatu dute, eta ondorioz, ez dute krediturik eskatu behar izan proiektuak aurrera ateratzeko. Hala ere, udala ez dutela "blindatu" ohartarazi dute, eta udal berriak aldaketak egin nahi izanez gero, ez duela "arazorik" izango argitu.

Iñaki Eizagirre Ogasuneko jarduneko zinegotziaren arabera, azken lau urteotan, kirol arloko aurrekontua %23 igo da; kulturakoa— Modeloren erosketa kontuan izanda— %76; Gizarte Zerbitzutako partida—egindako inbertsioak kontuan hartu gabe—%18; Ongizatetik eta Gizarte Zerbitzuetatik herritarrei ematen zaizkien diru-laguntzak bikoiztu eta inbertsioak ere areagotu egin dituzte. "Duela lau urte, inbertsioak ez ziren milioi bat eurotara iristen; 900.000 euro ingurukoak ziren. Egun ia 3 milioikoa da, %197 igo da", esan du. Igoera hori "kolore ezberdinetako" administrazioekin izandako elkarlanari esker izan da, haren arabera.

Gastu politikoa—aholkularia kontuan izanda— %40tik gora jaitsi dute eta baita publizitate instituzionala %29 murriztu zelako ere gertatu da igoera hori. Halaber, udalak banku eta kutxekin duen zorra 23,5 milioitik 15,5 milioi eurora jaitsi dela gogoratu du Eizagirrek. "Hau guztia posible izan da zarauztar guztiok ahalegin bat eta lan egin dugulako zentzu horretan", nabarmendu du.

Zehaztu du egungo Udal Gobernuak ez duela "ezer utzi blindatuta". Alegia, ohiko gaiez aparte, ez dutela utzi "ezer" lotuta."Udal honek ez du alda ezin daitekeen planik egin. Aldatu nahi izanez, gobernu berriak ez du inongo arazorik izango eta ez du inongo kalte ordainik ordaindu beharko", argitu du.

"Kreditu berririk ez diogu eskatu kutxei. Egin duguna da inbertsio plan bat egin datozen bi-hiru urtetarako. Horren barruan sartzen dira Aldapetako etxebizitzak eta Modeloren erosketa". Juan Luis Illarramendi Zarauzko egungo alkateak argitu du udalak 2015eko aurrekontuekin egingo diela aurre gastuei, eta Modeloren kasuan, lehenbiziko zatia dagoeneko ordainduta dagoela. Hain zuzen, 385.000 euro. Zorrari aurre egiteko, berriz, 2,5 milioiko partida gorde dute aurtengo aurrekontuetan, eta ondorioz, "seguraski" 2015ean 13 milioiko zorra geratuko dela.

Udala ez dela "gehiago zorpetuko" ohartarazi du Ogasun zinegotziak: "Udal Gobernu honek egin duena da urte anitzetako plan bat martxan jarri eta geure baliabideak erabili hori guztia aurrera atera ahal izateko, inorri krediturik eskatu gabe eta zor gehiagarririk sortu gabe".

Eizagirrerek gogoratu du formula hori bera erabili dutela azken lau urtetan, Alde Zaharreko peatonalizazioarekin egin dutena, kasu: "Inbertsio horiek urtebetean guztiak aurrera ateratzeko gaitasunik ez daukagunez, hainbat urtetan banatu ditugu". Plan horrek finantziazio propioa du Ogasun zinegotziaren arabera: Hondartza aparkalekua saltzea proposatu dute, besteak beste, "gutxi erabiltzen den ondasun bat gehiago erabiliko den eta etekin sozial handiagoa izango duen egitasmo batzugatik trukatuz".

Elkarlana, ardurak eskualdatzeko

Euren arduren eskualdatzea ere "ahalik eta modu txukunenean" egingo dutela gaineratu du Eizagirrek, "elkarlan zabalenean". Datozen asteetan ere EAJrekin elkarlanerako "borondatea" izango dutela, hain zuzen. "Arduraz jokatuko dugu", zehaztu du.