Haur sahararren egonaldia "ahalik eta alaiena" izateko, herriko eragileekin uda osoko egitaraua prestatzeko asmoa du Saharautzek

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko eka. 9a, 12:33

Datozen asteetan helduko dira haur sahararrak eskualdera, Oporrak Bakean ekimenaren barruan. Horietako batzuk Zarauzko familien etxeetan igaroko dute uda. Saharautz elkartea urtero ahalegintzen da haien egonaldia "ahalik eta alaiena" izaten, eta zentzu horretan, aurten ahalegin hori "biderkatuko" dutela iragarri dute. "Udalaren laguntzarekin, herriko aisialdi, kultur eta kirol elkarte zein eragileengana iritsi nahi dugu, hauek ere elkartasunetik parte hartu dezaten udako ekintzetan", esan dute elkartetik.

Hala, Saharautzekoek eragileek umeekin egiteko ekitaldiak proposatzea nahi dute, dela hondartzako jolasak, dela surf eskolak, dela futbolean jokatzeko, dela kantuan aritzeko, dela margotzeko. "Auskalo zertan, festa giroan, elkarrekin".  Herriko talde eta elkarteen erantzunaren arabera uda osoko egitaraua prestatzea dute Saharautzeko ordezkariek helburu.

Interesa dutenek Zarauzko Udaleko Immigrazio sailarekin (943-005127 telefonora deituta, jaranguren@zarautz.org helbidera idatzita zein Gizarte Zerbitzuetara jota) eta Saharautz elkartearekin (saharautz.elkartea@gmail.com helbidera idatzita zein 699270791 telefonora deituta).