Asteartean jarraituko du Garazi Mugertza eta beste auzipetuen kontrako epaiketak

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 12a, 13:12

topatu.info

Ernaiko zazpi kideren—tartean, Garazi Mugertza zarauztarra— eta Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegiren aurkako epaiketako azken saioa asteartean, 15:30ean izango da. Atzo egin zuten bigarren saioa Espainiako Auzitegi Nazionalean, maiatzaren 28koa eten ostean. Zortzi auzipetuak sakabanatu egin zituzten gelan, Angela Murillo epailearen aginduz. Zortzi kideekin batera Madrilera bidaiatu zutenei ez zieten aretoan sartzen utzi eta komunikabideek ere ezin izan zuten goizeko saioa jarraitu.

Lehenbizi auzipetuek deklaratu zuten, eta ondoren lekukoen txanda iritsi zen. Horien artean, Argiako Asier Lopez eta Berriako Ander Perezek hartu zuten hitza. Horiek, besteak beste, azaldu zuten Salegik 2013ko Gazte Danbadaren jarraipena egin zuela, beste hainbat komunikabidek bezala, jaialdiak zuen "interes informatiboa" medio.

Ondoren, Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren lekukoek deklaratu zuten. Tartean, ertzainek, bideokonferentziaz. Esan zuten ez direla “ongi oroitzen Gazte Danbadan gertatutako guztiaz”. Halaber, Xabier Lopez Peña Thierry-ren inguruan norbaitek zerbait esan zuela gaineratu zuen agenteetako batek, baina ez zuen zehaztu zer. Beste batek Agur eta ohore entzun zuela adierazi zuen, eta «Lopez Peñaren zein jarduera armatuaren gorazarrea egiten zela interpretatu" zuela.

Guardia zibilek peritu gisa hartu zuten parte eta aitortu zuten bideo eta argazki bidez jarraitu zutela ekitaldia. Polizia nazionalek lekuko gisa dekalaratu zuten, horiek ere bideokonferentziaz.

Terrorismoa goratzea

2013ko udaberrian Ernai gazte antolakundeak Gazte Danbada jaialdian terrorismoa goratu izana egozten diete Mugertzari eta beste zortzi laguni. Jaialdi horretan,  Thierry presoa espetxe politikaren ondorioz hil zela salatu zuten.

Zehazki, Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda,  Mugertza eta Mikel Morenori Ernaiko zuzendaritzako kide izatea ere leporatzen diete, eta ondorioz, Danbadako ekitaldian egindako salaketa hori haien ardurapean egin zela egotzi diete.  Salegiri, berriz, kazetari gisa salaketa hori Topatu.info-n jaso izana egotzi diote, eta Periko Solabarriari, berriz, ekitaldian parte hartu izana eta bertan Lopez Peñaren inguruan hitza hartu izana.

Mugertzarentzat zein beste bost lagunentzat bi urteko kartzela zigorra eta hamar urteko inhabilitazioa eskatzen ditu fiskalak. Beste hiruentzat, Solabarria, Salegi eta Ernaiko beste kide batentzat, berriz, hemezortzi hilabetekoa eta baita inhabilitazioa ere.

https://www.youtube.com/watch?v=V7aRKyyEdeQ