Eskualdeko alkate berriek hartu dute kargua

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 13a, 10:53

Eskualdeko alkateak hautatuko dituzte gaur, larunbata, bilkura eratzaileen bidez. 10:00etan hasi dira kargu hartzeak, eta 13:00ean bukatuko dira, Aiako Udalekoarekin.

BEIZAMA

Dagoeneko egin dute udalbatza Beizamako Udalean, eta Nekane Otaño da alkate berria. Aurrera Beizama Bai herri plataformak akordioa egin du, eta bi urte egingo ditu agintean Otañok; ondoren, Pedro Mari Otaegik hartuko du haren postua. Beraz, bina urte egingo dituzte alkatetzan Beizaman plataformako kideek.

Udalbatza oso azkarra izan da, eta Beizamako Udaleko bost zinegotziek segituan ekin diote lanari. Lehen kontuak eta xehetasunak adosten gelditu dira haiek udalean.

Beizamako udalbatza, gaurtik aurrera (E. Albizu Lizaso)

ORIO

Orion zazpi boto behar zituen Jose Angel Zalduak (EAJ) alkate izateko, eta hala lortu ditu. 10:30ean hasi da Udalbatza eratzeko saioa Orioko udaletxean, eta hainbat herritar bertaratu da ekitaldia ikustera. Esan bezala, Zalduak zazpi boto jaso ditu: EAJren 6 botoak, eta beste bat (PSE-EErena). EH Bilduren alkategai Emeterio Iribarrek  4 boto jaso ditu (alderdiak izango dituen zinegotzienak), eta Orain herri plataformako bi ordezkariek euren haitagaia bozkatu dute: Miriam Uranga.

Jose Angel Zaldua alkate berria eta Beñat Solaberrieta gaurdaino alkate izan dena, batzarra amaitu ondoren (O.L.A./Hitza)

Txaloekin hartu dute Zaldua udaleko idazkariak alkate berria dela esan duenean, eta Beñat Solaberrieta alkatearen eskutik jaso du alkate makila. Gaurtik, Zaldua da Orioko alkatea. Denek zoriondu dute alkate berria.

Bi hitz egin ditu Zalduak. Eskerrak eman dizkie bertaratu diren herritarrei, eta baita beren botoekin EAJrengan konfiantza jarri duten herritarrei ere. Gero, ideia bat azpimarratu nahi izan du: "Gaur hemen dagoen pertsona batek esan zidan harro egon behar nuela alkate izatera iristeagatik, baina ez harrotuta, eta horixe egingo dut".

AIZARNAZABAL

Aldeko sei boto jaso ditu Mari Karmen Arregik (Nerea Uranga/Hitza)

Aizarnazabalgo udalbatza berria, erdian Mari Karmen Arregi alkatea (Nerea Uranga/Hitza)

Mari Karmen Arregi EH Bilduko hautagaiak hartu du alkate kargua gaur; EH Bilduko ordezkarien sei boto alde eta bat kontra, EAJkoa, izan ditu. Goizeko 11:00etan egin dute Udalbatza berria eratzeko saioa Aizarnazabalgo udaletxeko batzar aretoan. Lehen zinegotzi izandako batzuk izan dira saioa jarraitzen eta lasaitasun osoz joan da.

Emozioz eta ilusioz hartu du kargua Arregik, eta herriaren eta herritarren alde lanean jardungo duela hitz ematen duela esan du: "Horregatik, nahi duten herritar guztiek udaletxe honetako ateak zabalik izango dituzte, eta eskerrik asko guzti-guztioi". Hitz horiexek esan eta saioa bukatutzat eman du idazkariak.

ZARAUTZ

Zarauzko Udalbatza eratu berriak Xabier Txurruka aukeratu du alkate. Honela izan da bozketa: hamar boto EAJko zerrendaburuarentzat, EH Bilduko Mikel Goenagarentzat zazpi, bi boto Ana de Benito Irabazi Zarautz-eko zerrendaburuarentzat eta bi boto zuri. Juan Luis Illarramendi gaurdainoko Zarauzko alkatearen eskutik jaso du Txurrukak aginte makila, hunkituta eta txalo artean.

Egun “berezia” dela aitortu du alkate berriak, eta “ilusioz eta gogotsu” ekingo diola agintaldi berriari. EAJren kudeaketa “errespetuan, elkarlanean eta akordioetan” oinarrituko dela azpimarratu du, eta herritar guztien alde egingo dutela lan, "udala denon etxea" delako.

Errezeta “sinplea” dela esan du: “lana, lana eta lana. Besterik ez dugu ezagutzen”. Alderdi politiko guztiekin akordioetara heltzea posible dela ere aitortu du: “Nahikoa da batzuen eta besteen hauteskunde programak irakurtzea, ikusteko zenbait kontutan ados gaudela guztiak. Aukera ezin hobea dugu proiektu horien gainean elkarlan emankorra garatzeko. Elkarrekin aritzeko gai baldin bagara, lehenago eta baldintza hobeagoetan aterako dira aurrera”.

Guztiek zoriondu dute alkate berria. De Benitok adierazi du “koherentziaz” ez dutela EAJko hautagaiaren aldeko bozka eman, “kontu askotan ezberdin pentsatzen” dutelako, zerga politikan, hondakinen auzian eta azpiegituren inguruan, esaterako. Hala ere, EAJrekin zein beste alderdi politikoekin adostasunetara heltzeko “borondate argia” erakutsi du.

PSE-EEko Gloria Vazquezek, Txurruka zoriondu ostean, gogoratu du datozen lau urtetan udalaren kudeaketaren ardura nagusia harena izango dela. “Onena opa dizugu eta espero dugu asmatzea zeure eginkizunean”. Era berean, nabarmendu du udala zinegotzi guztiek osatzen dutela. Aurrera begiratzeko unea da Vazquezen arabera, eta espero du azken lau urtetan “geldirik” egon diren proiektu estrategikoak martxan jartzea astelehenetik aurrera. Zentzu horretan, "elkarlanerako eta lanerako prest" agertu da Vazquez.

Zorte onena” opa dio Goenagak Txurrukari EH Bilduren izenean, eta herritarren alde lan egiteko laguntza eskaini dio. Nabarmendu du EH Bilduk "bururaino" eramango duela hasitako bidea, herrialde mailan zein herriz herri. Zarautzen oposizio “zintzo eta konstruktiboa” egingo dutela adierazi du Goenagak.

Datozen asteetan emango dute ezagutzera Udal Gobernu berriaren antolaketa politikoa eta arduren banaketa.

Xabier Txurruka, aginte makila eskuetan duela, alkate izendatu berritan. Aritz Mutiozabal

https://youtu.be/HmrcwwKEFYg

GETARIA

Gaur eguerdian Nika Lertxundi izendatu dute Getariako alkate datozen lau urtetarako. Herritar ugari bildu da udaletxeko areto nagusian eta udalbatzar azkarra izan da. EAJk ez du bere haiutagaitza aurkeztu eta EH Bilduko alkategai Nika Lertxundi izan da hautagai bakarra; zazpi aldeko botorekin eta lau abstentziorekin alkate izendatu dute Lertxundi. Floren Iribar zinegotziak eman dio alkate makila Nika Lertxundiri.

Floren Iribar zinegotziak eman dio alkate makila Nika Lertxundiri. (Aiora Larrañaga/Hitza)

Getariako alkateak eskerrak eman dizkie getariarrei eta zehaztu du orain arte bezala "getariarrak eta Getaria izango dituela helburu" datozen lau urtetan ere. "Garai txarra da politikagintza aritzeko, batzuek gaizki egindakoengatik politikari guztiok izaten baitugu izen txarra. Dena dela, argi utzi nahi dut politikari gehienon helburua herritarren onura dela" berretsi du. Ildo horretan, Getariako alkateak demokrazia ezarri zenetik Getarian politikagintza aritu diren zinegotzi eta alkate guztiak aipatu ditu eta eskerrak eman dizkie Getariaren alde egin duten lanagatik.

Bestetik, Getariako Udalbatza berria osatzen duten zinegotziei gogorarazi die herritarren kezkak asetzea eta ametsak betetzea izango dutela erronka datozen lau urtetan. Horretarako bi gomendio eman dizkie. "Getariarren onura da gure helburu nagusia, baina bide horretan ez ditugu ahaztu behar familia eta lagunak, beraiek izango baitira gure deskansu eta lasaigarri une zailetan. Aurrerantzean makina bat arazo eta zailtasun gainditu beharko ditugu, baina bidean ez ezazue irribarrea galdu". "Gora Goetaria" esanez amaitu du Nika Lertxundi alkateak udalbatzarra herritarren txalo artean.

[caption id="attachment_151930" align="aligncenter" width="300"] Getariako udalbatzar aretoa jendez gainezka. (Aiora Larrañaga/Hitza)

ZESTOA

EAJko Josetxo Mendizabal da Zestoako alkate berria. Jeltzaleen sei botorekin lortu du Mendizabalek alkatetza, eta EH Bilduko zinegotziek beraien hautagaia babestu dute, Mikel Arregi Ertxin. Herritar pila bat joan dira Zestoako udalbatza aretora, eta kanpaiekin batera, puntu-puntuan hasi da bilkura eratzailea. Leire Etxeberria jarduneko alkateak eman dio Mendizabali aginte makila.

Mendizabalek esan du "elkarlanaren eredu interesgarria" izan dela azken agintaldia: "Ildo beretik jarraitu behar dugu datozen lau urteetan, liskarra historiara pasatu baita". Bestalde, alkate berriak eskerrak eman dizkie azken lau urteetan zinegotzi izandako herritarrei, EAJkoei eta Bildukoei, eta "txalo bero bat" eskatu du haientzat, eginiko lanagatik. "Lan egiteko prest dagoenak lekua izango du udal gobernu honetan", adierazi du hark.

Mikel Arregi Ertxin EH Bilduko alkategaiak zorionak eman dizkio EAJri eta Josetxo Mendizabali: "Herriak hitz egin du". Ertxinek beraien lankidetza eskaini dio alkate berriari, eta esan du ez direla faltako proposamenak udal berrian: "Lanerako prest gaude gu, oposiziotik bada ere". Bestalde, nazio ikuspegitik, irakurketa egin du EH Bilduko alkategaiak. Hark azaldu du EAJ eta PSE-EEren arteko akordioa "berri txarra" dela Euskal Herria euskal ikuspegitik antolatu nahi duten guztientzat: "Talde abertzale batek besteari agintea kentzea ez da berri ona". Horrez gain, Gasteizko EH Bilduren jarrera txalotu du, eta gogorarazi du Lizarran (Nafarroa) ere, 80 urteren ostean, alkate abertzaleak hartu duela agintea: "Herri hau ezin dugu elkarren aurka eraiki, ez da zauriak irekitzeko garaia, haiek ixteko garaia da".

[caption id="attachment_151932" align="aligncenter" width="300"] Etxeberriak Mendizabali pasatu dio aginte makila. (E. Albizu Lizaso)

[caption id="attachment_151933" align="aligncenter" width="300"] Josetxo Mendizabal, aginte makilarekin (E. Albizu Lizaso)

AZKOITIA

Javier Zubizarreta jeltzaleak aginte makila hartu du Azkoitian, Urrategi Aberdi jarduneko alkateak eman dio. Bozkaketan, Zubizarretak bederatzi boto lortu ditu, Urrategi Alberdik sei boz, eta zuriz bozkatu dute Irabazi Azkoitia Bai eta PSE-EEko zinegotziek. "Lanerako prest" dagoela esan du Zubizarretak aginte makila eskuratu bezain laster: "Bide luzea izan da, baina gaur hasten da zailena. Gauzak fin, garbi eta akordioz gauzatuko ditugu. Herriak bere jabetasuna gure eskuetan utzi du; eta orain, guri dagokigu herriaren nahiak egi bihurtzea".

EAJko alkateak nabarmendu du "alderdikeriak alde batera utzita" lan egingo dutela. Pertsonak jarri ditu Zubizarretak erdigunean: "Elkarrekin gehiago hitz egingo dugu, apaltasunez eta errespetuz, eta pertsonak lehenetsiko ditugu". "Herriari bira" emateko gai izango direla ere adierazi du jeltzaleak.

Urrategi Alberdi Azkoitiko alkate ohiak eskerrak eman dizkie lau urtean beraiekin lana egiten duten politikariei, langileei eta herritarrei, eta udalbatza berriari elkartasuna eta laguntza eskaini dio. "Denon artean aurrerapauso handiak eman ditugu ingurumenaren alde, igardentasunean, parte-hartzean, gobernu irekian, baita herritarren ongizatean ere", azaldu du. Beraien nahia herria "denen artean" eraikitzea izan dela esan du, eta "politika egiteko bide berria" landu dutela nabarmendu du.

[caption id="attachment_151937" align="aligncenter" width="300"] Alberdik Zubizarretari pasatu dio aginte makila (A. Abarisketa)

https://youtu.be/HfvdQfpLf50

[caption id="attachment_151939" align="aligncenter" width="300"] Udalbatza berria (A. Abarisketa)

AZPEITIA (Uztarria.eus)

Gaur, zapatua, egin dute udalbatza berria osatzeko osoko bilkura, eta Eneko Etxeberria EH Bilduren zerrendaburua izango da Azpeitiko alkate beste lau urtez. Izan ere, Etxeberria zerrendaburu zen EH Bilduk botoen %52,03 jaso eta gehiengo osoa eskuratu zuen joan den maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan. Horrenbestez, hamar zinegotzi izango ditu koalizioak Azpeitiko Udalean -azken lau urteotan baino bat gutxiago-. EAJk, berriz, zazpi ordezkari izango ditu -2011n baino bi gehiago-, botoen %41,29 jasota. Zerrendak aurkeztu dituzten beste bi alderdiek, PSE-EEk eta PPk, ez dute ordezkaritzarik lortu.

17 zinegotziek "legeak hala agintzen duelako" egin diote zin Espainiako Konstituzioari kargua hartzerakoan. Ondoren, bozketa egin dute eta urteetan "galduta" izan den eta eraberritu egin duten XIX. mendeko zilarrezko hautesontzia erabili dute horretarako. Alderdi bakoitzak bere hautagaia babestu du; 10 boto jaso ditu EH Bilduko alkategai Eneko Etxeberriak eta zazpi EAJko Aitor Gorrotxategik.

Eneko Etxeberriak jarraituko du alkate karguan, eta esker hitzak izan ditu herritarrentzat-eta: "Eskerrik asko gugan konfiantza jarri duten herritarrei, eskerrik asko udalerako aurkeztu diren beste aukeren alde egin duzuen herritarroi, eskerrik asko gaur etorri zaretenoi, inguruan ditugun lagunei, familiakoei, eta eskerrik asko hemen zaudeten zinegotzi guztioi hartutako konpromisoengatik". Bestalde, Juan Bautista Mendizabal azkoitiarrari ere eskerrak eman dizkio, "Azpeitiaren alde egindako lanagatik".

Irakurri albistea osorik, Uztarria.eus-en.

 

[caption id="attachment_151945" align="aligncenter" width="300"] Etxeberria eta Ibarzabal kargu hartzean (Uztarria.eus)

[caption id="attachment_151946" align="aligncenter" width="300"] Udalbatza berria (Uztarria.eus)

ERREZIL

Errezilen Xebero Agirretxek hartu du aginte makila, 11:00etan. Ezustekorik gabe joan da bilkura eratzailea. Udalerri horretako udalean, EH Bildukoak dira zinegotzi guztiak, koalizioa soilik aurkeztu baitzen herrian maiatzaren 24ko hauteskundeetara. Espero zen bezala, beraien zerrendaburuari bozkatu diote denek.

[caption id="attachment_152136" align="aligncenter" width="300"] (Errezilgo EH Bildu)

 

ZUMAIA (Baleike.eus)

Aretoa bete egin zen alkatea aukeratzeko Zumaiako saioan. EAJ, EH Bildu eta PSE-EEko alderdikide eta jarraitzaileek bete dute aretoa. Askok kanpotik jarraitu behar izan dute ekitaldia.

[caption id="attachment_152178" align="aligncenter" width="300"] Oier Korta Zumaiako alkate berria (Baleike.eus)

[caption id="attachment_152177" align="aligncenter" width="300"] Zumaiako udalbatza berria (Baleike.eus)

Aurreko agintaldiekin alderatuta, prozedura luzeagoa jarraitu behar izan da aurten. Hasteko, adineko maila osatu da, zinegotzi zaharrenarekin eta gazteenarekin: EH Bilduko, Alex Oliden eta Jone Mugerza. Alkate berria aukeratzeko bozketa egin da. Oier Korta, Alex Oliden eta Arritxu Marañon hiru zerrendaburuen artean hautatu behar izan dute alkatea. Oier Kortak aldeko sei boto jaso ditu, Alex Olidenek beste sei eta boto bat zuria izan da. Bi hautagaietako inork ez du gehiengo absolutoa lortu, baina EAJ hauteskundeetan boto gehien jaso zituen, eta plenoak Oier Korta (EAJ) izendatu du alkate.

Oso hunkituta hitz egin du alkate berriak. "Egun berezia" dela onartu du, "bizitza aldatzen" diona. Hiru pertsona gogoratu ditu bere hitzetan, "amona, osaba Joxe Mari eta aitona Alberto, baloreak erakutsi dizkidatenak". Lau urteko konpromisoa agertu du Kortak: "Lan egingo dugu Zumaia on bat egiteko guztiontzat. Espero dut alderdi denek norabide berean joatea herri baketsu baten eta elkarbizitzaren alde. Herri honetan hainbat gertaera izan dira, eta ea denon artean iraganean izan direnak ahaztu gabe, gure seme-alabentzako etorkizun normal bat eskuratzen dugun".

Osorik irakurtzeko: baleike.eus

AIA

Txalo artean aldatu zuten eskuz alkate-makila Aian. Igor Iturainek Nekane Arrizabalagari eman zion, eta, Arrizabalagak hunkituta hartu zuen eskuartean makila. Iturainek zorionduz pasatu zion lekukoa: "Asko pozten naiz makila zuri emateaz, batez ere historian sartu zarelako, Aiako herriko lehen alkate emakumea zarelako".

[caption id="attachment_152236" align="aligncenter" width="300"] Aian alkate aldaketa (Karkara.eus)

Arrizabalagak hunkituta hartu zuen makila, eta eskerrak eman nahi izan zizkien beregan konfiantza jarri zutenei: "Guretzat garrantzitsuena udaleko ateak irekita edukitzea da, eta orain arte bezala jarraituko dute, zabalduta". Orain arteko bideari segituko duela esan zuen: "Azkeneko kudeaketa ikusi da garrantzitsua izan dela. Guk aurrera jarraitu nahi dugu, gauden bidetik aurrera".

Berriaz informazio gehiago Karkara.eus webgunean.