Zarauzko Kortazarren 185 aparkaleku izango dira erabilgarri, bihartik aurrera

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko eka. 24a, 16:48

Zarauzko Udalak plangintza bat jarri du abian udalerriko aparkaleku faltari erantzuteko.  Gurmendi eta Eguneko Zentroko 145 aparkaleku alokagai jarri ditu dagoeneko, eta bihartik aurrera, berriz, Kortazarren aparkatzeko aukera eskainiko du. Guztira, 185 aparkaleku izango dira Iñurritzako gune horretan erabilgarri.

Jakinarazi dutenez, irailaren 15era arte izango da partzela horretan autoak aparkatzeko aukera, ordutegi mugarik gabe. Gune hori eremu berdea izango da TAO sisteman. Zentzu horretan, hiru orduko txartela 2,50 euro kostako da eta egun osokoa, berriz, bost euro. Partzelaren erdigunean makina jarri dute, eta bertan eskuratu ahalko dira txartelak. Bestalde, aparkalekuak sarrera-irteera bereziak izango ditu.

Aparkalekuen arazoari aurre egiteaz gain, udalak espero du neurri horrekin herriko gune jakinetan trafikoa murriztea, eta orokorrean, mugikortasuna hobetzea. Nabarmendu dute zarauztarrentzat zein bisitarientzat «onuragarria» izango dela, eta udalerrira gerturatzen direnentzat «alternatiba interesgarria» dela.