Gaur jasoko duzu San Pelaio makila. Zer moduz zaude?
Ilusionatuta nago, ohikoa den bezala. Hasiera batean beste bati eman behar zioten makila, baina hark ezin zuenez, niri eskaini didate, haren ordez. Egia esan, lehenago ala geroago espero nuen. Izan ere,danborradako zuzendari guztiei ari dira San Pelaio makila ematen.
Momentuz behintzat lasai nago. Momentua heltzen denean, pixka bat urduri jarriko naizela pentsatzen dut. Izan ere, jende asko izango da udaletxeko plazan. Baina balekoa izango naizela uste dut; beti izan bainaiz festazalea.
Zarautz Rugby Taldearekin batera izango zara udaletxeko balkoian, gaur.
Bai, ni arduratuko naiz etxafuegoa botatzeaz, Xabier Txurruka alkatearekin eta Zarautz Rugby Taldekoekin batera. Bi hitz esango ditut; diskurtsoa prest daukat duela egun batzuetatik. Guztia ongi esatea espero dut.
Noiztik jotzen duzu danborra?
1960an hasi nintzen atabala jotzen, Santa Zezilia Egunez, Getariako Gure Txeru taldearekin.
Zarautzen, berriz, lehendabiziko urtetik jardun dut sanpelaiotako helduen danborradan jotzen, 2002. urtetik-edo. Hasieran, upela jotzen hasi nintzen, eta ondoren pasatu nintzen danborra jotzera.
Gerora, banderaduna izan nintzen, eta danbor-joleak zuzentzen jardun nuen. Ordutik izan naiz Urpekoak konpainiaren zuzendaria. 12 urtean hartu izan dut parte helduen danborradan , eta osasuna daukadan bitartean hala jarraituko dut, seguru.
Nola joan dira danborradako prestaketak?
Ongi joan dira. 11 konpainiak hartuko dugu parte gaur gaueko danborradan, eta antolatuta gaude nola jarri behar dugun, zein abesti jo behar ditugun, noiz...
Ohi bezala, elkarte gastronomikoan afalduko dugu, goiz, gero 23:00ak aldera Gaztelekura joan beharko dugulako, gainontzeko konpainietako danbor-joleekin elkartzera. Ongi antolatu eta udaletxe aldera joango gara, bakoitza bere zuzendariarekin. Makila jaso, etxafuegoa bota eta azken emanaldia eskainiko dugu Musika Plazan. Gero, etxera, hurrengo egunean ere badut eta zer egina.
Festetako beste ekitaldiren batean ere parte hartuko al duzu?
Bihar Iñurritzara joango naiz diana jotzera. Atabala jotzen dut nik festetan, bandarekin eta txistulariekin, besteak beste. Beti gustatu izan zait musika eta festetan parte hartzea, eta horrela ibili izan naiz urtero-urtero.
San Pelaio jaiak gustatzen zaizkizun seinale da hori.
Ni izatez getariarra naiz, eta niretzat festa bereziak Getariakoak dira; izpirituz gehiago erakartzen naute. Baina jaiak beti dira jaiak. Festa den bitartean, guztia da pozgarria eta alaia.