Kanpaldia egingo dute asteburuan Zarauzko Torreoian

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko eka. 29a, 11:35

Zarauzko Torreoia biziberritzeko asmoz, askotariko ekitaldiak antolatzen ari da Torreoia bizirik taldea. Zentzu horretan, asteburuan haurrentzat kanpaldia egingo dute eraikin horren inguruan. Uztailaren 3an, 19:00etan konpost gunetik aterako dira parte-hartzaileak, Vista Alegreko parkeko sarreratik.

Behin goian, kanpin dendak ipiniko dituzte, taldean, eta afaria izango da gero. Norberak eraman beharko du bere janaria. Afalostean, berriz, Apaxik ipuinak kontatuko dizkie haurrei, izarren azpian.

Hurrengo goizean, gosaria eskainiko diete Torreoia Bizirik-eko kideek, eta ondoren, guztia jaso ostean, jolasekin hasiko dira. 11:00etan umeentzako tailerra izango da eta ondoren saioa Taichi lagunekin.

Gero, arrautz jolasa, zaku lasterketa, zapiaren jolasa, aulki musikatuak eta bestelako jolasak egingo dituzte haurrek zein helduek. 14:00ak aldera joango dira etxerantz. Bestalde, asteburuan zehar Torreoaren aldeko elastikoak jarriko dituzte salgai.

Kanpaldian parte hartu nahi dutenek bihar izango dute izena emateko azken eguna. Horretarako, Vista Alegreko La Hogaza okindegira jo beharko da edota auzo elkartearen lokalera zein torreoiabizirik@gmail.com helbidera mezua bidali.

Taldeko kanpin denda, lo zakua eta afaria eraman beharko dira; jolasez eta gosariaz taldea bera arduratuko da. Zortzi urtetik beherako haurrek dendako arduradun batekin joan beharko dute. Dena den, begiraleak ere egongo direla jakinarazi dute Torreoai bizirik taldeko kideek.