Korronteak "bortitzagoak" direnez, arretaz jokatzeko eskatu die Zarauzko Udalak hondartzako erabiltzaileei

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko uzt. 3a, 16:56

Zarauzko hondartza, aurreko asteburuan. Lorentxo Portularrume

Zarauzko Udalak hondartzako erabiltzaileei  gogorarazi die «derrigor» errespetatu behar direla banderak eta baita sorosleen aginduak bete ere. «Inoiz baino beharrezkoagoa da zuhurtziaz jokatzea», ohartarazi dute erakundetik. Izan ere, Gurutze Gorriak  jakinarazi duenez, itsasoa aurreko udatan baino «arrikutsuago» dago. Erakunde horren arabera, zuloak handitu egin dira itsas hondoko mugimenduen eraginez, eta korronteak eta zurrunbiloak «bortitzagoak» dira egun. Ondorioz, arriskua areagotu egin da. Adibide gisa, Gurutze Gorriak gogoratu du ekainean 17 pertsona erreskatatu zituztela Zarautzen, 2014an baino zortzi lagun gehiago. 2013an, berriz, sei erreskate izan ziren.

Azti zentro teknologikoak Santa Barbaran hainbat kamera ditu jarrita, egunero itsasoaren egoera eta korronteen ezaugarriak jasotzeko. Horren bidez, bainurako eremuak finkatzen ditu Gurutze Gorriak. Gogorarazi dute erabiltzaile guztien eskura dagoela informazio hori, Gurutze Gorriaren postuan.

Informazio panelak moilan

Horrez gain, bestelako ondorioak ere ekarri ditu itsasoa oldartzeak. Esaterako, harriak eta txintxorrak agertu dira Beraza eta Borgetto arteko gunean. Arazoa aztertzen ari dira dagoeneko, baina bitartean harriekin arduraz ibiltzeko gomendatu die erakundeak erabiltzaileei, bereziki, itsasgoran, uretan sartzerakoan. "Inoiz baino kontu gehiago" izateko eskatu du.

Halaber, moila inguruan seinaleak eta  panelak jarriko ditu erakundeak, herritarrek zein bisitariek gune horretako araudiaren zein erabilera gomendioen berri izan dezaten. "Ez dugu ahaztu behar portu bat dela".

Horregatik, Zarauzko Udalak eskatu du profesionalen lana eta ohartarazpenak errespetatzeko, «hondartzako erabiltzaile guztien segurtasuna bermatu eta arriskuak saihestea» delako horien helburua.

Egun, 40 lagunek egiten duten lan salbamendu eta sorosle zerbitzuan, eta egunero gutxienez hemezortzi lagun izaten dira zaintzan. Bost zaintza postu daude hondartzan zehar, eta beste bat portuan. Etenik gabe egiten dute lan, 10:45etik 19:45era.

Horrez gain, Gurutze Gorriak surf eskolen jarraipena egin eta haiek kontrolatzeaz ere arduratzen da. Zehazki, bi lagun aritzen dira horretan. Erabiltzaileei bezala, surlariei zein uretako kirolak praktikatzen dituztenei ere arduraz jokatzeko eskatu die Zarauzko Udalak, eta erabilera bakoitzerako finkatutako eremuak errespetatzeko, "istripuak saihestu eta elkarbitzitza errazteko".