Antolatzaileen arabera, Zarauzko EuskoProTour 3x3 Txapelketa "saskibaloitik harago doan festa handia" da. Hori dela eta, aurten ere patata tortilla txapelketa egingo dute. Aurten, gainera, hainbat aldaketa izango ditu. Batetik, osagai zehatzak izan beharko dituzte tortillek: patata, arrautza, tipula eta piperra (azken biak, aukeran), hain zuzen. Bestetik, sariak ere aldatu dituzte. Irabazleek Arzak jatetxean bi pertsonentzako bazkari ala afaria eskuratuko dute, bigarren sailkatzen direnek Donostiako Aquariumean dagoen Bokado Mikel Santamaria jatetxean bazkari ala afaria eta hirugarren sailkatzen direnek Orioko Katxiña erretegian bazkari ala afaria.
Txapelketa hilaren 19an izango da, eta tortillak aurkezteko epea 12:00etan amaituko da. Ordu horretan hasiko dira epaimahaikideak tortillak dastatzen. Aratz erretegiko Xabier Zabaletak, Bergara tabernako ordezkari batek eta Peio Garcia Amiano kazetari gastronomikoak osatuko dute. Lehenbizi, finalistak aukeratuko dituzte, eta gero, horien artean, txapelduna.