Zarauzko EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa sinatu dute, udalari "ahalik eta egonkortasun politikorik sendoena" emateko

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko uzt. 10a, 14:49

Xabier Txurruka eta Gloria Vazquez

"Herriak dituen gizarte, ekonomia, hirigintza eta ingurumen arloko askotariko erronkei aurre egiteko eta udal kudeaketan eraginkortasuna, parte hartzea eta gardentasuna bultzatzeko",  gobernua akordioa sinatu dute Zarauzko EAJk eta PSE-EEk. "Gure asmoa zarauztarren bizi kalitateari bidea emango dion eta proiektu estrategikoak bultzatuko dituen udal gobernu zabal eta sendoa osatzea da", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak (EAJ). "Udalarekin elkarlanean, zarauztarrak hiriaren garapena eta aurrera egiteko beharrezkoa dugun eraldaketa lortzeko bidea protagonista aktiboak izatea nahi dugu".

Adierazi du maiatzaren 24ean, hauteskundeetan zarauztarrek "izaera anitza" erakutsi zutela eta udalean ordezkaritza duten alderdiek ere "elkarrizketa bultzatzeko" borondatea izan dutela. Hori dela eta, akordio batera heldu dira EAJ eta PSE-EE, "historikoki" landu dituzten harreman eta esperientziatik abiatuta. PSE-EEko Gloria Vazquezek jakinarazi du hitz egiten hasi zirenen abiapuntua izan zela gobernu eraginkorra lortzea, Zarautzen aldeko lana egiteko. Hori planteatu ziela EAJk PSE-EEko ordezkariei. "Gure lan eta esfortzu guztiak zarauztarren alde  egiteko izango dira. Hori da politikarien lana. Horretarako, beharrezkoa da guztiok ildo bera bultzatzea".

"Zarautz anitza da eta aniztasun horrek bultzatzen gaitu ezberdinen arteko akordioak lortzera". PSE-EEko bozeramaleak aitortu du bi alderdien proiektuak politikoki "ezberdinak" direla, baina gai askotan bat egiten dutela. "Ados gaude herriko lehentasunak identifikatzeko orduan: jarduera ekonomikoa berpiztea, pobreziari aurre egitea eta politika soziala sustatzea, baliabide gutxien dituzten herritarrak laguntzeko". Halaber, bi alderdiek "argi" ikusi dute "geldirik egon diren proiektuak" martxan jartzeko beharra.

Akordioa zarauztarrentzat "positiboa eta aberasgarria" izango dela esan du Vazquezek. "Gure lehentasuna herria hobetzea eta herritarren bizi kalitatea ahalik eta onena izatea da". Eta horretarako lan egingo dute, "gardentasunez, ilusioarekin eta indarrez".

Jarduera ekonomikoa sustatu eta gizartea kohesionatu

Krisiari aurre egiteko, bi lan lerro nabarmendu dituzte. Batetik, lanaren eta jarduera ekonomikoaren sustapenari jarriko diote arreta, eta bestetik, gizarte kohesioaren aldeko apustua ere egingo dute. Lehen lan ildoari dagokionez, jarduera ekonomikoa eta berrikuntza bultzatzeko asmoa dute, inbertsio estrategikoekin eta enpresa, merkataritza, ostalaritza, turismo, kultura eta lanpostuak zein onura ekarriko dituzten beste jarduerentzat mesedegarriak diren neurriak hartuko dituzte.

Gizartea kohesionatzeko, zarauztarren aldeko aurrerapen ekonomiko eta soziala lortzeko lan egingo dute. "Ongizatea, gizarte kohesioa eta elkartasuna izango dira udal gobernu berriaren identitate ikurrak", dio alkateak. "Ezin daiteke inor bazterrean utzi. Herritar guztientzat bizi baldintza duinak bermatzeko politika sozialen aldek apustua egingo dugu".

Zazpi batzorde

Agintaldi honetarako, zazpi batzorde proposatu dituzte: Hirigintza; Gobernantza; Politika Soziala; Kultura, Euskara eta Hezkuntza; Kirola eta Gazteria; Turismoa, Ekitaldien Koordinazioa, Merkataritza eta Ostalaritza zein Giza Eskubideak eta Elkarbizitza. Azken hori berria da. Gainontzean, Koordinazioa zena Gobernantza batzordearen barruan sartu dute, eta aurreko azpisailak izango ditu, Herritarren harrera eta barne zein kanpo harremana, besteak beste. "Gure helburua da herritarrekin harremana erraztea. Pixkanaka-pixkanaka prozesuak sinplifikatu nahi ditugu, harremana gertukoagoa izateko herritarrekin", dio alkateak.

Horiek onartzeko ez ohiko udalbatzarra egingo dute ostegunean, hilaren 16an, 19:00etan.

Batzordeez gain, zinegotzi bakoitzaren ardurak ere onartuko dituzte. Karguak bi alderdien artean banatzeko asmoa dute. Txurrukak, alkate kargua izateaz gain, Hirigintza, Herrilanen eta Proiektuen ardura hartuko luke, Udalbatzak hala onartzen badu. Proposamena onartuz gero, hiru alkateorde izango dira: lehenbizikoa Jesus Arana (EAJ) , bigarrengoa Vazquez (PSE-EE)  eta hirugarrengoa Maite Garrastazu (EAJ).

Hona hemen gainontzeko zinegotzi karguen proposamenak:

- Barne Kudeaketa eta Giza Baliabideak; Ogasuna eta Finantzak; Industria eta Nekazaritza eta Herritarren harrera: Jesus Arana (EAJ).

- Udaltzaingoa; Babes Zibila; Mugikortasuna eta Hirigintza Diziplina: Maite Garrastazu (EAJ).

- Kultura, Euskara eta Hezkuntza zein Herritarren Parte Hartzea: Nekane Iribar (EAJ).

- Turismoa, Ekitaldien Koordinazioa, Merkataritza eta Ostalaritza: Ixidor Larrañaga (EAJ).

- Gizarte Zerbitzuak; Parekidetasuna; Lankidetza eta Haurtzaroa; Agenda 21 eta Ingurumena: Gloria Vazquez (PSE-EE).

- Azpiegiturak; Obra Txikiak eta Zerbitzuak zein Kirola: Iban San Martin (EAJ).

- Osasuna eta Hirugarren Adina: Miren Letamendia (EAJ).

- Giza Eskubideak eta Elkarbizitza: Imanol Lasa (EAJ).

- Immigrazioa: Iratxe Zorrozua (EAJ).

- Gazteria: Jon Andoni Urdangarin (EAJ).

Liberazioei dagokionez, Txurrukak, Aranak, Iribarrek eta San Martinek osoa izatea proposatu dute eta PSE-EEk beste bat. Garrastazu eta Larrañaga liberazio erdira jardutea eztabaidatuko dute osteguneko udalbatzarrean, eta beste liberazio erdi bat EAJko hiru ordezkariren artean banatzea, Letamendiaren (%20), Urdangarinen (%15) eta Zorrozuaren (%15) artean, hain zuzen.

Alkatearen soldata, berriz, urteko 65.000 eurokoa izatea proposatuko dute. Zarauzko EH Bilduk zazpi zinegotzi ditu eta Irabazi Zarautzek beste bi.