Elkartasun festa antolatu du Adela elkarteak Zarautzen, iganderako

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko uzt. 30a, 12:04

https://youtu.be/RIwCyMhwu5w

Beste urte batez, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA) duten herritarren eta senitartekoen aldeko elkartasun festa egingo dute Zarautzen. Igandean izango da, egun osoan zehar, Azken Portuko Tentenea plazan. Horren helburua herritarrak gaixotasun horren inguruan sentsibilizatzea da, eta baita dirua biltzeko ere, gaixotasunari lotutako errehabilitazio eta etxeko arretak sortzen dituen gastuak ordaindu ahal izateko.

Eguerdian hasiko dute festa, su artifizialekin. Tonbola ere orduan jarriko dute martxan. Aurten, 700 sari baino gehiago banatuko dituzte, tartean, Xabi Alonso eta Asier Illarramendi futbol jokalarien, Bera Berako jokalarien zein Albert Llobregat eta  Ander Vilariño gidariaren elastiko bana; Athleticeko jokalariek sinatutako beste bat;  Iñigo Mujika Euskalteleko txirrindulariaren mallot bat; Aritz Aranburu surflariaren taula bat eta produktu sortak.

13:00ak aldera herri paellada prestatzen hasiko dira, 14:00etarako prest egoteko. Bazkarian parte hartu nahi dutenek 10 euro ordaindu beharko dute.

Arratsaldean ere izango da zer egina Tentenea plazan. 16:00ak aldean, mus txapelketari ekingo diote. Txapelketa horretan ere sari garrantzitsuak banatuko dituzte: bikote irabazlee Karlos Argiñano, Akelarre eta Arzak jatetxeetan afariak eskuratuko dituzte. Haurrentzat, bestalde, jolasak eta tailerrak izango dira egun osoan zehar, eta

Ohi bezala,  Gipuzkoako Adela elkarteak antolatu du ekitaldia, bereziki,  zuzendaritzako kide den Juanjo Uria zarauztarrak eta haren ingurukoek. Haren emazteak, Ana Moskerak gaixotasun hori du duela hamar urtetik. Zarauzko Udalak, Turismo Bulegoak eta Irizar enpresak babestu du.

Sentsibilizazioa, "beharrezkoa"

Antolatzaileek nabarmendu dute AEAren inguruan sentsibilizazio lana «oso beharrezkoa» dela. Gaixotasunak nerbio sistema zentralari eragiten dio, eta neurona motoreak degeneratzen ditu, progresiboki.

Horren ondorioz, giharrak ahultzen joaten dira, paralisia eraginez. «Gaixotasun oso gogorra da duenarentzat zein haren senitartekoentzat», diote Adela elkartetik: «Izan ere, gaitasun motorea; komunikatiboa; arnasketa zein irensteko gaitasuna galtzen doaz, baina zentzumenak, gaitasun intelektuala eta begietako giharrak mantentzen dira». Jakinarazi dute gaixoa autonomia galtzen joaten dela, eta geroz eta laguntza gehiago behar izaten dutela euren egunerokoarekin jarraitzeko. Hori dela eta, «funtsezkoa» da elkarteen laguntza.

Juanjo Uria eta Ana Moskera