Sanmielak hemen dira Aizarnazabal, Zumaia eta Zarautz girotzeko

Ana Abarisketa 2015ko ira. 25a, 11:21

Gaztetxo ugarik hartu zuten parte, iaz, Aizarnazabalgo haurren danborradan (Miriam Tamayo)

Udazken koloretan sartuta hasiko dituzte jaiak Aizarnazabalen, Zumaiako Artadi auzoan eta Zarauzko Itxasmendin. Iraileko azken egunak girotuz lehertuko dira, gaur, sanmielak Aizarnazabalen eta Itxasmendi auzoan. Artadin, berriz, bihar hasiko dituzte jaiak.

Aizarnazabalen, tradizioari jarraituz, txupinazo antzeztua egingo dute jaiak hasteko. Antzerkizaleak dira herrian, pasa den larunbatean ere 1950. urtera lekualdatu baitziren, garai hartako bi gazteren ezkontza irudikatzeko. Eskaudiyola! izenburupean 40 bat herritarrek parte hartu zuten emanaldian, eta ehundaka herritar elkartu ziren udaletxearen bueltan. Herriko apaiza, guraso eta gainerako senideek, lagunek eta herriko abesbatzak, guztiek parte hartu zuten funtzioan eta ez zuen inork kale egin Euskal Jai Egunaren barruan estreinatutako emanaldira. Arrakasta handia lortu zuen.

Bestalde, sanmiel jaien barruan, Joxe Larrarte izango dute gogoan aurten ere, VII. Joxe Larrarte Memoriala ospatuko dute-eta. Gaurtik hasi eta asteartea bitartean izango da hori: pilota txapelketan 22 urtez azpikoek eta seniorrek hartuko dute parte. Azken egunean ospatuko dituzte finalak, 18:00etan. Biharkoa, berriz, parranda gaua izango da; txakolin dastaketaz eta XI. Mus eta Eskoba Txapelketaz gozatzeko aukera ere egongo da egunean zehar.

Igandea, irailak 27, egun handia izango da Aizarnazabalen, hamazazpigarrenez Helduen Danborrada antolatu baitute Gure Borda, Mikel Elkartea eta Gaztetxe taldeek. Beti bezala, gaueko 23:00etan astinduko dituzte danbor hotsak. Atzo egin zituzten azken entseguak helduek eta umeek. Azken hauek  bosgarren danborrada egingo dute, igandean baita ere, eguerdiko 13:00etan.

San Migel egunarekin bukatuko dituzte jaiak Aizarnazabalen, asteartean, baina egunak luze joko du, amaierako traka 22:30ean izango baita.

Sanmielak Itxasmendin (Onintza Lete Arrieta)

Auzotarrak festan

Zarautzen eta Zumaian ere dena prest dute festan murgiltzeko. Itxasmendi auzoan, eta urtero bezala, adin guztietako auzotarrak izan dituzte kontuan jaiak antolatzerakoan, eta egitarau zabala antolatu dute. Musika izango da egunotan protagonista nagusia, rock doinuak gailenduz. Gaur bertan dute zaleek hitzordua.

Zumaiara lekualdatuz, pottokak, erromeriak, jan-edana eta bertsoak izango dira nagusi. Trikitilari txapelketak ez du hutsik egingo, eta gazte mordoa gerturatuko da auzora, eguna alaitzera. Mikel Deunaren Eguna, asteartean, irailak 29, izango da festen azken eguna, eta bertsolariak gerturatuko dira auzora. Aurtengoan Amets Arzallus eta Xabier Euzkitze dira gonbidatuak, eta eurek jarriko die melodia egun handiari. Hiru egun handi daude aurretik, beraz, Zumaiako Artadi auzoan.

Autobus gehiago gauean

Egunotan Aizarnazabalera gerturatuko direnentzat autobus zerbitzuak gehitu ditu udalak. Larunbat gauean izango da hori, eta Zumaiatik eta Zestoatik aterako dira autobusak.

Bihar, Zumaiatik Aizarnazabalera autobusa egongo da gaueko 23:00etan, eta bueltakoa 04:00etan izango da. Zestoatik, berriz, 23:30etan aterako da autobusa larunbat gauez eta, itzulera, igandean goizaldeko 04:30ean izango da.

Artadi auzoko Trikitilari Txapelketa (Ibon Errazu)

AIZARNAZABAL

Gaur, irailak 25

17:30ean. Aizarnazabalgo V. Gazteen Eskuzko Pilota finalak. Infantilak eta kadeteak.

19:00etan. Txupinazo antzeztua eta, bukatutakoan, txupinazo ofiziala. Ondoren, herriko musika eskolako trikitilariekin poteoa.

22:00etan. VII. Joxe Larrarte Memorialaren finalerdiak. 22 urtez azpikoak: Laso-Garmendia / Etxeberria-Mendia. Seniorrak: Larrañaga-Murgiondo /Arteaga-Erasun.

00:00etan. DJ Olaberri, plazan.

Bihar, irailak 26

12:00etan. Txakolin dastaketa.

16:00etan. XI. Mus eta Eskoba Txapelketa (Izena ematea 15:30etik 16:00etara).

18:00etan. VII. Joxe Larrarte Memoriala. Sub 22: Peña-Martija / Bakaikoa-Salegi. Seniorrak: Santxo-Ander Imaz / Urbieta-Aizpuru. Ondoren, Elektrotxarangarekin poteoa.

23:30ean. Hira taldearen kontzertua herriko plazan. Amaitzean, Oihan Vega DJa.

Etzi, irailak 27

10:00etan. Goiz eresia herriko txistulariekin.

12:30ean. Meza nagusia.

13:00etan. V. Haurren Danborrada.

18:00etan. Harri-jasotzaile jaialdia: Joseba Ostolaza, Jokin Eizmendi, Joxe Ramon Izeta, Mikel Lopetegi, Aimar Galarraga eta Hodei Izeta. Ondoren, Ondalde harriarekin, txapela jokoan. Amaitutakoan, poteoa Zumai txarangarekin.

21:00etan. Danborradako partaideen afaria herriko elkarteetan.

23:00etan. XVII. Helduen Danborrada Zumai txarangarekin. Amaitzean, Joselu Anaiekin berbena herriko plazan.

Astelehena, irailak 28

10:30ean. Umeen txupinazoa alkate txikiarekin.

11:00etatik 13:00etara. Umeentzako jolasak: jumping, hiru puzgarri eta Espabilatu eta saltatu.

13:00etatik 14:00etara. Apar festa.

15:30etik 18:30era. Jolasak arratsalde erdian.

18:30ean. Buruhaundiak.

19:30etik 21:00etara. Egan taldearekin umeentzako dantzaldia.

23:00etan. Egan taldearen dantzaldia.

Asteartea, irailak 29, San Migel Eguna

10:00etan. Herriko txistulariekin goiz eresia.

11:00etan. Meza nagusia.

12:00etan. XXXI. Sagardo Lehiaketa eta txorizo dastaketa. ondoren, herritarren arteko bolo lehiaketa.

18:00etan. VII. Joxe Larrarte Memorialeko finalak jokatuko dituzte.

20:00etan. Obaneuke taldearen berbena.

22:30ean. Amaiera traka.

ZARAUTZ

Gaur, irailak 25

18:30ean. Jaien hasiera, traka eta suziriak.

19:30ean. Pintxo potea karpan. Segidan, diskoteka auzoko gazteentzat DJ Davilaren eskutik, karpan.

23:30ean. Rockalean taldearekin rock kontzertua kalean.

Bihar, irailak 26

11:00etan. Arku-tiru lehiaketa izango da 14 urtetik gorakoentzat. Gostiola Armeria laguntzaile bezala.

11:00etan. Toka txapelketa, Artelan laguntzaile bezala.

14:30ean. Herri bazkaria karpan.

20:30ean. Itsas-Rock jaialdia. Hasiera emateko Valladolidetik etorritako taldea: Iron-What, Iron Maiden-en soinuekin gozatzeko. Jarraian, Leize talde mitikoaren kontzertua. Jaialdia bukatzeko, Picadura taldeak Barrikadaren soinua eskainiko du.

23:15ean. Su artifizialen erakustaldia.

Etzi, irailak 27

11:30etik 13:30era. Haurrentzako parkea, bost puzgarriz osatua (Itsasmendi auzo elkartearen laguntza bereziari esker).

13:00etan. Patata tortilla lehiaketa (oinarri bazala patatak eta arraultzak). Saria Amezti Gain sagardotegiak emango du.

16:00etatik 19:00etara. Berriro puzgarriak eta, ondoren, apar festa. Segidan, dantzaldi erakustaldia Itxasmendi auzo elkarteko dantzarien eskutik. Ondoren, DJ Davilak jaien amaiera girotuko du musikarekin.

18:00etara. Egunean zehar txahala burruntzian erreta eskainiko da.

ZUMAIA

Bihar, irailak 26

16:30ean. Zezenak eta pottokak.

18:00etan. Agility (txakurren trebezia erakusketa). Ondoren, sagardo dastaketa. Erromeria Aratz eta Eneritz trikitilariekin.

Etzi, irailak 27

11:00ean. Meza.

12:00etan. Idi eta zaldi erakustaldia: Dilubiyuak ekarritako harria-rekin. Altunaren idia. Aitor Santa Klararen zaldia.

14:00etan. Bazkari herrikoia (txartela aurrez erosi behar da).

16:30ean. Zezenak eta pottokak.

18:00etan. Artadiko XVII. Trikitilari Txapelketa. Julen Alonso eta Eneritz Aulestia, Eneko Arbeo eta Mireia Ibabe, Naiara Mantzizidor eta Jugatz Oleaga, Alaitz Urdalleta eta Aiala Etxabe. Ondoren, erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.

Asteartea, irailak 29

11:00etan. Meza.

12:00etan. Lehen mailako afizionatuen pilota partida binaka. Azketa-Pujana eta P.Labaka-Urizar.

13:00etan. Txakolin dastaketa. Bertsolariak Amets Arzallus eta Xabier Euzkitze. Trikitilariak Ion Ostolaza eta Unai Andonegi.

Arratsaldean, bertsolarien bigarren saioa. Erromeria Ion Ostolaza eta Unai Andonegi trikitilariekin.