"Zapaldutako egia eta justizia" aldarrikatu dituzte Txiki eta Otaegiren omenaldian

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2015ko ira. 27a, 17:53

Gaur 40 urte bete dira Jon Paredes Manot Txiki zarauztarra, Angel Otaegi azpeitiarra eta FRAPeko hiru kide–Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz–fusilatu zituztela. Hori dela eta, ekitaldi bereziak egin dituzte. Zarautzen, urtero legez, hilerrian elkartu dira Txikiren senitartekoak, herritarrak eta askotariko instituziotako ordezkari politikoak. Ehunka pertsona bildu dira  Txikiren hilobiaren aurrean.

Urtemuga borobila izaki, Itziar Aizpuruak hartu du hitza. Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide ohiak "bidean ekinez joan diren guztiak" izan ditu gogoan, "Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa eraikitzeko bizitza eman" duten guztiak, "oraindik espetxean zein atzerrian bizi diren" bizi direnak eta baita "sufritzen ari diren senitartekoak" ere. "Agur eta ohore guztioi". Bereziki, Txikiren eta Otaegiren amak gogoratu ditu.  "Nuarbeko Maria aspaldi joan zen gure ondotik, baina zuri, Maria Manot, esan nahi dizugu denon ama zarela. Zu zarela herri sufritu honen ama eta adibide garbia".

Nabarmendu du Txikiren eta Otaegiren bidea jarraituko dutela, haien ametsak. "Garaipena lortuko dugu, herri hau libre izatea lortuko dugu". Gaurko eguna "zapaldutako egia" aldarrikatzeko eguna da Aizpuruaren iritziz. "Egia da behar duguna, Frantziar zein Espainiar Estatuek eragin duten egia krudela, ezkutatuta dagoena. Guztiok behar dugu jakin Txiki eta Otaegiren egia; Xabi Etxebarrietarena; Joxe Arregirena; Lasa eta Zabalarena; Josu Zabala Basajaun-ena; Popo Larrerena; Josu Muguruzarena; Naparrarena; Jon Antzarena eta beste hainbat eta hainbaten egia".

"Benetako bakea" lortzeko beste biderik ez dagoela esan du. "Normalkuntza bizi ahal izateko, beharrezkoa da herri honen eskubideak aitortzea". Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kidearen esanetan, protagonismoa euskal gizarteak hartu behar du egia eraikitzeko, herri normalizatuan bizi ahal izateko eta askatasuna eskuratzeko. "Herritar guztion esku dago, ez alderdi politikoen eskuetan soilik. Guk exijitu behar diegu alderdiei eta sindikatuei egiaren defentsan buru-belarri jarduteko".

Borrokalari guztiak, biktima guztiak lelopean egin dute ekitaldia, eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Martxelo Alvarezek azaldu du zergatia: "Gaur hemen omentzen ari garen bost kideak ez ditugu aitortzen frankismoko azken fusilatuak direlako soilik; borrokalari antifaxistak izan zirelako ere omendu nahi ditugu. Armekin egin zuten borroka, baina armekin ezarritako erregimen baten aurka. Inork ezingo die bide hori hartu izanaren legitimitatea kendu". Ildo horretatik, Piru, Tapi eta Xenki gudari zarauztarrak ere aipatu ditu, "Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu zutelako".

"Eredu internazionalista"

Hilerriko ekitaldia bukatuta, Txikiren etxerainoko bidea hartu dute bertaratu direnek. Bertan Askapenako kide batek hartu zuen hitza. "Guretzat Txiki eredu internazionalista bat izan zen. Extremaduran jaiota, gure herrira etorri zen eta bere bizia eman zuen askapen prozesu honen mesedetan".

Urriaren 19an egingo da Askapenako bost militanteren kontrako epaiketa, eta horren aurrean lan internazionalista "lehen baino ozenago" aldarrikatuko dutela nabarmendu du. Seina urteko kartzela zigorra eskatu dute horientzat, eta baita Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen legez kanporatzea ere, ETA eta nazioarteko eragileen arteko bitartekari lanak egitea leporatuta.

Askapenako ordezkariak omenaldia aprobetxatu du adierazteko herri epaiketen bidez erantzungo dietela epaiketa politikoei. Hala, hainbat ekitaldi antolatu dituzte epaiketa horri aurre egiteko. Larunbatean egingo dute Zarautzen, 20:00etan Musika Plazan.

Aritzbatalden ekitaldi nagusia

Aritzbatalde pilotalekuko armailak goraino beteta, 13:30 pasatxoan eman diote hasiera eguneko ekitaldi nagusiari. Revuelta eta Etxebeste bikoteak Viento de libertad abestu dute hasiera emateko, eta ondoren aurreskua dantzatu diete oholtzara atera diren Txiki eta Otaegiren senitartekoei. Oroigarri bana eta krabelin gorriak eman dizkiete familartekoei.

Dantza garaikide erakustaldia eta errezitaldia ere egin dituzte gero. Bitartean, senitartekoek zein gertukoek lurra bota zieten bi gudarien argazkien artean zituzten zuhaixkei.

Ondoren, AMMko eledun izandako Juan Mari Olano atera da agertokira eta irakurketa politikoa egin du. "40 urte dira Francoren erregimenak Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideak hil zituela. Urtero, irailaren 27an gogoratzen dugu borrokak ekarri gaituela honaino eta horrek eramango gaituela askatasunera".

Frantziako eta Espainiako Estatuek indarkeria "egia bakarraz" hitz egiten dutela nabarmendu du, "herri honetako sufrikarioa ezerezean utziz". "Hori izan da egia ofiziala; inoiz ez dute onartu gatazka politikorik dutenik herri honekin". Baina Euskal Herriak "amuari kosk" ez diola egingo esan du.  "Guk, berrogehi urtetaotako borrokaren irakaspena jasoz, gure bidetik jarraitu behar dugu herri honen aitortza lortzeko".

Eusko gudariak abestuz amaitu dute ekitaldi nagusia.

Larunbatean Nuarben (Azpeitia) Angel Otaegi gogoan hainbat ekitaldi egin zituzten. Uztarria.eus-ek jaso du horren berri.

[flickr_set id="72157659099169116"]