XX. mendearen hasieratik hona jende askok esan du: «azken berrogeita hamar urte hauetan mundua gehiago aldatu da aurreko hiru edo lau mendeetan baino». Azkeneko aldaketak teknologia berriekin etorri zaizkigu. Nork sinets zezakeen, duela urte batzuk, horrelako zerbait posible zela?

Dena dela, beti dugu gauzak bere neurritik kanpo ateratzeko joera, eta ziurtzat jotzen dugu Interneten «dena» dagoela, edozein informazio daukagula eskuragarri; baina hori ez da egia, eta egia ez dela frogatzeko doakizue kontakizun hau.

Duela berrogeita hamar edo hirurogei urte, feudalismoaren garaietatik zetozen eta gaur egun ia atzenduak dauden hainbat lan-erlazio ezagunak ziren. Urrutira joan gabe, Zarautzen bertan, Narroseko markesak jartzen zituen lurra eta lanerako tresnak, nekazariak lantzen zuen markesaren mahastia, eta uzta erdibana banatzen zen nagusia eta lan egin zuenaren artean.

Beti iruditu zaigu lur-jabeen eta lur-langileen kontuak Andaluziakoak izan direla gehiago gure ingurukoak baino, baina 36ko Gerraren aurretik Narroseko markesa (Marcelino Azlor de Aragón y Hurtado de Zaldivar Jaun Txit Gorena) Gipuzkoako lur-jabe handiena zen, eta Espainiako handienetakoa.

Marcelino Parisen hil zen 1936. urteko urriaren 5ean (datorren astelehenean hirurogeita hemeretzi urte beteko dira) osasuna denbora luzez galdu, gaixotasun luzea pasatu eta azkeneko ebakuntza gainditu ezinik zendu zenean. Hil aurretik, ordea, in articulo mortis ezkondu zen bere adiskidearekin. Nolako eskandalua!

Seguru asko hasieran ez zen gehiegi aipatuko kontu hori, jendeak nahiko lan bai baitzuen elkar akabatzen gerran, baina pentsatu zer izango zen gero, gerra amaitu ondorengo urte nazional-katoliko gris etsigarri haietan markesaren alargun frantses bekatari hura erlijioz harrotutako noblezia gaizki-esaleen ezpain eta miztoetan bolo-bolo zebilenean!

Ordurako berrogeita lau urte zituen andereñoak, eta markesaren ondasunak usufruktuan jaso zituen (euskaraz gozamen-ondasunak izendatu behar omen dira usufruktuak, ez dago gaizki istorio honetan), baina sekula ez Espainiako jauntxoen onarpenik.

Mutiko koskortua nintzela iritsi zen nire belarrietara markesa anderea señorita de compañia izandakoa zela; eta, señorita de compañia horiek nolakoak ote ziren jakin-minez, zelatatu izan nuen guk lantzen genuen mahasti-barrenetik Parrokiaren alboan zegoen arrosadian paseatzen zen bitartean. Bizpahirutan egokitu zitzaidan markesa anderea ikustea. Nire dezepziorako señorita de compañia hura dama bat besterik ez zen, nahiko atsotua, buruan pamela handi batekin, eta besoa luzatuz lorezainari adierazten ziona, hau, hori eta hura, bildu behar ziren loreak zein ziren.

Berrogeita hamar bat urte pasatu dira ordutik, eta, aurreko batean, marquise hari buruz apurtxo bat gehiago jakiteko gogoa piztu zitzaidan. Internetera jo eta, lehen begiratu batean, ez nuen arrastorik aurkitu. Kontuan izateko aipamen bakarra zen Narroseko markesek (herriko jabeek, tartean markesa alargun usufruktuduna) Nafarroako Traibuenas kontzejua saldu zietela bertakoei. Markesak laurogeita bederatzi urte zituen orduan, hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago.

Ez dut uste ezer zor diodanik markesa andereari, baina egoskortu nintzen emakume horri buruz informazio gehiago aurkitzen, amorrua ematen didalako jauntxoen hipokrisiak. Ez zen lan erraza izan!

Interneten ez dago dena. Espainiako nobleziak ezabatu egin du bere genealogia ofizialetik Narroseko markesaren izena eta izana. Eta jauntxoek ezabatuta nahi badute, nahikoa da nik agerian nahi izateko. Norbaiten jakin-mina piztu badut, gogoan hartu Germaine Bouchez izena zuela Narroseko markesa Andere Txit Gorenak eta Gustave Pimienta zizelkariaren babeslea izan zela.