Badira bizi-iraungipen datara iristen ari diren hitzak, aurki desagertuko direnak, alegia; eta horien artean dago, seguru asko, boladu. Inork gutxik gogoratzen du gaur egun (edadean aurrera samar joana ez bada, behintzat) zer diren/ziren boladuak. Gazte jendeak ez du halakorik ikusi, jakina, eta gutxiago dastatu.

Zientoka freskagarri (esan beharko genuke edari azukredun?) erraz eskura daitezkeen gure mundu honetan nahikoa arraroa egiten da irudikatzea ur hotzetan urtzen zen eta edari gozo lausoa sortzen zuen azukrezko belaki bat izan zitekeela txokolate egin beroari laguntzeko gauzarik egokiena. Horrelaxe zen, ordea, oso urruti ez dauden garai batzuetan. Horixe baita boladua: txokolate beroarekin batera dastatzeko edota txokolatearekin batera edaten zen ura gozatzeko azukrezko belakia, hau da, fantasiazko azukre kozkor dotorea.

Gozogileek diotenez, osagaiak ezin arruntagoak dira (ura, azukrea, arrautza-zuringoa eta limoi-zukua), baina boladuak egiteko erabili beharreko teknika benetan korapilotsua omen da. Kantitateak zehatz-mehatz neurtu, tenperatura zaindu, azukrearen puntua ondo ezagutu, limoi-zukuz nahasketa kastigatu… Esan nahi da, gauza ez dela batere erraza, kosta egiten dela boladuak egitea. Dena ondo aukeratu eta hobeto kontrolatu behar dela.

Horrelakoetan maiz gertatzen denez, berehala izan ziren hainbat asmazio, sineste eta mito erakusten zutenak egiten hain zaila zen hura errazago nola egin. Esaterako, metal-ura erabiltzea ezin hobea omen zen boladu santu horiek egiteko; zer ikusirik ez kanilakoaren urarekin! Eta Jai Txikiko ura? Sekulako ospea zuen Jai Txikiko urak eginkizun horretarako, nahiz ez izan metal-ura. Jai Txikiko urak harrotzen zituen harrotu beharreko azukre guztiak!

Nik ez dakit gozogileek jarritako ospea izango zen ur harena, baina iturri horrek entzute handia izan du zarauztarren artean, eta, garai batean, jende asko joaten zen haraino ur bila, oinez edo bizikletaz.

Zarautzi buruz egindako deskribapenean, Pascual Madozek aipatzen du Santa Barbarapeko magalean dagoela delako iturri hori, itsasertzean, haitzen artean; eta itsas mailatik hain hurbil dagoenez, hainbat aldiz itsas haserretuak ur gaziz betetzen duela iturriaren uraska. Madoz jaunak iturriaren izen zaharra ere argitzen digu: Hitzekoiturri.

Halaxe omen zuen izena. Gero, iturriaren gorenean, bidean beste aldean, eraikinen bat egin zuten frontoi txiki bat eta guzti, eta Jai Txiki jarri izena. Frontoi horrek eman zion izen berria iturriari.

Duela hamabost bat urte edo Zarauzko uholdeak baztertzeko Igeraindik itsasoraino egindako tunelak agortu zuen betiko mendeetan ura isuri zuen iturria. Horrez gain, iazko denboraleek suntsitu zituzten iturri agortuaren inguruan zeuden bazterrak, eta gaur egun hesituta daude errepidetik beherako eskailerak. Esango nuke hasi zaigula ahazten han noizbait iturri bat izan zela ere.

Gure oroimenetik ezabatzen hasia dugu, beraz, Jai Txiki izena (oraindik harri batean zizelkatua dagoela uste dut, gaitz erdi!), eta baita izen hori zuen iturriaren memoria ere. Ahaztua dugu erabat iturriaren lehengo izen zaharra, Haitzekoiturri, eta agortua sekulako haren ur-emaria (tunelak egitearen zehar-kalteak). Bestalde, aurki desagertuko diren hitzen artean daukagu boladu hori ere, gaur egunean txokolate egina hartzen dutenek ahaztua baitute dagoeneko. Horregatik ekarri dut hona. Beste pixka batean, aste honetan behintzat, iraun dezan gure memoria eta ezpainetan.