Elkarretaratzeak egin dituzte eskualdean, eraso sexisten kontra

Urola Kostako Hitza 2015ko aza. 25a, 20:09

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur  eta mobilizazioak egiten dira han eta hemen. Hona hemen irudi batzuk:

Azpeitia. E. Albizu Lizaso

50 lagun inguruk elkarretaratzea egin dute Azpeitian. Bilgune Feministako irakurketarekin bat egin dute haiek, eta esan dute “emakumeen kontrako indarkeria normaltzat duen bake egoera neutralizatuan” bizi direla, gaur egun. Gogorarazi dute emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak bereizteko tresna bat dela indarkeria sexista, eta unean uneko erantzunak soilik ematen direla indarkeria horren kontra. “Feministok indarkeria sexistaren aurka 365 egunetan dihardugu”, jakinarazi dute. Autodefentsa feminista eta erantzuteko gaitasuna jarri dituzte erdigunean, aurrera egiteko baliabide gisa.

Honakoa da adierazpena, osorik:

Hala diote, normalizazio prozesua bizi dugula Euskal Herrian. Patriarkatuaren funtzionamendu “baketsua” alegia? Bakea, ez da soilik indarkeria jakin baten eza, eta bistan da. Emakumeok ez baikara “bakean” bizi, ez behintzat emakumeon kontrako indarkeria normaltzat duen bake egoera neutralizatu honetan: zeinetan, emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, kolpeak, prekarietate eta muturreko pobrezia egoerak, etab eguneroko errealitate diren.

Indarkeria sexistarekiko tolerantzia 0. dioten hitzak, puntu moreak edozein denda eta tabernetan, pankartaren atzealdean ordezkari politikoak edonoiz; geroz eta kontzientziatuagoa dago jendartea eraso sexisten gaiarekin: ados. Oso erosoa eta komenigarria izan daiteke aldarrikapen hauekin bat egitea, lanketa formal eta politikoki zuzenak egitea, «feminista naiz» etiketa jartzea, erasoa beti kanpoan kokatuz, nor bere burua zalantzan jarri gabe eta errora jo gabe.

Erantzunak puntualak izaten dira, eta inondik inora emakumeok eta identitate ez normatiboek jasaten dugun indarkeriaren tamainakoak. Bada berriro azpimarratzen dugu; indarkeria sexista, sistema patriarkalaren makineriak darabilen tresna dela emakumeok azpiratuta betikotzeko, jendartean gizon eta emakumeon arteko botere harremanak mantentzeko. Batzuk, boterearen jabe, aktibo, dirudun, ar alfa… izaten jarrai dezaten eta besteok, des-botere, pasibo, pobre, abegikor jarrai dezagun. Hala, intentsitate baxu zein altuko indarkeria bortitzenak (emakumeen erailketak, bortxaketak, eraso lesbofoboak, esplotazioa…) eguneroko errealitate eta bizipenak dira gure bizitzetan; hemen inork ez du alerta egoera deklaratzen astero- astero bortxaketa salaketak prentsan albiste ditugunean edo sei emakume erailtzen dituztenean Euskal Herrian urte batean.

Sistema heteropatriarkalean, etengabe erasotzen ari gaituzten honetan, feministok, indarkeria sexistaren aurka 365 egunetan dihardugu. Batzuetan pankartaren atzean, besteetan, instituzio publiko politikoekin protokoloak elkarlanean lantzen, indarkeria sexistaren aurrean asistentzia eta babes sareak ehuntzen, jaietan emakumeontzako espazio seguruak sustatzen, indarkeria sexistaren egitura osoaren kontzeptualizazioa jendarteratzen, Autodefentsa Feminista tailerrak egiten. Besteetan, aldiz, ileorde, buru beroki nahiz kuleroak buruan jarri eta lapurtu nahi izan dizkiguten kale eta gauetan barrena erantzuteko prest gaudela. Bati erasotzen digutenean guztioi erasotzen digutela ozen oihukatzen jarraituko dugu.

Emakume bezala sozializatuak izan garenok, oro har, beldur dosi handiz elikatu gaituzte txiki-txikitatik. Ez digute utzi beldurra erantzun bilakatzeko gaitasunez jantzi. Are gehiago, sozializazio prozesuan zehar, gure buruarengan segurtasuna izatea ahalbidetzen duten esperientziak ukatu dizkigute, gure barne-mugak errotuz. Bortxaketa esaterako, emakume guztiok emakume izate hutsagatik bizi dugun mehatxua izanik gure ekintzak eta espazioan egoteko moduak mugatzen ditu. Honek izen eta helburu argia dauka: indarkeria eta kontrola.

Baina, zein da ordea, jendarte honen (eta bere botere harremanen) parte diren beste subjektuen zeregina? Bada garaia sistema honek sortzen duen beldur eta biolentzia arduraz kudeatzeko, erradikaltasunez, hots, arazoaren errora joaz norberaren jardunetik gure praktika politiko kolektiboetara pasatuz. Ardura lekualdatu, banatu, eta indarkeria sexistaren aurkako borrokan apustu garbiak egiteko garaia dugu, bakoitza bere eremutik, norabide berdinean.

Indarkeria sexistaren aurrean autodefentsa feministaz ahalduntzea izan zen eta da gure hautua, eta bide honetan jarraituko dugu indarkeriak gure bizitzak kolpatu bitartean. Behar, ardura eta zilegitasun osoa daukagulako gure buruengan sinetsi, saretu eta blokeatzen gaituen beldurra erasoei erantzuteko emozio aktibatzaile bihurtzeko. Emakumeok erasoen aurrean, biktima gisa jarduten dugun bitartean, jendartean ez da arazorik. Baina ahalduntzean, erantzuten dugun momentuan gure erantzuna zalantzan jartzen da, zigor zuzen nahiz sozialen bitartez. Gu, erantzuteko eskubidean berresten gara, gure bizitzak jokoan daudelako, guk ez badugu egiten ez duelako beste inork egingo.

Bakearen aroa bada, izan dadila denontzako bake garaia.

Euskal Herriko Bilgune Feminista

Zarautz. Ainara Lozano

Zarautzen ere jende ugari bildu da Eraso sexisten aurrean autodefentsa feminista lelopean. Elkarretaratzean honako adierazpena irakurri dute:

Beste aldean

Udabete eraso sexisten aurkako protokolo eta udabete eraso sexista. Mendebete eskubideen aldeko borroka eta, mendebete baten barruan, hamasei bizi urte, harnasei hezkuntza urte. Elizondon bortxatu egin du gizon gazte batek.

Nafarroako Ikastolen elkarteak eta Baztango Udalak gogor salatu dute gertatutakoa, noski. Horren ondoren, bortxaketa izan dela Elizondon. Emakumezko tertuliakideari galdetu diote lehendabizi mahai inguruan horri buruz. Berak gehiago baleki bezala. Bera autorizatuago balego bezala. Adituagoa eta aludituagoa.

Emakume bat hil dutela Erandion. Emakundek baieztatu du hilketa matxista izan dela. Emakundek baieztatu behar du hori? Bikotekideak emaztea hil duela Gixunen. Mugimendu Feministak deitu du elkarretaratzea. Uda honetan gizonen sexu eraso asko, gehiegi izan direla. Emakumezko bertsolariei jarri diote gaia.

Eraildako emakumeari berari galdetuko litzaioke, ahal balitz, zer pentsatzen duen bortxaz, gogorra dela eraila izatea, ezta? Berari galdetuko litzaioke, ahal balitz. Bera balitz bezala kontu honetan protagonista. Bera balitz bezala ekintzaren hartzailea eta egilea aldi berean. Are gehiago, eragilea esango luke epaileren batek.

Genero indarkeriaren balantzan, pisu guztia, galdera guztiak, arazo guztia alde batean dago. Emakumeena da pairamena eta baita erantzukizuna ere. Balantzaren beste aldea ez dago. Oro har, ez da aluditua sentitzen, ez da erasotzailearekin identifikatzen, ez du nahi, nahiz eta euretakoa den. Eta ez da emakumearekin identifikatzen, nahiz euretakoa den. Genero indarkeriaren balantzan, beste aldeak ez daki, ez du erantzuten. Eta antza, ez du erantzukizunik. Jo duten emakumeari berari jartzen dio bizkartzaina gobernuak. Kalera, festara doan alabari berari jartzen dizkiote arauak gurasoek. Zentzuz jokatzeko eta erne ibiltzeko.

Denbora laurdenik ematen da zentzuz jokatzeko eta erene ibiltzeko esaten semeari? Denborik ematen da lantzen zein harreman duten semeek, gizonek oro har sexuarekin? Hura baita benetako protagonista. Beste aldean, hor dago, esaldi hauen guztien subjektua, gizonezkoa. Eta gizonezko horiek gure etxekoak dira, gure herrikoak, gure festetakoak. Ez dira besteak.

Ez nuke nahi inor, eta are gutxiago denak, seinalatu eta kulpabilizatu. Berez nahiago nuke beste aldea, kulpa eta beldur terminoetan ez hitz egin. Baina ez dakit beti ahal den. Beldurra aldatuko dugu, aldarrikatu zuen mugimendu feministak, eta mezuak baino gehiago, ekintzak, hautsak eta ahotsak harrotu ditu. Ez diot orain eztabaita horri hauspo emango. Berdurra aldez aldatu behar den, ez dakit. Baina ardura aldez aldatu behar dela ez daukat zalantzarik.

Getaria. Aiora Larrañaga Solaberrieta

 

Aizarnazabalen udaletxe azpiko arkupean batu ziren, Emakumeon aurkako biolentziaren kontra, gure buruak bizirik nahi ditugu! lelopean.

Udaletxe azpiko arkupean egin zuten elkarretatzea. (Hitza)