Eneritz Arzallus 'Gure kabuz ala hil' dokumentaleko kidea: "Ez da alternatiba bakarra existitzen, aukera asko daude"

Ana Abarisketa 2016ko urt. 7a, 10:56

Eneritz Arzallus (Ana Abarisketa)

Epe laburrean sortutako lana da Gure kabuz ala hil (2015) dokumentala. Beste gizarte eredu batekin amesten duten sei gazte daude lan mardul honen atzean, eta Eneritz Arzallus (Errezil, 1991) da horietako bat. Gainerako lantaldea honako kide hauek osatzen dute: Onintza Rojas, Xalba Ramirez, Itsaso Zubiria, Iraitz Salegi eta Lander Arretxea. Ernai eta Topatu.eus-en babesari esker lortu dute lana aurrera ateratzea. Urola Kostako Hitza-ri azaldu dizkio errezildarrak proiektuaren nondik norakoak.

Zertaz doa Gure kabuz ala hil dokumentala?

Alternatiba sozio-ekonomikoen inguruko dokumentala da, gazteei zuzendua. Egoera ezegonkorrean bizi garen sei lagun elkartu ginen, bizitzeko beste modu bat posible ote zen elkarri galdezka. Denok gatoz gazte mugimenduetatik eta beti antolatu izan gara geure erara. Konturatu ginen ekonomia ez dugula inoiz geure gain hartu, eta geure buruak eraldatzeko atal garrantzitsua dela. Alegia, gazte mugimenduak antolatzeko duen eredua –horizontaltasunean, autogestioan eta parekidetasunean oinarritua– posible zela ekonomia alorrera ere zabaltzea.

Alternatiben inguruko gogoeta bat da, beraz.

Dokumentalak momentu honetan Euskal Herrian garatzen ari diren ekonomia alternatiba ezberdinak aztertzen ditu, eta hogei proiektu desberdin jartzen ditu erakusleihoan. Guztiak autogestioan oinarritzen dira, eta beraien kabuz hasi dira proiektuak antolatzen. Arlo desberdinak lantzen dira: elikagaiak eta lehen sektorea, kontsumoa, hezkuntza, aisialdia, etxebizitza, zaintza edo energia. Zuberoatik hasi eta Tuteraraino jaitsi gara, proiektua ahalik eta anitzena izan dadin. Hauen guztien helburua da, halere, kapitalismoaren logikatik ateratzea.

Zeintzuk dira alternatibak?

Esan bezala, eredu desberdinak agertzen dira dokumentalean. Kooperatiba itxura eman dioten tapiztegi bat dugu, adibidez, bi neskak kudeatzen dutena. Lanari bizitza duin bat mantentzeko forma ematen diote: ez dute nagusirik, eta ordutegia beraien erara moldatzen dute. Gazte askok, ordea, ez dute horretarako aukerarik orain.

Dokumentaleko beste eredu batzuetan sistematik kanpo sortu nahi dute alternatiba hori, bizitzaren esparru guztietara zabalduz aldaketa. Gasteizko Errekaleor auzoa da horren adibide. 120 lagun inguru bizi dira auzoan. Hasieran etxebizitza alternatiba eraikitzea zuten helburu, eta gero konturatu ziren eredu hori bizitzako esparru guztietara eraman beharra zutela aske bizi ahal izateko. Errekaleor bizirik! proiektuari esker, kontsumoa, ekoizpena, hezkuntza edo feminismoa ari dira lantzen auzoan bertan, eremu bakoitzari alternatibak sortzen saiatuz. Galdakaoko Ortuondo gaztetxea da beste adibide bat, auzo-ekonomia dute beraiek oinarri.

Zer da lortu nahi duzuena?

Gure helburua da egoera desegonkorrean bizi diren gazte guztiei erakustea bizitza aurrera ateratzeko beste modu batzuk existitzen direla. Badakigu ez dela erraza, baina posible da. Bide horretan ez da beharrezkoa Errekaleor auzoraino bizitzera joatea, egunerokotasunean sortu ditzakegu alternatibak.

Nola jaio zen dokumentala?

Ernaiko gazteen artean sortu zen kezka. Topatu atarian egiten nuen nik lan, eta gugana jo zuten. Ikus-entzunezkoak, kazetaritza, biokimika, publizitatea... alor desberdinetatik gatozen gazteak gara. Uste dut gaiak batu gintuela batez ere, dokumentalak berak baino. Apirilean egin genituen aurreneko bilerak, eta ordutik orain arte krisi konstante bat izan da. Elkarrizketa bakoitzak ez zuen bestearekin zerikusirik eta, ondorioz, mezu zehatz bat emateko gaitasuna falta zitzaigun. Gero konturatu gara ez dela alternatiba bakarra existitzen, aukera asko daudela bidean.

Nola otu zitzaizuen dokumentalaren izenburua?

Batek baino gehiagok esan digute Gure kabuz ala hil izenburua gogorra edo bortitza iruditzen zitzaiela. Uste dut Irati Mogollon soziologian adituak ondo azaltzen duela mezua dokumentalean. Hark dio garapena deitzen dioten sistema ekonomiko honen barruan hiltzen edo usteltzen ari garela; hizkuntzak, kulturak edo ingurunea hiltzen ari diren bezalaxe. Egoera honi aurre egitea gure esku dago.

Urola Kostako kasurik agertzen al da dokumentalean?

Orioko Zingira kanpineko eskola alternatiboa agertzen da. Kanpina udan irekitzen dute, baina hitzarmen bati esker urtean zehar guraso talde batek irekitzen du eskola. Gurasoek beraiek nahi duten bezala hezi nahi dituzte haurrak, eta horretan ari dira.

Zein fasetan dago filma?

Apirilean hasi eta azarorako bukatu genuen. Durangoko Azokan izan ginen eta aurkezpen bira hasi genuen, herrietan eztabaidak sortzeko. Gaztetxeetan dokumentalak botatzen ari gara, eta eztabaidak sortzen. Zarauzko Putzuzulon urtarrilaren 24an izango gara, 18:00etan. Eztabaida horiek guztiak jasotzen dituen txostena Topatu.eus-en argitaratuko dugu otsailean. Dokumentala gazte mugimenduarekin gaia lantzeko tresna da guretzat.

Crowdfunding-a erabili duzue, nolako esperientzia izan da?

Irailean jarri genuen kanpaina martxan eta sekulako harrera ona izan zuen. Oso erraz lortu genuen diru kopurua.

Filma lortzea posible al da?

Interesa dutenek topatu@gmail.com helbidera idatzi dezakete.