Ez dakit hego-haize zoroko aurtengo udazken honek eraginda izan den, baina azken aldian pentsatzen hasia nago hegaztiei eskaintzen diegun tratu bera eman beharko geniekeela hitzei. Esan nahi dut, nire zoroaldian txori txikien kategoria bera eman nahi diedala hitzei. Horrela, izango genituzke erabat desagertu diren hitzak, dagoeneko ez direlako erabiltzen, baina baita babestu beharreko hitzak ere, desagertzeko zorian daudelako.
Esaterako, txikera izango litzateke euskaldunon ezpainetatik desagertutako hitz bat. Egia da hiztegietan xukadera izenarekin agertzen dela, baina esango nuke desagertzekotan dagoela handik ere.
Zer esan nahi duen?
Lehen izaten ziren arotzek egindako halako zurezko tramankulu handixka batzuk nolabaiteko kaiolaren antza zutenak eta ontziak (platerak eta edalontziak batik bat) lehortzen edo xukatzen uzteko erabiltzen zirenak. Bada, horiexek ziren txikerak.
Txiliku zaharrean bazen halako bat eta txikera deitzen zitzaion; baina hura ere zahartu zen halako batean, eta berriago bat ekarri genuenean, dena burdina eta plastikoa, beste zerbait zela irudituta edo, lehengo hitz jatorra ahaztu eta kalean zuen izen erdalduna eman genion: escurridera, eta akabo! Beraz, esan genezake ontzi-xukadera zaharrarekin batera joan zela sutara hura izendatzeko hitza ere, eta dagoeneko ezinezkoa izango dela hura berpiztea ontzi-garbigailuak ontziak garbitu eta lehortu egiten dituen garai honetan alferrikakoa baita bai tresna, eta baita hura izendatzeko hitza ere.
Beste hitz batzuk, aldiz, ez dira oraindik desagertu, baina desagertzeko arrisku handian daude: kodaina, adibidez. Kodaina bidaia luzea egindako hitza da. Joan Corominesek egia badio (eta ez du inolako arrazoirik gezurretan aritzeko), gotikotik abiatu, latinetik pasatu eta iritsi zen guregana. Gaztelaniazko guadaña du lehengusu propioa, eta esanahi horrekin, sega esanahiarekin, alegia, erabiltzen dute Bizkaian.
Gure kosta-ertzera ailegatu zenean, ordea, beste tresna bat adierazteko balio izan zuen, arrantzale jendeak ondo dakien moduan: txibi, potxa, begihandi eta antzekoak arrantzatzeko erabiltzen den tresna bat izendatzeko, hain zuzen. Gorputz astuntxoa du, eta ertz batean hainbat orratz kakotu, gorantz okertuak. Arrantzaleak gora eta behera mugitu behar du kodaina txipiroiak arraintzat har dezan, eta tiraldi batekin txalupara igo txipiroi koitadua kodainaren orratzetan katigatuta.
Garai batean kodaina famatuenak Puertokoak ziren, baina ez hango edo hemengo portu edo kaia batekoak, Puerto de San Mariakoak baizizik. Pazientzia handiz Puertoko presoek egiten zituzten listaria trinko-trinko biribilduz kodainaren barneko arima metalikoaren inguruan. Gaur egun errazago ikusiko dituzu Koreatik ekarritakoak, batzuk argi berdexka fosfoa dutela, eta beste batzuk arrain edo ganba itxura ematen dion plastikozko estalki batekin.
Arrantza-tresna korear berriei potera deitzea ohiko da, eta kodaina izenak badu, gaixoak, Puerton geratzeko arriskua, edota Zarauzko moila zaharreko bazterren batean, kodainak gordetzeko ontziaren hitzarekin (zanbutua) batera. Hor, beraz, babesa behar duten hitz pare bat (kodaina eta zanbutu), beste askoren artean.
Arriskuan dauden animalien babeserako zooetan bazter bereziak antolatzen dira leku horietan, goxo-goxo, animalia horiek indartu daitezen eta, gero, beren leku naturaletara itzuli. Pentsatu dut hitzekin ere antzeko zerbait egin beharko genukeela. Hitz-kutxa batean bildu, han zuzpertu eta indartu, eta berriro beren leku naturaletara itzuli. Urola Kostako HITZAk aurten zabaldu nahi duen Zarauzko webgunea leku egokia izan daitekeela pentsatzen ari naiz…