Bizi eta dantzatu, elkarrekin

 

70 gazte zarauztar baino gehiago ari dira parte hartzen Five days to dance proiektuan (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

 

Ez da soilik dantza egitea. Five days to dance proiektua harago doa. Helburua soila da: dantza antzeztu bat egitea haur eta gazteekin. Hori egiten duten bitartean, ordea, «modu naturalean» bultzatzen dituzte hainbat eta hainbat balore. Besteak beste, batasuna, taldekoitasuna, taldearen garrantzia, ardura pertsonala, errespetua, lehiakortasun eza eta norberarengandik onena ateratzea. «Elkarrekin dantza egiteko gai baldin bagara, elkarrekin bizi gaitezke». Esaldi horrekin laburbiltzen dute De Loopers konpainiako dantzariek proiektua.

 

Egunotan Zarauzko Antoniano ikastetxean ari dira lanean. Astelehenean hasi ziren eta bost egunetan zehar LHko 6. mailako eta DBHko lehen mailako 70 ikasle baino gehiagorekin ariko dira lanean Wilfried Van Poppel herbeherearra, Amaia Lubeigt eta Clara Munoa donostiarrak, eta beste hainbat dantzari. Bihar jendaurrean eskainiko duten erakustaldia prestatzen ari dira. Aste honetan, beraz, dantzan murgilduta ibiliko dira zarauztar gazteak goizez zein arratsaldez, eta ez dute ohiko eskolarik jasoko.

 

Horrek badu bere funtsa; izan ere, euren ohiko rol-etatik aterako dira Antonianoko ikasleak. «Gazteek, eta bereziki adin hauetan, paper bat dute: batzuk dira lotsatiak, besteak liderrak... Batzuk atentzioa deitzeko edozer egiten dute. Eta gehienetan, erreakzioa bera da: molestatzea», dio Lubeigtek.

 

Saio hauetan, aldiz, aldatu egiten dute jokabidea. «Hasieran ohiko jarrera mantentzen dute, baina bat-batean batu eta rol pertsonalak desagertu egiten dira. Eskolako papera alde batera utzi eta batu egiten dira, aurrera egiteko», nabarmendu du Munoak.

 

Automatikoki gertatzen da hori, gainera. Dantzarien arabera, beharrak bultzatuta. «Koreografia bat egiten ari zarenean, eta pausoak etengabe aldatzen direnean, zuk ere automatikoki aldatu egin behar duzu jarrera. Terapia moduko bat da».

 

Bakoitzak du bere ardura, taldea sentitu eta taldean aurrera egiteko. «Guztiek sentitzen dute ardura hori, eta horrek batura nabarmenagoa egiten du, eta elkarrekin hazi egiten dira», azaldu du Lubeigtek.

 

Dantza, hizkuntza bakarra

Horretarako, hizkuntza bakarra erabiltzen dute proiektuko parte-hartzaileek: dantza eta mugimendua. «Gure hizkuntza dantza da, eta hori erabiltzen dugu hainbat balore sustatzeko», dio dantzari eta koreografo herbeherearrak. «Baina, bereziki, deskubritzeko mugi gaitezkeela, gure gorputza erabil dezakegula adierazteko, baino inongo lehiakortasunik gabe, onena izatearen presiorik gabe».

 

Gazteak asteartean Zinema pilotalekuan egin zuten saioan, Van Poppelen eta Munoaren gidaritzapean dantzan (A. Ventas Aldabaldetreku).

 

Haren arabera, edonork adierazi dezake zerbait gorputza mugituz, inoiz dantzarik egin ez duenak ere bai. «Gorputzeko zelula guztiekin erakutsi dezakegu zerbait», nabarmendu du. Hori izango dute beste erronka bat: «Asko laguntzen die horrek euren trabak gainditzeko, hazteko, euren buruarengan konfiantza hartu eta aurrera egiteko gai direla sentitzeko».

 

Hizkuntza hori baliatuz, askotariko arazoak lantzea dute beste helburua De Looperseko kideek. Izan ere, «koreografia bat ez da dantza soilik; zerbait gehiago da», zehaztu du holandarrak. Antonianoko gazteekin lantzen ari direnak ere badu oinarri sakona: toki batetik bestera lekualdatu behar duen talde baten bidaia irudikatuko dute. «Bizi diren lekutik aterako dira, beste leku baten bila, euren jaioterrian ezin dutelako geratu».

Gaia «berehala» egin dute bere zarauztarrek. Munoaren arabera, antzeztu eta dantzatu behar duten egoera azaldu bezain pronto, beste modu batera onartu eta bizitzen dute. «Sentitu egiten dute benetan eta horrek guri ere izugarrizko poza ematen digu».

 

Hori, bereziki, konposizioaren atalean ikusi dute koreografoek. Puntu horretan, gazteei azaldutako egoera hori euren kabuz interpretatzeko eskatzen diete. «Kasu honetan, talde baten bidaia irudikatu behar dute. Horiek kilometroak eta kilometroak egiten ari dira oinez, beste leku batera heltzeko. Gerraren ondorioz, derrigor lekualdatu behar duten errefuxiatuak bezala», zehaztu du Lubeigtek. «Aukera asko daude: mendiak gurutzatu ditzakete, desertu bat, oihan tropikalak… Guztiak daude nekatuta, elkarri lagundu behar diote. Talde txikitan banatuta, gazteek euren interpretazio librea egin behar izaten dute».

 

Horretarako, irudiekin egiten dute lan, haiek ere errazago irudika dezaten egoera bakoitza. «Ados jartzea kostatu egiten zaie hasieran, baina behin urrats hori emanda, dena barneratzen dute. Eta hori da garrantzitsuena, gero herritarren aurrean eurek bakarrik interpretatu behar dutelako», dio zarauztarrek.

 

Bihar arratsaldean erakutsiko dute aste osoan zehar landutakoa, 18:30etik aurrera, Antonianoko kiroldegian. Erakustaldia irekia izango da, eta edonor bertaratu ahalko da. Dantzari donostiarrak ekitaldiaren garrantzia nabarmendu du. «Ez da mugimendu tailer batean soilik geratu behar. Beharrezkoa da hori antzeztea jendearen aurrean, bukaera bat izatea. Harago joan behar dute, zerbait eraiki behar dute eta hori eman, erakutsi. Asko laguntzen die aurrera egiteko gai direla sentitzeko».

 

Hamargarren ikastetxea

Five days to dance proiektuak ez du abiapuntu finko bat; hainbat esperientziaren emaitza dela diote. Van Poppelek ekin zion ibilbideari.

 

Entseguko beste irudi ba (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

 

Bremengo dantza konpainian lanean zebilenean, Rythm is it filma ikusi zuen. Han Royston Maldoom koreografoak eta bere taldeak Berlingo Orkestra Filarmonikoaren laguntzarekin 250 gazte prestatzen dituzte Igor Stravinskyren Udaberriaren kontsakrazioa obra eskaintzeko helburuarekin. «Ikusgarria da film hori. Ikusi bezain pronto esan nuen ‘hori egin nahi dut, ikasi egin nahi dut’».

 

Hala, dantza kolektiboa oinarri hartuta hainbat proiektutan hasi zen lanean, horien artean, HIESaren inguruan informazioa emateko egitasmo bat eraman zuen aurrera. Astero-astero eskaintzen zituen saioak. «Hasiera-hasieratik oso gustura sentitu nintzen proiektu hauekin eta gehiago nahi nuela konturatu nintzen. Dantzari eta koreografo gisa, gauza asko eman daitezkeela konturatu nintzen, eta lan horrekin jarraitzeko dudarik ez nuen izan». Hala sortu zuen Five days to dance proiektua, eta gerora gehitu zitzaizkion Lubeigt eta Munoa.

 

Ordutik han eta hemen ari dira proiektua jorratzen: Katalunian izan dira, Alemanian, Espainian eta baita Euskal Herrian ere. 2013an Donostiako Larramendi ikastetxean grabatu zuten izen bereko dokumentala, eta hainbat sari zein aitorpen jaso ditu. Orain Donostia 2016 egitasmoaren barruan ari dira eskaintzen. Guztira, Gipuzkoako 10 ikastetxetan landu dute; Antoniano da azkenengoa.

 

https://youtu.be/TOuQh0fEpHY

 

 

 

 

Saio pedagokiko  irekiak, datorren astetik aurrera

Antoniano Ikastetxeak jardunaldi pedagogikoak antolatu ditu. Gurasoei zuzenduta daude, eta seme-alaben emaitza akademikoan zein motibazio eta portaeran eragiteko horiek prestatzea du helburu. Hiru hitzaldi eskainiko dituzte. Andoni Salvador pedagogoak bi eskainiko ditu: hilaren 19an ikasketa kooperatiboari buruz eta otsailaren 2an adimen anitzen inguruan. Urtarrilaren 26an jolas kooperatiboak izango ditu hizpide Maite Garaigordobil psikologia irakasleak. Saioak irekiak dira eta ikastetxeko aretoa nagusian eskainiko dituzte, 18:30ean.