Aritz Mutiozabal ’Zarauzko Hitza’ atariaren koordinatzailea: «Komunitate zabala osatu nahi dugu, herria bera bezain plurala»

Nerea Uranga 2016ko ots. 19a, 13:00

Aurki izango da erabilgarri Zarauzko Hitza webgune berria. Zein egoeretan dago momentu honetan?

Duela astebete jaso genuen Beta bertsioa edo probakoa, eta une honetan behin betikoa izango den hori zorrozten ari gara. Zarauzko berri emateko beharrezko lirateken atalak eta zerbitzuak jada zehaztuta daude. Bilera pare bat egin genituen urte amaieran herriko talde, elkarte eta norbanakoekin, eta saioak benetan aberasgarriak izan zaizkigu webgunea lantzeko orduan. Dena dela, xehetasun batzuk falta zaizkio oraindik, batez ere, diseinuari dagozkionak. Azken txanpan murgildu gara, eta gero eta gutxiago falta zaio erabat gorpuzteko.

Urola Kostako Hitzak ematen du Zarauzko berri. Zertan izango da ezberdin?

Urola Kostako Hitza eskualdeko ikuspegia duen hedabide bat da, eta Zarauzko Hitza, berriz, Zarautzera bakarrik mugatuko da. Herriko gertakarien isla izan nahi duen atari erreferentziala izateko jaio da. Auzoko herrietan badira oso ongi funtzionatzen duten ereduak, dela Baleike Zumaian dela Karkara Orion edo Uztarria Azpeitian. Zarautzen, ordea, ez zegoen halakorik, eta hutsune hori betetzea da gure erronka. Horrekin batera, berrikuntza nabarmen bezala, komunitatea izango du atari berriak, Urola Kosta Hitzak oraingoz ez duena.

Zer izango da zehatz-mehatz komuninatea?

Zarauzko berriak ematerakoan erreferente izateko ezinbestekoa da herriko talde, elkarte, eragile eta norbanakoek parte hartzea. Zarautz herri oso dinamikoa da, kultur, kirol eta gizarte arloan mugimendu handia duena. Beraz, talde eta eragile horiei doako tresna bat eskaini nahi diegu, egiten edo antolatzen duten horren berri eman dezaten. Komunitatearen bitartez zuzenean publikatu ahal izango dituzte euren deialdiak, ekitaldiak, iritziak eta dena delakoak. Atala multimedia izango da, gainera; hau da, argazkiak, audioak eta bideoak txertatzeko aukera izango dute. Beraz, Zarauzko Hitzak egingo duen kazetaritza lanaren osagarri bihurtuko dira komunitateko ekarpenak.

Zer nolako harrera izaten ari da taldeen eta eragileen artean?

Harrera oso ona izan du, egia esan. Aurreko hilabeteetan egin genituen bileretan, eta baita ondoren hainbatekin egin ditugun bilkuretan ere, begi onez ikusi dute proiektua. Horrelako zerbaiten beharra zegoela adierazi digute, eta horretan bat etorri dira guztiak. Bazela garaia esan digute askok.

Eta nortzuk hartuko dute parte komunitatean?

Momentuz, herriko talde, elkarte eta eragileak gonbidatu ditugu, baita norbanako ezagunak ere; nolabait ere, idazte, kazetari eta, batik bat, sare sozialetan jarduera aktiboa duten herritarrak. Gure asmoa da ahalik eta komunitate zabalena osatzea, herria bera bezain plurala. Aurkeztu diegunen artean oniritzia jaso du, baina oraindik asko dago egiteko. Hori dela eta, batzuekin aurrez aurre geratzen ari gara webgunearen beta bertsioa erakusten eta zer-nolako abantailak dituen azaltzen. Pixkanaka-pixkanaka osatzen joan beharreko atala izango da. Talde eta eragile berriak sortzen joango baitira, eta guztiei eskaini nahi diegu tokia.

Zer izatea gustuko litzaizueke Zarauzko Hitza?

Zarauzko albisteak euskaraz jasotzeko egunkari digitala. Herritar guztien erreferente izango dena. Zarauzko zerbaiten berri jasotzeko zuzenean gugana jotzeko ohitura sortzea herritarrengan. Hori lortuko bagenu, egun antzematen dugun gabezi hori ongi betetzen ari garen seinale izango da. Hori da gure erronka nagusia, eta ilusioz eta gozoz heltzeko prest gaude. Lantalde prestatua dugu horretarako, gainera.

Lantaldea aipatu duzu. Nortzuk arduratuko zarete atari berriaz?

Bi kazetari ariko gara Zarauzko Hitza webgunea elikatzen, Amaia Ventas eta biok. Zarauztarrak gara, eta eskarmentu handia dugu herri kazetaritzan. Urte mordoxka bat daramatzagu lanean Urola Kostako Hitza egunkarian, eta ezagutzen dugu tokiko hedabide baten funtzionamendua zer den. Bi kazetari ariko garen arren, Urola Kostako Hitza lantaldearen babes eta laguntza osoa dugu. Beraz, talde indartsu bat dago proiektu honen atzean. Hamabi urte hauetan herri kazetaritza txukun egin duen hedabide baten berme osoa, hain zuzen ere.