“Dantza mundua gogorra da, baina benetan merezi duena”

Zarauzko Hitza 2016ko mar. 10a, 10:59

Tamara Arruti zarauztarrak bost urte daramatza Belgikan eta bere tokia egin du dantzaren munduan. Pasa den igandean Gipuzkoako Hip Hop Txapelketako epaile lanetan jardun zuen bere jaioterrian.

Noiz hasi zinen dantzan?
Beti gustatu izan zait dantza egitea, beti irrifar batekin eta grina handiarekin egin izan dut. Horregatik, txikitan hasi nintzen dantzan, 7 urte nituela. Aerobik egiten hasi nintzen adin horrekin.  Gerora, 14 urterekin hip hop-a probatzea erabaki nuen, zerbait ezberdina eta sentimentu handikoa zelako. 18 urte bete nituenean, ordea, dantza mundua alde batera utzi behar izan nuen ikasketak zirela-eta. Kantabriara (Espainia) joan nintzen Fisioterapia ikastera.

Eten horren ostean, noiz erabaki zenuen berriro ere dantzari heltzea?
Egia esan, ez diot inoiz utzi dantza egiteari. Eskolarik ez nuen jasotzen, baina nire logelan dantzatzen jarraitzen nuen. 21-22 urterekin Belgikara joan nintzen bizitzera, eta erabaki nuen berriz ere dantzari heltzea. Izan ere, dantza egiten jarraitzeko eta eskolak jasotzeko beharra sentitzen nuen. Hori dela eta, ahalik eta azkarren eman nuen izena akademia batean. Hasieran, dantza fisioterapeuta lanarekin uztartzen nuen; lanera joaten nintzen eta arratsaldetan, berriz, dantza eskolara.  Gerora, profesional bezala  hasi nintzen dantzan, eta fisioterapia alde batera utzi behar izan nuen. Izan ere, eguna goizeko zazpietan hasi eta iluntzeko hamaiketan amaitzen nuen, eta gehiegizkoa zen hori niretzat.

Dantza estilo asko egiten dituzu. Erraztasun berezia al duzu dantzarako?
Asko gustatzen zait dantza, estilo guztietakoak ditut gustuko. Eta egia da, geroz eta estilo gehiago dantzatu, geroz eta errazagoa egiten dela. Gorputza ohitu egiten da mugimendu ezberdinak egitera. Horrek asko laguntzen du dantza bera ulertzeko eta hobeto kontrolatzeko.

Zein dantza estilorekin sentitzen zara erosoena?
Hip hop-a eta dantza garaikidearekin. Oso gustukoa dut horiek fusionatzea.

Curriculuma osoa duzu. Zer nabarmenduko zenuke zure ibilbidetik?
So you think you can dance telebistako lehiaketan hirugarren geratu ondoren, Belgikan eta Holandan master birak egin nituen, eta askotariko ikuskizunetan ere hartu nuen parte. Horrekin batera, dantza garaikideko konpainia batean ibili nintzen eta ikaragarri ikasi nuen. Musikal batean ere hartu nuen parte. Horrez gain, Finlandian eta Israelen dantzako hainbat eskola eman ditut. Ohore bat izan da. Ez didate ezer oparitu, gogor egin baitut lan.

Nola animatu zinen SYTYCD lehiaketan parte hartzera?
Txiripaz izan zen. Lagun batek bertan parte hartzeko nire izena emateko proposatu zidan, eta azkenean konbentzitu egin ninduen. Pentsatu nuen ongi pasatuko nuela eta kitto, gero bueltan etxera. Txandak gainditzen joan nintzen, ordea, eta galetan parte hartzera iritsi nintzen. Finalera heldu nintzen gero. Ez nuen espero hala gertatuko zenik.

Lehiaketara aurkeztu ziren 3.000 pertsonen artean aukeratu zintuzten, eta 18 lehiakidetatik hirugarren geratu zinen. Lorpen handia dirudi.
Bai, eta ezin gusturago nago. Esperientzia ikaragarria izan da, ahaztezina, baina gogorra. Izugarria izan da niretzat koreografo handiekin lan egitea eta dantza estilo ezberdinak deskubritzeko aukera izatea. Pentsa, tangoa eta runba ere dantzatu behar izan nituen. Gerora, lehiaketako parte-hartzaileekin batera Belgikatik eta Herbeheretatik bira bat egiteko aukera izan nuen eta hori ere oso polita izan zen.

Lehiaketa horretan parte hartu izanak ateak ireki al dizkizu?
Bai, ateak zabaldu dizkit, baina batez ere, egin nahi dudana eta egin dezakedana argi ikusten lagundu dit. Horri esker, ikusi dut aukera badudala dantzaren munduan aritzeko. Lehen ez zitzaidan burutik pasatu ere egin.
Ordutik, gogor entrenatu dut hobetzen joateko.

Bost urtetik gora daramatzazu Belgikan bizitzen. Nola izan zen hasiera?
Oso gogorra. Asko kostatu zitzaidan lana aurkitzea, nederlandera ikasi behar izan nuen, izapide ugari egin…. Hasiera guztiak bezala, beraz: latza.

Zure egoera aldatuko zen ordutik gaur egunera. Zer moduzko bizimodua daramazu orain Belgikan?
Orain askoz ere hobeto sentitzen naiz, erosoago nago. Gustatzen zaidana egiten dut, eta hori beste batzuekin partekatzeko aukera dut, gainera.

Orain, zer egiten ari zara?
Belgikan eta Herbeheretan datza eskolak ematen ditut orain, zentro ofizialetan. Beste hainbat proiektu ere baditut esku artean: bideoak, bideoklipak, ikuskizunak… Sortzen den edozerri heltzen diot. Hori oso ohikoa da dantzaren munduan. Israeldik itzuli berri naiz oraintsu. Master class-eak eta emanaldiak eskaini ditut herrialde horretan. Hori ere esperientzia ahaztezina izan da niretzat.

Zaila al da dantzaren munduan toki bat egitea?
Bai, oso zaila da. Egunero-egunero borrokatu beharra dago. Baina, aldi berean, nire pasioa izanik, bultza egiten nau aurrera jarraitzera. Denean bezala, une onak eta txarrak bizitzea egokitzen da dantzan ere. Dantzari bezala, lan pila bat izan daiteke, esperientzia ikaragarriak bizi eta  momentu horiek profesional interesgarriekin partekatu. Eta hurrengo hilabetean, ezer ez izan esku artean. Mundu gogorra da, baina niretzat benetan merezi duena.

Eta ba al duzu jaioterrira itzultzeko asmorik?
Egia esan, ez dakit zer gertatuko den nirekin. Momentua bera bizitzen saiatzen naiz, ez dut etorkizunean gehiegi pentsatzen. Etxera itzultzea gustatuko litzaidake; asko botatzen baitut faltan neure familia. Etxera itzuliz gero, baina, badakit ez ditudala Belgikan eta Herbeheretan ditudan aukerak izango.