Berrikuntzaz josita dator Pagoeta Mendi lasterketa

Aritz Mutiozabal 2016ko mar. 11a, 07:00
Sara Peña eta Nerea Amilibia iazko lasterketan (Aritz Mutiozabal).

Salbatore Mitxelena Ikastola izango da antolatzailea, eta ibilbide berria prestatu dute; 17 kilometroko ibilbide zirkularra. Aurten, maiatzaren 15ean jokatuko da.

Pagoeta Mend Lasterketaren 13. ekitaldiak hainbat berrikuntza izango ditu. Orain arte ZKEko Atletismo atalak antolatzen zuen, eta aurten Salbatore Mitxelena Ikastolak hartuko du lekukoa. Ikastolako guraso-talde batek hartu du proba aurrera ateratzeko ardura, eta gogotsu heldu diotela adierazi dute.

Lasterketa txukun bat atontze aldera, antolakuntza-batzordeak ibilbide berria prestatu du: 17 kilometrotakoa, 1.400 metroko gora-behera metatuarekin. Gainera, zirkularra izango da ibilbidea; hau da, lasterkariak ez dira bi aldiz leku beretik pasako. Lasterketa Zarautzen hasi eta bukatuko da, Aritzbatalde kiroldegiaren aurrean, eta ibilbidearen zati handiena mendi-bidea izango da. Pagoeta Natur Parketik igaroko da zenbait kilometrotan, eta Pagoeta mendiko gurutzea izango da mugarrietako bat. Ibilbidearen track-a eta bestelako xehetasunak Mugibili plataforman daude eskuragai. Era berean, lasterketari buruzko informazio guztia zabalduz joango dira antolatzaileak euren facebook atarian.

Probak aurreko urteetako "ohitura onekin" jarraituk duela nabarmendu dute: lasterketa ondoren hamaiketako eskainiko zaie parte hartzailei eta ikusleei doan. Gainera, irabazleentzako sariez gain, lasterkarien artean hainbat zozketa interesgarri egingo dituzte, batzuk lasterketa aurretik eta beste batzuk lasterketa egunean bertan.

Zozketa horietako bat Zarauzko Triatloirako dortsal bat izango da. Ekainaren 11n izango da, eta bertan parte hartzeko zeuden 525 dortsalak berehala agortu ziren, beste 500 lagun inguruko itxarote-zerrendarekin. "Hortaz, kanpoan geratu diren horiek edo beste edonork aukera paregabea dauka proba entzutetsu horretarako doako dortsala lortzeko. Horretarako, ezinbestekoa izango da batetik Pagoeta Mendi Lasterketan izena ematea apirilaren 7a baino lehen, eta bestetik Facebook-eko profilean sartu, Atsegin dut aukera sakatu eta iruzkin bat uztea". Zozketa apirilaren 8an egingo dute.

Maiatzaren 15ean jokatuko da mendi lasterketa, eta izena emateko epea zabalik dago jada. Herrikrosa.eus webgunean egin daiteke, 18 euro ordainduta.