"Arrakastatsua" izan da Old Blacks Zarautz txapelketa

Izar Bizkaia nagusitu da.

Old Blacks Zarautz beteranoen futbol taldeak antolatuta, izen bereko txapelketa jokatuko zuten lehenbiziko aldiz joan den larunbatean. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, "arrakastsua" izan dela aitortu dute antolatzaileek. Horren helburua,  futbola aitzaki hartuta, kirola eginez gozatzea izan da, ingurunea ezagutaraztea eta maila bereko taldeekin harremana estutzea. Eta estutu, estutu zuten; hiru taldeen arteko "giro ona" nabarmendu dute Old Blacks Zarautz-eko jokalariek.

Hiruko txapelketa izan zen, etxekoen, Izar Bizkaia eta Cadaquesen artean. Sprint formatuan egin zuten, 35 minutuko hiru partida jokatuz. Cadaques izan zuen aurrez aurre Old Blacks taldeak lehenbiziko saioan eta 3-1 gailendu ziren kataluniarrak. Bigarren partidan mendean hartu zuen Izar Bizkaiak Cadaques taldea, 1-0 emaitzarekin. Hirugarrengoan berdindu egin zuten Izar Bizkaiak eta Old Blacksek, puntu bana lortuz. Hori dela eta, Derioko taldeak irabazi zuen txapelketa.

Arratsaldean egin zuten sari banaketa etxeko taldearen babeslea den Naparrak tabernan. Bertan egin zieten baita ere ongi etorria taldeei, ostiralean.

"Esperientzia benetan atsegina izan da", diote Old Blacks Zarautzeko ordezkariek. Udazkenean Cadaquesen (Girona, Herrialde Katalanak) izango dira zarauztarrak.