Abian eta erabilgarri dago jada Zarauzko Hitzaren webgune berria

Zarauzko Hitza 2016ko mar. 10a, 19:31

Aro berri bat hasi da. Gaurtik Zarauzko berriak eta askotariko kontuak euskara hutsean aurkitu daitezke zarauzkohitza.eus webgunean. Hain justu ere, gaur arrtsaldean aukeztu dute atari berria Zarauzko Merkatu Plazako goiko solairuan, hainbat herritarren eta herriko eragileren babesean eginiko ekitaldian.

Zarauzko Hitzaren webgunea iragartzeko Juanfe Garcesek eginiko ikus-entzunezkoarekin hasi dute saioa. Jarraian, Ander Iruretagoiena eta Julen Portillo aktoreek hartu dute lekukoa, eta antzezlan moduan aurkeztu dute proiektua. Basarriren Ene, Zarautz maite! bertsoekin egin dute agerraldia, eta segidan euskarazko herriko komunikabideen ibilbidea begirada azkar batekin gogorarazi dute, Txaparro aldizkariari eta Urola Kostako Hitza egunkariari keinu eginez. Gaur egunera etorrita, Urola Kostako Hitzak Zarautzen ikusten zuen hutsune bati erantzun asmoz, Zarauzko Hitza webgunea sortu duela nabarmendu dute.


Merkatu Plazako horma zurian irudikatu dute atari berria, proiektore baten bitartez, eta aktoreek lagunduta. Hedabide digital berriak dituen atalen eta ezaugarrien berri izan dute han bildutakoek. Berrikuntza nabarmenena Komunitatearen atala da: herriko talde, elkarte eta eragileei zuzendutako tresna erabilerraza. Komunitatearen abantailak modu praktikoan azaldu dituzte, selfie edo autoerretratu bat egin eta euren komunitateko profilera sartuta.


Komunitatea bizi-bizi

Asko dira komunitatean erregistratu diren taldeak eta norbanakoak, eta jada euren ekarpenak egiten hasi direnak: ZarautzOn, Hotz Zarautz, EH Bildu, Skapa, Fiare Zarautz, Zarauzko Sare Feminista eta Murkil Zarauzko Dendarien Elkartea, esaterako. Horiek denak egunotan dituzten edo izango dituzten bilera, hitzordu, kanpaina eta ekitaldien berri eman dute zuzenean.


Herriko edozein talde, eragile edo norbanako erregistratu daiteke eta erabiltzaile bihurtu. Ondoren, komunitatean parte hartzeko kide egiteko eskaera egin behar du, Zarauzko Hitzatik baimenduko dena.