Surfcamp-a beste kokaleku batean eraikitzeko eskatu dute EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek

Aritz Mutiozabal 2016ko mar. 17a, 17:26
EH Bildu eta Irabazi Zarautz udal taldeko kideak gaurko agerraldian (Aritz Mutiozabal).

Oposizioko udal taldeek «oso larritzat» jo dute Udal Gobernuak proiektuari hasierako onespena ematea

Talaimendi magalean eraiki nahi duten surfcamp zentroa beste toki batean egiteko eskatu diote Irabazi Zarautz eta EH Bildu udal taldeek Udal Gobernuari. Proiektua Power Txiki enpresak aurkeztu zuen agintaldi hasieran; aurreko agintaldian ezezkoa jaso zuen, lurzoru urbanizaezinean egitea aurreikusten zelako. Otsaila amaieran, egungo Udal Gobernuak hasierako onespena eman diola jakitera eman du oposizioak, nahiz eta «udaleko ingurumen teknikariak kokapenari buruzko kontrako txosten argia idatzi duen eta Hirigintzako arduradunaren txostenean ‘zalantzarako tarte handiak’ dituela aipatzen duen».


Hasierako onespen hori Irabazi Zarautzek eta EH Bilduk otsailaren 25eko udalbatzarrean aurkeztu eta hein handi batean onartutako mozio baten ondoren etorri da. Iñurritza eta Talaimendi inguruetako landa-eremuak eta eremu naturalak zaintzearen aldeko mozioa eraman zuten udalbatzarrera. Aurkezturikoak eraztun berde-urdinaren egitasmoa indartzea zuen helburu, eta hori oztopatu dezaketen hirigintza garapenak ekiditeko ahalegin eskaera egiten zuen.


Mozioaren bost puntutatik lau aho batez onartu zituen udalbatzak. Udal Gobernuko kideek ezezko botoa eman zioten hirugarren puntuari. Bertan honako hau dio: «Plangintzan egin beharreko aldaketa oro (Plan Orokor, Partzial edota Bereziak) egin aurretik, Zarauzko Udal Plangintzako Aholku Batzordean eztabaidatuko dira».


Onartutakoari «muzin»

Otsailaren 29ko Tokiko Gobernu Batzordean, ordea, «udalbatzarrean aho batez onartu zenari muzin egin eta lurzoru urbanizaezinean ekipamendu pribatua eraikitzeko plan bereziari hasierako onespena eman zioten EAJ eta PSE-EEk», adierazi dute EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek.


Hasierako onespena emateko erabakia «oso larria» dela uste dute, «horretarako beharrezko dituen txostenik izan gabe» jarri dutelako abian. «Izan ere, beste behin, [Xabier Txurruka] alkateak baimen guztiak dituela adierazi badu ere, osoko bilkuraren biharamunean, hori gezurtatzen duen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailaren jakinarazpena iritsi zen udalera».


Halaber, «are larriago» deritzote mozioa «itxurakeriaz eta hedabideen aurrean» babesteari, eta «alderdi politiko guztiok udalbatzarrean aho batez onartutakoaren kontrako erabakiak» hartzeari. «Bilkuran herriko ordezkariok erabaki duguna ez errespetatuz, jarrera despotaz jokatzen ari dira. Onartezina da Udal Gobernuak udalbatzarekiko izan duen mespretxua». Hala, udalak ingurumena babesteko hartutako erabakiak eta konpromisoak bete ditzatela eskatu diote, eta bertan behera utz dezatela onespena. Egitasmoarekin jarraitzeko, «kokaleku egokiago baten bilaketan laguntzeko prest gaude, eta horretarako gonbitea luzatzen diogu Udal Gobernuari».


Surf zentro hori hirilurretan garatu daitekeela iritzi diote EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek, eta arrazoirik ez dagoela lurzoru urbanizaezinean kokatzeko. «Horrelako salbuespen bat justifikatzeak etorkizunean etor daitezkeen proposamenei Talaimendi magaleko ateak irekiko lizkieke». Inguru horrek  «presio urbanistikoa oso gogorra» jasaten duela diote: «Aiako lurretan egon arren, badakigu Talaimendi gainan eraikitzen ari diren Amezti baserriak zer nolako eztabaida sortu duen, kokapen, bolumen eta itxuragatik, gaur egun gaia epaitegian dagoela».