'Xiete' harria jaso du Eizmendik Aizarnazabalen

Zarauzko Hitza 2016ko mar. 21a, 10:15
Jokin Eizmendi, 'Xiete' harriarekin. (Ibon Errazu)

Bost minutuko denboran harri hori jasotzen duen lehen aldia da. Atzo, igandea, egin zuen saiakera, eta jaialdi berean parte hartu zuten Idoia Etxeberria oriotarrak eta Imanol Illarramendi 'Kortaberri' aiarrak.

 

Aizarnazabalgo Atari Soro pilotalekuan jardun zuten harri-jasotzen atzo, igandea, Jokin Eizmendi zarauztarrak, Idoia Etxeberria oriotarrak eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarrak. Eizmendik Xiete harria jaso zuen behin, bost minutuan. Bigarren aldiz altxako zuela zirudien arren, jasoaldi bakarrarekin gelditu zen. Lehen aldiz jaso du zarauztarrak harri hori denbora-tarte horretan. 

Bi Harri txapelketa, larunbatean

Datorren larunbatean, beste hitzordu bat du Eizmendik, beste hainbat zarauztarrekin batera. Izan ere, Bi Harri txapelketa jokatuko dute, Aritzbatalde kiroldegian, 17:00etatik aurrera. Eizmendiz gain, honako zarauztarrek parte hartuko dute: Mikel Lopetegi Urra-k, Iñigo Eizagirre Eiza-k eta Aia eta Zarauzko Izeta familiak; Agustin Iruretagoiena Izeta I.ak, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak, Jexus Mari Iruretagoiena Izeta III.ak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak.

Itsasotik jasotako bi harri baldar altxatzen saiatuko dira hamazazpi harri-jasotzaile. Jai Txiki harri koadroa eta Mollarri harri oboidea jaso beharko dituzte, 117 eta 121 kilokoak, hurrenez hurren.