Ekhine Eizagirreren 'Alde erantzira nabil' poema liburua aurkeztu dute

Aritz Mutiozabal 2016ko api. 4a, 14:19
Katallin Miner, Maite Egiguren Golmaio eta Edurne Epelde Pagola, goian; idazlearen aita Joxemari Eizagirre, behean (Hitzen Uberan).

Susa argitaletxeak kaleratu du, eta gaur goizean azaldu dituzte liburuaren nondik norakoak Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, Maite Egiguren Golmaioren eta Katalin Minerren parte hartzearekin.

"Intimitatea, desira, erotismoa, borroka, errepresioa, feminismoa eta identitatea" dira Ekhine Eizagirreren (Zarautz, 1984) poema liburuko gai nagusiak. Halaxe adierazi du Susa argitaletxeko editore Gorka Arresek gaur goizean Donostiako liburutegiko sotoan egindako aurkezpen ekitaldian. "Bizi baldintza oso berezietan idatzitako liburua da, eta uste dut gure literaturaren historian toki berezi samar bat izan dezakeela, bere espresioaren gardentasuna eta indarrarengatik ez ezik, bertan kontatzen diren bizi baldintzen zertzeladak literaturan oso gutxitan ezagutu ditugulako", gaineratu du Arresek.

Eizagirre Fresnes espetxean dago preso (Frantzia), eta aurkezpena bera gabe egin behar izan dute. Hala ere, bere hitzak ekarri dituzte, ekitaldirako propio idatzitako testua irakurriz. Eizagirreren lagun eta edizio lanetan lagundu duen Maite Egiguren Golmaio arduratu da irakurketaz. "Liburua azken hamar urteetako ibilbidearen uzta da, eta izenburuak aditzera ematen duenez, alderantzizko bide-zidorretan galdu edo bilatu izanaren emaitza ere bai", azaldu du Eizagirre zarauztarrak.

 

Hiru etapa nagusi

Liburuan hiru etapa nagusi bereizten direla nabarmendu du idazle zarauztarrak: lehenik, Euskal Herrian bizi zen garaia; bigarrenik, klandestinitatea; eta hirugarrenik, espetxealdia. "Liburuko olerki askok emozio jakin bat azaltzea eta transmititzea dute xede. Denboraren joan-etorrian, nire zein hurbilekoen memorian marrazten joan diren gertaeren kontakizun laburrak bildu nahi izan ditut. Ene baitako oroitzapen kuttunek bizia gal ez dezaten, berreskuratu, elkarri josi eta atondutako hitzak dira, bat-batekoak gehienak, inprobisatuak, uneak eskatzen zuelako idatziak, eta momentu txikiei arreta berezia eskaini nahi dietenak".

Emozioei estu lotuta, gorputza oso presente dago liburuan. Gainera, "borroka zaporea eta labanda usaina duen alde erantzirako bidea izan da nirea. Ehundura askotarikoa, latza zein leuna; inoiz ez laua, ordea, beti
koskaduna, malkartsua". Legaltasunaren "altitude eta latitudeetatik haragoko lurralde ezezagunetan ibilitakoa" dela dio: "Egun, ordularietako orratzak lozorroan eta lau hormetan iltzatuta diruditen ez-leku arrotz honetan izanik ere, atzera buelta etengabean, beti aurrera tiraka dabilena".

Ikuspegi feministatik idatzitako lana da, eta bertan azken urteetan feminismoaren inguruan irakurri, entzun eta eztabaidatutako zeinbat gai ere jorratzen ditu. Era berean, bizipen pertsonalei leku berezia eskaini nahi izan die: borrokaren hautua, militantzia, erepresioa, klandestinitatea eta esppetxea, kasu, baina baita desira eta autoerotismoa ere.

Joko bezala hasi zena

Kattalin Miner idazleak harreman zuzena du Eizagirrerekin, eta liburuaren bilakera nola izan zen azaldu du ekitaldian. Elkarri gutunak idazterakoan idatziak trukatzeko ohitura zutela jakitera eman du Minerrek, eta pixkanaka "bilduma izan ziteken horretaz" hitz egiten hasi zirela dio. "Duela urtebete pasatxo bera hasi zen xaxatzen ea publikagarriak ote ziren galdezka". Motibazio horrek bultzatuta, Maite Egiguren Golmaiorekin hasi zen poemategia ontzen, eta lana ataletan banatu eta gorpuztu zuen. "Azkenean, joko bezala hasi zena, oso modu naturalean iritsi da liburu bihurtzera", azpimarratu nahi izan du Minerrek.

Denbora beste modu batera neurtzen den liburu bat dela adierazi du: "Ez dut uste testuingurua oso markatua dagoenik. Nahiko atenporala dela iruditzen zait. Hiru denboretan banatutako liburua baldin bada ere, edozein denboratan emana izan daiteke". Idazkera poetikoari dagokionez, "politikoa bezala ulertzen den hori berriz definitzeko saiakera bat ikusten da". Lehen lerrora ekartzen dituen gai pertsonalak "borroka bati eta, kasu honetan, kartzelaldi bati lotuak" daudela iritzi dio Minerrek. "Horrek ekarpen berezi bat egiten diola literaturari bakarrik, baita ere zabalduko du euskal presoen iruditegia".
Aurkezpenean izan dira, besteak beste, idazle zarauztarraren aita Joxemari Eizagirre eta lagun Edurne Epelde Pagola.

Hilaren 22an, Garoan

Gaurkoa aurkezpen ekitaldi ofiziala izan da, baina bigarren aurkezpen bat ere egingo dute Zarautzen. Apirilaren 22an iznago da, Garoa liburu dendan. Lagunartekoa izango dela aurreratu du Susako editoreak, eta bertan Eizagirreren poemak irakurriko dituztel musikaz lagunduta. Bestalde, liburua Literaturia jaialdian ere presente izango dela ere jakinarazi du.

 

Erlazionatuak