«Asteburu bikaina izan da, olatuengatik zein ikusleengatik»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko api. 5a, 10:30
Aritz Aranburu zarauztarra, finalerdia jokatzen. Oier Zenitagoia

Olatuak, surf maila, antolakuntza, ikusleen babesa... Guztia «biribila» izan zela adierazi zuten sarituek.


«Izugarria». Hitz hori errepikatu zuten sarituek ere igandean, Pro Zarautz surf txapelketako sari banaketan. Olatuak, surf maila, antolakuntza, ikusleen babesa... Guztia «biribila» izan zela adierazi zuen batek baino gehiagok. Jonathan Gonzalez irabazleak berak aitortu zuen «lehenbiziko aldia» zela garaipen batekin «hunkitu» zena.  
14.26 punturekin lortu zuen txapela kanariarrak igandean, eta haren bi lagunek atera zuten uretatik bizkarrean hartuta, txalo artean: Aritz Aranburu eta Hodei Collazo surflari zarauztarrek, hain zuzen. Gonzalezek Miguel Blanco portugaldarra izan zuen aurrez aurre finalean; 8.57 puntu bildu zituen horrek. Interferentzia baten ondorioz, ez zuten kontuan izan portugaldarrak hartutako bigarren olatu onena, eta ondorioz ez zuen lortu puntu nahikoa Gonzalezi aurrea hartzeko.
Emakumezkoetan, Pauline Ado hendaiarra (14.26 puntu) nagusitu zen, Justine Dupont frantziarraren (11.90 puntu) aurretik. Lehia estua izan zen eta azkenean hendaiarrak jantzi zuen txapela. Adok adierazi zuen «asteburu bikaina» izan zela, «olatuengatik zein ikusleengatik». Ainara Aymat eta Aranburu izan dira zarauztar onenak. Aymat 9. postuan sailkatu zen emakumezkoen mailan eta « oso gustura» agertu zen, batetik, berriz ere halako txapelketa bat Zarautzen antolatu dutelako eta, bestetik, lehenbiziko aldiz emakumezkoek ere parte hartu dutelako.
Aranburuk, berriz, finalerdira heltzea lortu zuen eta  Blanco txapeldunordearen kontra jokatu zuen fasea. 16.20 puntu lortu zituen Blancok, 13.50 puntu, berriz, Aranburuk. Haren esanetan, «gozamena» izan zen txapelketa, eta, bereziki, ikusleek eskainitako babesa jasotzea.